Aldundiak zahar etxeen eredu txikiagoak sustatuko ditu

Aldundiak zahar etxeen eredu txikiagoak sustatuko ditu

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko Foru Aldundiak hilabeteak daramatza zahar etxeetan zaintza pertsonalizatuagoa egiteko hartuko dituen neurriak iragartzen. Orain neurri horiek batu ditu, eta martxan jartzeko aurrekontuak eta epeak iragarri. Egoitza eredu txikiagoak sustatuko dituzte, besteak beste. Unai Rementeria ahaldun nagusiak astelehenean aurkeztu zituen iraupen luzeko zainketetan trantsizioa sustatzeko planaren ildo nagusiak. 2023rako gauzatu nahi ditu iragarritako lau proiektuak.

BIZIKIDETZA UNITATEAK

Lau ardatz nagusik egituratzen dute plana. Nabarmenena egoitzetan bizikidetza unitateak ezartzea da. Helburua da adinekoak etxe baten antz handiagoa duen eremu batean bizitzea. Horretarako, gehienez 25 lagunek osatutako bizikidetza unitateak finkatuko dituzte. Rementeria ahaldun nagusiaren esanetan, “adeitsuagoak dira; etxe baten antz handiagoa dute”. Adineko horientzako zaintzaile taldea beti bera izatea ere nahi dute.

Bizikidetza unitateen garapen prozesua pixkanaka egingo dute, era progresiboan, eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta. Prestakuntza programa bat jarri dute abian egoitza zentroekin. Bizkaiko egoitzetako hainbatetan egoiliar asko artatzen dituzte. Rementeriak azaldu du horiek denak apurka egokitu egin beharko direla: “Horietako askotan obrak egin beharko dituzte guneak egokitzeko”.

Aldaketa horien finantzaketaren zati bat aldundiak hartuko du bere gain: “Egoitzetako lekuen hitzarmenen bidez egingo dugu. Horien prezioek gora egingo dute”. Hain zuzen, aurten 94,64 euro ordaindu dute egunean adineko bakoitzeko. Bizikidetza unitate horietako egoiliar bakoitzeko 100 euro ordainduko ditu administrazioak.

Aldundiak nahi du 2023rako Bizkaiko egoitza zentroen foru sarean lekuen %35 bizikidetza unitate horietakoak izatea. Guztira, era horretako 3.000 leku izango lirateke.

ETXETIC EREDUA

Eguneko zentroen inguruan bizi diren eta mendekotasunen bat duten adinekoak monitorizatzeko, EtxeTIC proiektua martxan jarri dute, iazko urtarrilean iragarri ondoren. Bilboko Etxaniz zentroa izan da aitzindaria teknologia hori ezartzen. Bertan, 25 egoiliarri ematen diete arreta eguneko zentroko ohiko plazetan. Horiez gain, egoitzatik hurbil bizi diren 750 pertsonari laguntzeko gaitasuna ere badute, monitorizatutako sistemon bidez.

Bilboko egoitzaren ostean, beste bi batuko dira EtxeTIC eredura: egoitza berri bat Zallan, Enkarterrirako, eta beste bat Etxebarrin.

Gaur egun, Bizkaian 21.245 pertsona bizi dira mendekotasun egoeran eta familiaren zaintzarekin. Aldundiak helburu gisa ezarri du 2023rako pertsona talde horiei arreta eskaintzea EtxeTIC ereduaren bidez. Pertsona horiek monitorizatuta egongo dira etxean bertan, eta behar duten unean arreta jasoko dute etxetik hurbilen duten erreferentziazko zentroan.

ERREFERENTZIA EGOITZAK

Hirugarren ardatzari dagokionez, erreferentziazko eskualdeko egoitzak sortuko dituzte. Asmoa da inguruko egoitzek erreferentziazko zentro horietara jotzea arazo konplexuagoak dituztenean: “Sostengua emango diete bizikidetza unitateetan antolatutako egoitzen sareari”.

Era horretako lau egoitza aurreikusi dituzte. Martxan hasiko den lehenengoa Bilboko Birjinetxe egoitza izango da, eta hiriburuko zentroei lagunduko die. Unitate soziosanitario gisa jardungo du, eta elkarlanean ariko da Santa Marina ospitalearekin eta Basurtukoarekin.

LANGILEAK TREBATU

Aldundiak ezarritako laugarren helburu estrategikoa egoitzetako langileen lanbide kualifikazioa hobetzea da. Horretarako, Gizarte Ekintza saila eta aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko saila jarduketa ildo bat diseinatzen ari dira. Helburua da sektoreko profesionalen trebakuntza areagotzea. Espezializaziozko prestakuntza programa bat jarriko dute martxan. Gainera, urte osoan langabeentzako kontratazioak diruz lagunduko dituzte, prestakuntza hori egiten ari diren langileak ordezkatu ahal izateko.

Rementeria ahaldun nagusiak ardatz horien guztien helburuak azaldu zituen asteleheneko agerraldian, Bilbon: “Iraupen luzeko zainketak behar dituzten pertsonen arreta hobetzea, laguntza hori XXI. mendera egokitzea, gure arreta sistema modernizatzea eta teknologia eta azken aurrerapenak txertatzea. Hori gertutasunetik eta berehala egitea bilatzen du. Sektoreko agente guztien laguntza eta inplikazioa eskatzen duen anbizio handiko erronka baten aurrean gaude”.