Erakusketez harago hegan

Erakusketez harago hegan

Natalia Salazar Orbe

Museoez gozatzeko beste modu bat hasiko da gaur; hasiera emango diote musika, dantza, zinema, antzerkia, umorea, magia, argiztapena eta museoak batzen dituen jaialdiari: Musekintza, arte eszenikoen Bizkaiko lehenengo jaialdia. Datorren ekainera bitartean, hileko azken larunbatetan saio berezi bat eskainiko dute Bizkaiko foru museoetan eta Muñatones jauregian. Bederatzi ikuskizunez gozatu ahalko da zazpi leku desberdinetan.

Egoitza horiek arte diziplina desberdinen agertoki izango dira. Gune bakoitzerako argiztapen eta proiekzio apaingarri berezi bat prestatu dute. Guneok bereziki girotuko dira, horietako bakoitzean esperientzia bat sortze aldera. Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak azaldu zuenez, “Musekintzaren bidez nahi duguna da hain toki bereziotara gerturatzen direnek goza dezatela eta ezagut ditzatela arte praktika desberdinak, zenbait kasutan ezohikoak ere badirenak”. Haren esanetan, egitasmoa “bultzada” bat da arte eszenikoen sektorearentzat: “Gogor zigortu da sektore hau pandemiak inposatutako baldintzengatik”. Haren ustez, jarduerok “are gehiago gerturatzen dituzte herritarrak museoen eta arte eszenikoen eskaintzetara”.

Bilbon, Balmasedan, Muskizen, Bakion eta Bermeon eskainiko dituzte saioak. Jarraian, urtarrilera arte eskainiko dituzten ikuskizunen xehetasunak azaltzen dira.

MUÑATONES JAUREGIA

Gaur ilunabarrean, musika, dantza bertikala eta gazteluaren fatxadako hormetan proiektatutako irudiak bihurtuko dira Muskizko Muñatones jauregiko protagonistak. Mamba Beat Clubak egingo die ongietorria bisitariei, eta musika elektronikoaren soinuek girotuko dute gunea.

La Glo Circok aireko dantza ikusizuna, dantza bertikala, interpretatuko du gazteluan bertan. Sacred ikuskizuna aurkeztuko du konpainiak. Dantza eta proiekzioa uztartzen dituen saioa eskainiko du, Tracken Studio enpresarekin elkarlanean. Itsasoaren hondorik sakonenetik hasi eta galaxiarainoko bidaia baten bidez, den-dena lotuta dagoela azalduko die ikus-entzuleei: dena lotzen duen lotura sakratua.

Hori guztia XIV. eta XV. mendeen artean —bandoen arteko gerrak gertatzen ari ziren garaian— eraiki zuten gazteluan egingo dute. Eraikina monumentu multzo izendatuta dago.

Eraikin hori bera beste ikuskizun baten agertoki bihurtuko da datorren urteko maiatzeko azken zapatuan ere: antzerki tailer bat eta herri ikuskizun bat antolatu dituzte ordurako. Hain zuzen, aurretik antzerki tailer batean sortutako ikuskizun bat taularatuko dute. Hortzmuga konpainiako profesionalek antzeztuko dituzte pertsonaia nagusiak, eta tailerrean parte hartuko duten herritarrak alboan izango dituzte, eszenak antzezten.

Ordu erdiko ibilbideak antolatuko dituzte. Horietan, pertsonaia nagusi batzuk bisitarien ondoan egongo dira: jauregiaren inguruko hiru gune jakinetan geldialdiak egin, eta garaiko jarduerak interpretatuko dituzte, istorio eta pasadizo txikiak kontatzen dituzten bitartean.

ILUSTRAZIO INPROBISATUAK

EUSKAL HERRIA MUSEOA

Urriaren 30ean Gernika-Lumoko Euskal Herria museora joaten diren bisitariak film bateko protagonista bihur daitezke. Bilboko Zinemagintza Eskolak (ECCBI) film sekuentzia bat filmatuko du Amara Mosteiro zuzendariaren eskutik. Museora joaten direnek filmazioaren figurante gisa har dezakete parte, hala, zinema barru-barrutik ezagutuz. Kamerak, argiak, zine zuzendari bat eta mikrofonoak sartuko dira eraikinean, eta museoko hainbat gune bilakatuko dira filmatzeko leku.

Muntaia kudeatuko duen talde teknikoarekin batera ariko diren bi euskal aktore izango dira sekuentziaren protagonistak. Filmazioa muntatu ostean, eskuratu nahi dutenei bidali egingo diete. Horretarako, filmatzea bukatzen dutenean nahi duenak bere helbide elektronikoa utzi ahal izango du, filmaketa taldeak materiala bidal diezaien. 11:00etan hasiko bada ere, saio gehiago egingo dituzte 13:00etan, 16:30ean eta 18:00etan.

Arte eszenikoekin lotutako beste saio bat egingo dute eraikin horretan bertan, datorren urteko ekainean. Zentzumenen Akelarrea proposatu dute ordurako. Izaskun Barroso aktore eta zuzendariak antzerki esperientzia bat propoosatuko du. William Shakespeareren eskutik abiatzen da, baina Euskal Herriko errealitatera, historiara eta mitologiara hurbilduz. Esperientzia “berritzailea, poetikoa, ahaztezina” iragarri dute antolatzaileek.

OREKA TX

ARKEOLOGIA MUSEOA

Iñigo Olazabal eta Argibel Eubak osatzen duten Zukut taldeak musika eskainiko du Bilboko Arkeologia museoan. Azaroko azken zapatuan izango da. Antzinako soinuetatik abiatuta, baina ikuspegi garaikidearekin, ikus-entzuleek ezohiko erritmo eta soinuak entzungo dituzte kontzertuan.

45 minutuko lau emanaldi egingo dituzte: bi goizez eta beste bi arratsaldez. Zukut taldeak museoko bisita girotuko du, musika tresna akustikoak eskuan dituela. Besteak beste, zurezko txalaparta, harrizko txalaparta, alboka, gitarrak, kutxa flamenkoa, panderoak, pandero karratuak eta perkusioak erabiliko dituzte taldekideek.

Apaingarri gisa prestatutako argiztapenak ere lagun izango dituzte, eta ingurunea jantziko dute. Antolatzaileek iragarri dute “giro magikoa” sortuko dela. Izan ere, gogora ekarri dute Arkeologia museoak lurraldeko giza bizitzaren hastapenetara daramala bisitaria. Hain zuzen, historian 100.000 urte baino gehiago atzera egiten laguntzen du, arkeologia indusketetan berreskuratutako pieza askori esker eta ikus-entzunezko eta erakusketa baliabide ugariren bitartez.

JANIRE ETXABE

ARRANTZALEEN MUSEOA

2022ko lehen Musekintza saioa Bermeoko Arrantzaleen museoan egingo dute, urtarrilaren 29an. Leire Llanok bat-bateko ilustrazioak aurkeztuko ditu. Era horretako saio bakoitzean, musikari bat eta bi ilustratzaile inprobisaziotan ariko dira. Saiootan parte hartzen duten ikus-entzuleek gaur egun garrantzia berezia duten gai globalei buruzko gogoetak partekatu ahalko dituzte.

Bisitariek irudiak ikusteko atala atzerako proiektore baten kristalaren gainean sortuko da. Era horretan, argien eta itzalen arteko jolasa baliatuko dute egileek, antolatzaileen esanetan, “joko hipnotikoa” sortuz.