Hesi, harri eta herri

Hesi, harri eta herri

Javi West Larrañaga

Edozein bazterretara autoz iristeko beharrizan aseezin hori”. Hori da arazoaren muina, Getxoko Azkorri Bizirik talde ekologistako Luix Artola kidearen hitzetan. Hilabete hasieran gertatutako pilaketa handien harira, auzolanak egin zituzten irailaren 12an Gorrondatxe hondartza inguruko zelaia hesitzeko. Artolaren hitzetan, “salaketa auzolan” bat izan zen, “udalaren utzikeria” agerian uzteko, hain zuzen ere.

Talde ekologistak hilaren hasieran salatu zituen auto pilaketak sare sozialetan. Beroa egiten duen egunetan gertatzen dela adierazi du Artolak, eta, errepidearen bi aldeetan aparkatzeaz gain, ia ehun auto zelaian sartu eta “aparkaleku” bihurtu zutela azaldu du. Mahaiak daude ipinita zelaian jendeak erabil ditzan, baina, adierazi duenez, autoek bide berriak sortu eta zelai osoa hartu zuten. Horrek eragin zuen talde ekologistaren salaketa. Auzolanak egin baino egun bi lehenago, udalak harri handiak ipini zituen zelaiaren sarreran, eta udaltzainek isunak jarri zituzten marra horia gainditzeagatik.

Azkorri Bizirik taldearen arabera, ez da aukerarik onena, eta Artolak azaldu du ez daudela isunen alde: “Guk alternatibak eskatzen dizkiogu udalari, ez isunak jartzea”. Ez da erraza jendeari ohiturak aldaraztea. Praktikotasunaren izenean, praktika kutsagarriak nagusitu dira. Taldekoak jakitun dira aldaketek mesfidantza sortzen dutela: “Ohitura batzuk mugatzen hasten zarenean edo salatzen hasten zarenean, norberak bere ohitura eta pribilegioei eusteko joera du”.

Azkorri Bizirik taldeak plan integral bat eskatu dio Getxoko Udalari, mugikortasunaren arazoa konpondu ahal izateko. Autoaren alternatibak sustatzea proposatu dute taldekoek: batetik, inguruan dauden hiru metro geltokietatik autobusak ipiniz, eta, bestetik, Getxobizi zerbitzua hedatuz hondartzaraino. Artolak uste du leku aproposa dela bizikletarentzat, bide “erraza” eta “laua” delako. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du automobilari mugak jartzea, abiadura handian ibiltzen baitira bide horretan. Gainera, Artolaren ustez, Ibarbengoako aparkalekua aprobetxa daiteke, bertatik ere autobusak ipiniz gero. 300 bat autorentzako lekua izanda ere, hutsik egon ohi dela esan du. “Bere garaian salatu genuen alferrikako obra faraonikoa dela. Hor dago, egina dago, eta ez da erabiltzen”. Oinezkoentzako pasabideak egitea izan da egin duten beste eskaeretako bat, eta seguruak izan daitezela galdegin dute. “Ibilbide lasaiak dira, hala prestatuz gero; hau da, automobilari mugak jartzen bazaizkio”, esan du Azkorri Bizirik taldeko kideak.

Azkorri Bizirik

Bioaniztasuna, ondare

Hondartza ingurua “altxor bat” dela azpimarratu du Artolak: “Babesten ez badugu, eta gure mugikortasun eredua aldatzen ez badugu, hondatu egingo da”. Gogora ekarri du inguruko naturgune bakarrenetakoa dela, Getxo, Berango eta inguruko herrietan gertatu den eraikuntzaren hazkundeari bizirik irauten ari zaiona. “Ez gara bizi baso zabalen ondoan, baizik eta babestu beharreko kondar eskasen ondoan”. Azaldu du bioaniztasun handiko eremua dela, eta arriskuan dauden espezieen etxea, babestu beharrekoak direnak. Taldeak Gorrondatxe inguruak natura eta nekazaritza guneak direla deritzo, eta haiexek babestea lehenesten dute etxebizitzen eraikuntzaren aurretik.

Taldekoek udalari helarazi zioten zelaia hesitzeko lanen faktura, “sinbolikoki” bazen ere. “Udaltzainek esaten ziguten mesedez beste aldea ere egiteko”, azaldu du Artolak, barrez. “Haiek guri erreguka!”. Haren ustez, udaltzainei ere eragin zien udalaren “plangintza faltak”, urte osoan isunak ipini barik egon eta gero, jendea “sutan” jarri zelako erabakiarekin eta isunekin. Artolak udalari leporatu dio “arazoa ondo aztertu gabe” ari zela gauzak egiten, lasterka, sareetan eta hedabideetan sortutako iskanbilagatik. “Udalak aurrena mugak ezarri, jendea informatu eta jendeari alternatibak eskaini behar dizkio, isunen metodoa baztertuz”, adierazi du.

Azkorri Bizirik taldeak iazko udan salatu zuen udalak Gorrondatxe ondoko naturgunean biribilgune bat eraiki zuela. Auzitara jotzean, epaileak arrazoia eman eta legez kanpo egin zela ebatzi zuen. Udalak helegitea jarri zuen, baina oraindik bukatu barik dago auzia. Eskualdeko eraikuntza hazkundea Gorrondatxe inguruetara ez heltzea da talde ekologistaren helburua. “Gu ez bagara kexatzen, etorriko dira biribilguneak, espaloiak, aparkaleku gehiago… Eta hori da nahi ez duguna”, azaldu du Artolak. “Beste mugikortasun eredu bat nahi dugu”. Plan zehatzak eskatu dizkiote Getxoko Udalari Azkorri inguruko ondare historiko, kultural eta arkitektonikoa babesteko, hainbat baserri baitaude eremu horretan.