BILBO. Bizkaiko Futbol Federazioak plan estrategiko berria du, 2024ra artekoa. Joan den martitzenean aurkeztu zuten. Iñaki Gomez Mardones presidenteak azken urtearen balantzea egiteko aprobetxatu zuen agerraldia. Oso ezkor agertu zen: “Pandemia urte honetan futbol belaunaldi oso bat galdu da oinarrizko futbolean, eta hori oso kaltegarria izango da Athleticentzat”. Ez ditu datu gaurkotuak, baina jakiten denean galeraren neurriak harridura sortuko duela ohartarazi du. “2019-2020ko denboraldi erdian jokatzeko aukerarik gabe geratu ziren umeak. 2020-2021ekoan ez zuten normal jokatu. Horrek ume asko futboletik aldentzea ekarri du: orain, batzuek futbolera baino gurago dute parkera joan”. Dagoeneko hainbat klubek futbol taldeak kendu behar izan dituztela esan du.