Alderdien erreakzioak

Joan den eguazteneko osoko bilkuran, Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten taldeek Unai Rementeria ahaldun nagusiak esandakoari erantzuteko aukera izan zuten.

Bea Ilardia (EH Bilduko batzarkidea)

“Rementeriak selfie partziala eta autokonplazientea egin du. Selfie desenfokatu bat izan da, moztuta eta filtro askorekin”.

“EAJk zaintza sistema eskandinaviarrarekin alderatzea gustuko badu ere, 40 urte berandu datoz. Gero eta pribatizatuago dagoen sistema da harena”.

“Aldundiak enplegu duina bultzatzeko konpromisoa hartu nahi badu, badu nondik hasi: aldundiaren zerbitzuak ematen dituzten langile guztien lan baldintza duinak bermatzea, azpikontratatutako enpresa baten menpeko langileak badira ere”.

Eneritz Madariaga (Elkarrekin Bizkaiako batzarkidea)

“Ahaldun nagusia croupier bat da, jokoa banatu baino ez duelako egiten. Herrialdearen garapenean eta etorkizunean eragingo duten erabakiak hartu behar direnean, ez dago “.

“Elkarlan zintzoaren aldeko aldarria egiten duzu, baina zu zeu zara elkarlana saihesten duzuna, eragozten duzuna. Zure gobernuaren kalitate demokratikoak asko du hobetzeko”.

Amaia Fernandez (PPko batzarkidea)

“Zurea postureo hutsa da, guri sinetsarazteko Bizkaiak dituen gaitz guztiak eta zure gobernuak proiektuak martxan jartzeko dituen zailtasunak pandemiaren ondorio direla. Batzuk bai, baina gehienak aurretik ere bazeuden”.

“2016ko salbuespena kenduta, Bizkaia izan da Euskadin [EAEn] pobrezia arriskuan bizi diren herritarren portzentaje handiena izan duen herrialdea”.

Juan Otermin (PSE-EEko batzarkidea)

“[Eusko Jaurlaritzako] Garraio Saila sozialiston esku egon denean egin dute Abiadura Handiko Trenaren lanek aurrera. Horrela izan zen Patxi Lopez lehendakari izan zenean, eta horrela izango da orain ere”.

Jesus Lekerikabeaskoa (EAJko batzarkidea)

“[Oposizioan] Hiru eredu, antzezteko hiru modu, baina emaitza beti bera da: ez dute EAJrekin argazkirik egin gura. Bizkaiaren alde lan egiteko ordua iristean, ez dute gurekin ezer jakin gura”.