Gaur hasiko dira palak lehian

Gaur hasiko dira palak lehian

Ibai Maruri Bilbao

Palaren hiriburu bihurtuko da Mungia berriz ere: gaurtik urriaren 30era, II. Urrezko Pala Pro binakako pala txapelketa jokatuko dute udal pilotalekuan. Lau aurrelari eta lau atzelari lehiatuko dira bikote irekietan. Hauek izango dira aurrelariak, hain zuzen: Pablo Fusto, Esteban Gaubeka, Dan Necol eta Beñat Ibarguren. Atzean, berriz, Ibai Perez, Asier del Rio, Iñaki Urrutia eta Iker Gordon ibiliko dira.

Iazko bikote irabazletik Gaubeka baino ez da ibiliko aurten txapelari eusteko borrokan, Xabier Ibargaraik ez du-eta parte hartuko: ezker eskuko atzamarretako batean lesioa dauka. Gaubekak ere ez du udako denboraldi samurra izan, arazo fisikoengatik modu irregularrean jokatu baitu: ez du lortu Bilboko Aste Nagusiko eta Pala Tour txapelketako finaletan sartzea. Uda hobea izan du Fustok, eta Mungiako lehian azken hilabeteetan izan duen bolada onarekin jarraitu nahi du. Gaubeka eta Fustoren artean ibili ohi da beti lehia; iaz Gaubekak hartu zion aurrea, eta ikusteko dago bietako zeinek eskuratuko duen txapela aurten.

Bikote irekiak izateak berezi egiten du Mungiako txapelketa. Horregatik, pilotariek sasoi betean egon beharko dute partidetako bakoitzean. “Txapelketan erregularrenak izan direnak iritsiko dira finalera”, esan du Inppala pala jokalarien enpresako Josu Urkijok. Jokalariek, partidetako bakoitzean lortutakoaren arabera, puntuak pilatuko dituzte; puntu gehien dutenak iritsiko dira finalera. 3-0 garaitzen dutenek 100 puntu jasoko dituzte; 3-1 denean, garaileek 80 eta galtzaileek 20; eta 3-2 bukatzen dutenean, irabazleek 60 eta galtzaileek 40.

“Pilotaleku zaila da, asko kostatzen zaigulako egokitzea”, ohartarazi du Gaubekak. “Pare bat jardunaldiren ondoren, partida ikusgarriak egiten ditugu”. Txapelketen artean “justuena” dela uste du Fustok, finalera “sasoi onenean” dauden laurak iristen direlako. “Partida bakoitzean bikotekidez aldatzea erronka pertsonal itzela da”. Gogoko du Mungiako frontoian sortzen den giroa: “Jende piloa etortzen da ikustera, eta haien babesa sentitzen dugu”. Gaur-gaurkoz indarrean daude neurrien arabera, 360 ikusleko muga izango dute.

Elkarteen lanari esker

Ager Izagirre Mungiako alkatearen arabera, herritarrek eurek eskatuta eusten dio udalak txapelketa honekin duen konpromisoari: “Pilota, oro har, Euskal Herriko nortasunaren parte garrantzitsua da; Mungian eta inguruan, pala”. Uribe aldean egon diren pala jokalari handiak gogoratu ditu alkateak, eta esan du elkarteek eta erakundeek “urteetan egindako lan itzelaren fruitu” dela. Carlos Sergio Atsotegi Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendariak ere elkarteei eskerrak eman zizkien euskal kirolak “XXI. mendeko kirol moderno” bihurtu dituztelako urteetako lanari esker.