Ibon RG: “Artzeren arlo esperimentala gaur egunera ekarri dugu”

Ibon RG: “Artzeren arlo esperimentala gaur egunera ekarri dugu”

O. Enzunza Mallona

Ibon Rodriguez musikariak (Sestao, 1978) Ibon RG izenez ezaguna denak Joxan Artze poeta eta txalapartaria omenduko du oMorruMU baMAt ikuskizunaren bitartez. Enrike Hurtadorekin elkarlanean, Artzeren hainbat olerki hartu dituzte abiapuntu gisa, eta, ahotsa, pianoa eta txalaparta uztartuz, musika esperimentalera jo dute. Bilboko Euskararen Etxean izango dira datorren ostegunean, 19:30ean; Hi(zki)bridoak kultur zikloari hasiera emango dio ekitaldiak.

Hi(zki)bridoak zikloa zabalduko du oMorruMU baMAt ikuskizunak. Gogotsu zaudete?

Bai, jakina. Udaberri aldera jaso genuen bertan parte hartzeko proposamena, eta oso pozik gaude, eguna noiz iritsiko zain. Literatura hibridatzeko esperimentua izango da.

Izenburutik hasita, zer da oMorruMU baMat?

Joxan Artzek bere poemetan erabili ohi zuen soinuaren erabileratik dator, haren poesia bisualaren adibide bat da. Soinuak presentzia handia zuen haren lanetan, eta silaba bakoitzaren artean ma, me, mi, mo edo mu silabak tartekatzen zituen. Ondorioz, kasu honetan, orru bat esan nahi du. Eta sasi guztien gainetik liburutik aterakoa da.

Joxan Artzeren poemagintza hartu duzue abiapuntutzat. Nolatan sortu zen halako disko bat egiteko ideia?

Artze 2018ko urtarrilean hil zen; eta, urte hartako udan, haren hitzen bertsio bat egiteko eskatu zidaten Bilborock aretoan egingo zen omenaldi baterako. Niretzat Artze, olerkaria izateaz gainera, txalaparta molde berri baten asmatzailea ere izan zenez, ikuskizunean txalaparta presente egotea nahi nuen. Hortaz, Enrike Hurtado gonbidatu nuen, hura ere txalapartaren berritzailea delako, eta elkarlanean hasi ginen. Biok aritzen gara musika esperimentalean, eta, alde horretatik, elkarren arteko oreka bilatzen saiatu gara.

Omenaldi hartatik disko bat kaleratzera igaro zineten.

Diskoak gure bi garaitako lanak biltzen ditu. Alde batetik, omenaldi hartarako propio sortutako materiala dago; eta, beste alde batetik, 2020ko udaberrian sortutakoa.

Eta zergatik Artze?

1960ko hamarkadatik 1980ko hamarkadara bitarte egindako lanek berebiziko garrantzia izan dutelako, nire ustez. Oro har, oso artista musikatua izan da, baina hasiera-hasieratik argi izan genuen ez genuela bertsioen kontzertu bat egin nahi. Landu gabe zeuden kantuetara jo genuen, eta konturatu ginen haren olerki bakoitzak aukera asko ematen zituela, oso bisuala zela. Egitura bitxiak erabiltzen ditu, eta ohiko kantuen formatua apurtzeko aukera ematen du kantu bakoitzak.

A capella organikoenetik, instrumental elektronikoraino, protagonismo berezia hartzen du txalapartak zuen diskoan. Zer du musika tresna horrek?

Kontua da garai batean txalaparta galtzeko zorian egon zela. Artze gai izan zen musika tresna hori artearen mundura eramateko. Hori aintzat hartuta, guk ere protagonismo berezia eman nahi izan diogu txalapartari. Azken finean, honako galdera hau egiten genion geure buruari: “Zer egingo luke Artze gazteak gaur egungo baliabideekin? Nondik nora eramango luke txalaparta?”. Haren arlo esperimentala gaur egunera ekarri nahi izan dugu, nolabait esateko.

Diskoan inprobisazioak leku handia hartzen du. Ikuskizunean ere hala izango da?

Zalantzarik gabe. Modu librean eta etengabeko jolasean aritzen gara denborarekin eta erritmoekin. Inprobisazio librean garatzen da musika osotasunean, erritmorik gabe, tonurik gabe… Egia da emanaldietan diskoan jasotako bertsioa interpretatu ohi dugula, baina beti dago inprobisaziorako tartea.

Zer ikusiko du publikoak osteguneko emanaldian?

Artzeren lanetik abiatutako proposamen batek noraino eraman gaituen ikusiko du bertaratutakoak. Abestien arteko bidaia antzeko bat izango da ikuskizuna, nahiko dinamikoa. Izan ere, abestiak oso desberdinak dira elkarren artean, horietako bakoitza prozesu ezberdin batetik sortu delako, eta instrumentazioa ere aldatuz joango da abesti batetik bestera. Denetarik dago. Ondorioz, belarriak zabalik joatea da gakoa, eta ikuslea edozer entzuteko prest egotea.