Kolore bakarra ari da hedatzen

Kolore bakarra ari da hedatzen

N. S. O.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak, gaur-gaurkoz, Bizkaiko 81 herritako ur hornidura kudeatzen du. Hilabete gutxi barru, Busturialdeko Ur Partzuergoko hamasei herrietako hornidura ere bere gain hartuko du. Hala, Busturialdekoa desagertuta, Bizkaian ur partzuergo bakarra geratuko da. Integrazioa gauzatzen denean, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak herrien %95etik gorako urak kudeatuko ditu —gaur egun %72tik gorakoa da portzentajea—.

Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak Bizkaia osatzen duten 112 herrietatik 97tako ura kudeatuko du datorren urtetik aurrera. Denera, milioi bat bizkaitarren —herrialdeko biztanleen %90— edateko uraren horniduraz eta hondakin uren saneamenduaz arduratzen da. Udalerriez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen dute erakundea.

Bi partzuergo horiez gain, gainerako herriek euren kabuz kudeatzen dituzte urak, Mallabiak eta Ermuak salbu. Horiek Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren barruan daude. Hamahiru dira euren kasa ari direnak.

Hala ere, Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente ohiaren esanetan, “Bizkaian Busturialdekoa eta Bilbo Bizkaikoa ez dira izan egon diren partzuergo bakarrak. Eskualde bakoitzak izan du bere partzuergoa. Horiek desintegratuz joan dira, eta Bilbo Bizkaian integratzen”. Adierazi du herriei “presio” egiten dietela Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko.

Artzentalesen ere antzeko egoera salatu zuten joan den martxoan. Saneamendu sarea osatu gabe dute. Hain zuzen, %70 sarera lotu gabe dago. Iosu Udaeta alkateak azaldu zuen Europako Batasunak eta Uraren Euskal Agentziak isunak jarriko dizkietela horregatik. Eta Bilbo Bizkaia Ur partzuergoari galdetu zion zenbat kostatuko litzaiekeen obra horiek egiteak.

Artzentalesko herritar talde batek integrazioaren aurkako sinadura bilketa hasi zuen. Eta oposizioak ere bestelako alternatibak bilatzeko eskatu zuen. Esther Martinez EH Bilduko zinegotziak aitortu zuen udalerrian inbertsio handiak egin behar direla sistema egokitzeko. Hala ere, salatu zuen aldundiak ez dituela obrak diruz laguntzen udala partzuergoan sartuta ez badago: “Xantaia egiten dute. Europak ez du behartzen ur partzuergoan egotera, baina Uraren Agentziak eta Eusko Jaurlaritzak Europako araudia moldatu dute, Bizkaiko udalerri guztiak ur partzuergoan egotea nahi dutelako”.

Sartu nahi, eta ezin

Karrantzak ere zailtasunekin eusten dio zuzeneko kudeaketari. Bertako udalak sartu nahi du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan, baina ezinezko deritzote eskatu dizkieten baldintzak onartzeari.

Raul Palacio Karrantzako alkatearen esanetan, partzuergoak esan die azpiegiturak eta hoditeria egokitu behar dituztela. Kontuak egin dituzte, eta bederatzi milioi eurotik gorako inbertsioa egin beharko lukete. Aurtengo udal aurrekontua 3,7 milioi eurokoa da. Bestetik, erabiltzaileek uragatik ordaindu beharrekoa “gehiegizkoa” dela iruditzen zaie.

Errigoitik, berriz, ez du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartu nahi. Hala ere, herriek diru laguntzak jasotzeko eskubidea bermatzeko eskatu zuen bertako alkate Aintzane Arrienek, duela zenbait hilabete. Herrian behar beste ur badutela eta kudeatzeko gai direla uste du Arrienek, eta pentsatzen du tokian bertan kudeatzea dela “jasangarriena”.

Busturialdeko sarea Bilbo Bizkaiak kudeatzen duenean azpiegituretan obrak egingo dituztela adierazi du bertako teknikari Batxi Aranburuk, udako gabeziei aurre egiteko. Oizeko akuiferotik eta Zadorra sistematik aurreikusi dute indartzea hornidura. Azken horretarako, Bermeo eta Mungia artean egingo dute konexioa.