Lekuen izenak

Joan den ostiralean Barakaldon bazkaldu nuela esan nion. Ea non bazkaldu nuen galdetu zidan. Azaldu nion jatetxea herriko plazatik nahiko hur zegoela, bost bat minutura edo. Bat-batean eskemak hautsi izan banizkio bezala erantzun zidan: “A, baina Barakaldo herrian!”. Berehala ohartu nintzen Megapark ingurua zuela buruan. Barakaldo esan eta berak merkataritza gune erraldoia irudikatu zuen. Zerbaitek barrena estutu zidan. Kontuak zer diren, biharamunean berriro joan behar izan nuen Barakaldora. Larunbatean BECera joan ginen ikuskizun bat ikustera. Oholtzan aritu zirenak ez ziren euskaldunak, ezta gertukoak ere, eta entzuleongana hurbildu nahian tarteka Bilbo aipatzen zuten.

BEC laburdurak Bilbo darama barnean eta ulertzekoa da Metro Bilbao deitzen den garraiobide batek bertaratu bazaitu, ez duzula motibo handirik Bilbon ez zaudela pentsatzeko. 2020an 101.000 biztanle inguru zituela irakurri dut Wikipedian; Basauriren bikoitza eta Durango hiru bider; Bizkaiko herririk jendetsuena da Barakaldo. Behin bertako lagun batekin izandako elkarrizketa batekin akordatu naiz egunotan. Abadiño inguruan McDonalds eta Burger King zabalduko zituztela jakin genuenean protestak izan ziren eskualdean. Eskualdeko merkatariei ekarriko zien kalteaz eta kontsumo ereduaz hausnartzeko parada izan genuen. Azkenean, zabaldu egin zituzten biak, eta han daude parez pare kotxez eta eskualdeko jendez beteta.

Barakaldoko lagun honek zera galdetu zidan: “Benetan zaudete horrelako negozioen aurka edo berauek zuen herrietatik hurbil egotearen kontra zaudete?”. Momentuan bien aurka nengoela erantzungo niola imajinatzen dut. Berak azkar esan zidan Barakaldoko merkataritza gune erraldoia gu lako jendez betetzen dela asteburuero; eta, beraz, ea arazoa ez ote den halako guneak gure herrietatik gertuegi izatearen beldurra. Isildu egin nintzen. Nik ere baditut Ikeako altzari batzuk etxean eta joan izan naiz sakelako telefonoren bat erostera inguru hartara.

Nire inkoherentzien zerrendara beste bat gehitu nuen. Presak, diruak eta inertziek hara eta hona naramate batzuetan, eta helburuari jarraika ingurura begiratzea ahazten zait. Halaxe bihurtu ditugu markak lekuen ordezko: Barakaldoko lurrak zeharkatzen dituen A8 autobideko zati bati Max Centerreko zuzengunea deitzen diogu, Iurretatik pasatzen den N-634 errepideko parte bati Smurfiteko zuzengunea edo Muskizetik igarotzen den A8ko zubiari, Petronor. Askotan, benetan zer esaten ari garen ohartu ere egin barik egiten dugu. Esaten duguna hutsik balego bezala aritzen gara hizketan, elkar ulertzeko baino balioko ez balu legez.

Ezer ez da kasualitate, eta kale izenak nola, errepide izenak ere hala. Muskiz ez da Petronor, Iurreta ez da Smurfit eta Barakaldo ez da Megapark. Izenak izana badakar, komeni da izanaren araberako izenak aukeratzea.