“Kontrolak behar dira”

I. Maruri Bilbao

Bilbo 30 ekinbidearen helburuetako bat oinez, bizikletaz edo patinetez dabiltzan herritarrei mugikortasuna seguruago bihurtzea da. “Batzuetan igartzen da aldaketa, eta besteetan ez”, esan du Maria Isabel Gonzalezek. Bilbon bizi da. Kontatu du egunero zeharkatzen duela Deustuko zubiaren eta San Pio X.ena plazaren arteko zebra bidea umeekin. Haren arabera, ibilgailu asko abiadura mugarik egongo ez balitz bezala igarotzen dira handik. Artxandako tuneletatik Bilbora sartzen direnean, ibilgailuek topatzen duten lehen zebra bideetako bat da Gonzalezek aipatutakoa. “Semaforoa dugu, eta, beraz, segurua da hemendik gurutzatzea. Baina eskertzen da motelago etortzen direnean; askoz seguruago sentitzen zara zubia gurutzatzean, adibidez; ibilgailuak oso azkar doazenean gehiago mugitzen dela dirudi”.

Toki berean ipini du arreta Biziz Bizi bizikletaren aldeko mugimenduko Javi Umaranek ere: “Deustuko zubian berriro ere txirrindulariak espaloitik ikusten ditugu. Zergatik? Errepidean ez direlako seguru sentitzen”. Hasieran, muga berria igartzen zela esan du, baina orain “oso gutxik” errespetatzen dutela. Neurria iragarri zutenean, Alfonso Gil alkateordeak esan zuen bidegorriak ez zirela premiazkoak izango aurrerantzean, txirrindulariek lasai joan ahal izango zutelako errepidetik orduko 30 kilometrora doazen ibilgailuen artean. “Badirudi errespetua galdu dutela, ez delako isunik jartzen. Oso erraza da errepidean 30 zenbakia eta zirkulu gorria margotzea, baina horrek ez du ekarriko jendeak abiadura txikiagoan gidatzea. Kontrol gehiago behar dira”. Hala ere, zehaztu du arazoa, batik bat, kale nagusietan eta sarbideetan topatu dutela.

Beldur eta tentsio txikiagoa

Hiria mantsoago ibiltzeko asmoa eskertu dutenak elbarriak dira. Fekoor Bizkaiko elbarrien elkarteen federazioko Irisgarritasun Arloko arduradun Aitor Esturok lehen urtebete honen balantze positiboa egin du. Esan du semaforo gabeko zebra bideetan eskertzen dutela neurria mugikortasun arazoak dituztenek. “Ez da gauza bera orduko 50-60 kilometrora dabilen auto bat edo 30era datorren bat gerturatzea. Galgatzea bera ere leunagoa da”.

Horrez gainera, abiadura txikiagoak zarata murriztea ere ekarri duela esan du. “Guztiontzat da ona kutsadura akustikoa murriztea, baina entzumen arazoak dituztenentzat zer esanik ez: komunikatzeko traba gutxiago”. Ikusmen urritasuna dutenei ere zarata txikiagoa egoteak laguntzen diela esan du: “Estimulu asko jasotzen dituzte, eta horrek tentsio handia eragiten die”.