Trantsizioan garrantzitsu, eta identitateen topagune: mugarrietako zenbait

Trantsizioan garrantzitsu, eta identitateen topagune: mugarrietako zenbait

A. I. A.

Bi ardatzen arabera atondu dute Zutik, zutik, zutik erakusketa: tematikoa eta kronologikoa. Gai bakoitza bionbo batean dago islatuta eta garatuta, baina, gainera, hamarkadaz hamarkada ere ordenatuta dago informazioa.

HASIERAKO URTEAK

1960. hamarkadaren bukaera du abiapuntu erakusketak; garai hartan, Bizkaiko mugimendu feminista hastapenetan zegoela azaldu du Arbaizak, eta, horrenbestez, artean “definitu gabeko mugak” zituela. “Izenik gabeko ezinegon bat zegoen, etxekotzeak eta gizonekiko harremanek eragindako bakardade sentsazio bat”. Antzeko hitzak erabili zituen Betty Friedan kazetariak AEBetako emakumeen egoera salatzeko, hamarkada berean argitaratu zen The Femenine Mystique (1963) liburu sonatuan; hain justu, obra hori ere jaso dute erakusketan, nazioarteko feminismoaren beste argitalpen ezagun batzuekin batera.

Hurrengo hamarkadan moldea hartzen joan zen mugimendua, eta “introspekzioari” ekin zioten; bereganatuta zuten jada “pertsonala politikoa” dela dioen leloa, eta eragina izan zuen aldarrikapenetan. Urte horietan hainbat mugarri izan ziren: 1976an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada sortu zuten, eta, hark akuilatuta, emakumeen inguruko jardunaldiak antolatzen hasi ziren hurrengo urteetan. Erasoen kontrako batzordeak ere abiatu zituzten. “Mugimendua irudimentsua eta urratzailea izan zen bere gorputz adierazpenean”.

Halaber, lesbianak jada hasiak ziren aitortza eske mugimenduaren barruan: ESAM Lesbianismoaren Dosierreko 1979ko testu bat itsatsi dute ataletako batean, non lesbianen borrokaren kokapenaren inguruan hausnartzen den; eskuorriak ohartarazten du “mugimendu feministaren ibilbide heterosexual nabarmenaz”.

TRANTSIZIOAN, GAKO

Feminismoaren lorpenak denbora gutxian erdietsi zirela nabarmendu du Arbaizak, eta, horrenbestez, “politika eta garai historikoa azeleratu” zituela; Bizkaiko mugimenduak ere ekarpenak egin zituen prozesu hartan. Era berean, “Espainiako Trantsizioan erabakigarri” izan zen, komisarioaren arabera. “Prestatzen ari ziren kontratu sozialaren edukia aldatu eta eraikin frankistaren eraisketa bultzatu zuen”.

Trantsizioa bukatu ondoren, feminismoak bidea egiten jarraitu zuen. Arbaizak dioenez, “egonkortu” egin zen 1980. hamarkadan, eta “aniztasuna bereganatu zuen identitateei eta egiturari zegokienez”. Ekintza politikoa ulertzeko era ugarik egin zuten bat garai hartan, eta begiraden “kaleidoskopioa” bildu zuen mugimenduak.

Abortuaren despenalizazioaren aldeko ekimenak isla du, esaterako, bionbo oso bat betetzen duen konposizioan. Folio inprimatu mordo batek argazki bat osatzen dute, zuri-beltzean, definizio gutxikoa izanagatik ere argi agertzen duena zentroan dagoen pintaketa: Anticonceptivos para no abortar, aborto para no morir (Antisorgailuak ez abortatzeko, abortua ez hiltzeko).

APARRAREN OSTEKOAK

1980. urtetako goraldiaren ondotik, barealdia izan zuen Bizkaiko feminismoak. “Olatu indartsu baten ondorengo ajea izan zen”, dio komisarioak. “Neke” zantzuak igartzen hasi zitzaizkion mugimenduari, baina, orobat, “arrasto ezabaezina aitortzen” zioten. “Onartzen zen feminismoak errotik aldatu zituela harremanak bai gizonen eta emakumeen artean, baita emakumeen beraien artean ere”.