Feminismoaren erritmoak

Feminismoaren erritmoak

Amaia Igartua Aristondo

Feminismoak eta musikak harreman askaezina dute: edozein manifestaziotako aldarri eta oihuak indartsuago bilakatzen dituzte batukaden burrunbek, eta protestan ari diren ezezagunak hurkoagoak egiten dituzte erritmo dantzagarriek. Ondarroako Andrabanda Feminista ere doinuez baliatzen da eskakizunak helarazteko. “Feminismoaren tresna” gisa definitu du, hain zuzen, Miren Urresti kideak, eta Irina Alkortak azpimarratu du izaera aldarrikatzailea gailentzen dela batez ere: “Feminismoa da ardatza, eta perkusioa eta ahotsa kaleak hartu eta geureganatzeko dira”.

Hamar urte bete ditu aurten taldeak: ospatzeko, Euskal Herriko Batukada Sareak erabaki du Ondarroan antolatzea aurtengo andreen banden topaketa, taldearekin elkarlanean. Urteroko ekitaldi hori, pandemiaren eraginez, bertan behera utzi zuten iaz, eta, efemeridea aprobetxatuta, Bizkaiko udalerri horretan batuko dira ostera ere banda andana bateko kideak, 120 lagun inguru, Zaldupe eskola publikoaren jolastokian.

Ikastaro baten ondorioz erabaki zuten emakumezkoez osatutako banda bat sortzea. 2011n, Bizkaiko jabekuntza eskolek perkusioari buruzko proiektu bat abiatu zuten, Emakumeen banda izenekoa, eta ikastaroak egin zituzten Ermuan, Basaurin, Bilbon eta Gasteizen; Ondarroan ere egin zuten, eta Silvia Palumbo artista argentinarra izan zen irakaslea. Jabekuntza eskolen ikasturte amaierako jaian, Ondarroan batu ziren urte hartako parte hartzaileak, feminismoaren alde eta indarkeria matxistaren aurka protestatzeko. 80 andre inguru izan ziren, denera.

“Asko gustatu” zitzaien ekintza hura; “sekulako estimulua” izan zen emakumeen jabekuntzarako, Urrestik dioenez, eta, gainera, “eragina” izan zuten “kaleko eraldaketan”. Hori hala izanda, jarraitzea erabaki eta elkarte bat sortu zuten, finantzaketarako eta diru laguntzetarako molde aproposena iruditu baitzitzaien. Gaur egun, hamabost kidek osatzen dute taldea, baina hura sendotzea dute jopuntuan; horretarako, perkusio ikastaroak egiten dituzte urtero, Batukada Sarekoekin batera, jendea erakartzeko.

Emakumeen jabekuntza dute xede, eta haren hiru alderdi nabarmendu ditu Urrestik: pertsonala, kolektiboa eta politikoa. “Hirurak dira inportanteak, elkar elikatzen dute, eta ezin dira bata bestea gabe ulertu”. Horrenbestez, hirurak lantzen dituzte taldean: “Asko lantzen dugu bakoitzaren jabekuntza; taldekoa ere bai, elkarrekin entseatzen dugulako, eta batak txarto egiten badu, albokoak ondo egiten duenez, igarri ere ez da egiten”. Beste horrenbeste jabekuntza politikoari dagokionez. “Zentzu zabalean ulertzen dugu: hau da, gure helburua da jendarte matxista eraldatzea, eta gizarte hobea eta feministagoa egitea”.

Horiek horrela, Martxoaren 8 eta Azaroaren 25 bakoitzean manifestazio zaratatsua egiten dute. Horiek dira egunik “garrantzitsuenak”, Alkortaren hitzetan. Horrez gain, udalerritik kanpo ere jotzen dute, nahiz eta hasierako urteetan gehiago irteten ziren; hala ere, lantzean behin heltzen zaizkie proposamenak. “Denon artean pentsatzen dugu ea gure irizpideekin bat datozen edo ez, eta horren arabera erabaki”. Adibidez, Bilboko Aste Nagusian eta nesken futbol selekzioko partida batean aritu ziren.

Ekintza musikalak ez ezik, bestelako esku hartzeak ere egiten dituzte bandako kideek: esaterako, Ondarroako Emakumeen Kontseiluko kide aktibo ere badira. Emakumeen foro “bateratzaile eta eraginkorra” begitantzen zaienez, han egotea izan zuten jopuntu hasieratik, diotenez. Etxelila Emakumeen Topalekua sortzeko prozesuan ere hartu zuten parte, eta egun han dute biltegia, baita bileretako tokia ere, eta hortik hasten dituzte kalejirak.

Etengabeko saretze lana

Biharko topaketari esker, Gasteiz, Mendialdea (Araba), Donostia, Tolosa, Zarautz, Errenteria (Gipuzkoa) Bilbo, Basauri eta Durangoko bandekin egingo dute bat. “Sare batean gaude, eta, azkenean, oinarri berdinak edo antzekoak ditugu”, dio Naiara Burgoa kideak. “Nahi dugu ikusi bakoitza nondik datorren, zeintzuk diren helburuak, eta, batez ere, zeintzuk diren hemendik aurrerako erronkak eta denon arteko helburuak. Elkar ezagutu eta bultzatzea da kontua”. Urrestiren arabera, hainbat tokitako emakumeak batuko direnez, bakoitzaren “berezitasunak eta aberastasunak jasoko” dituzte.