Bizkaiko feminismoa, xehatuta

Bizkaiko feminismoa, xehatuta

Amaia Igartua Aristondo

Bizkaiko feminismoaren bigarren olatuaren memoriak jagole asko izan ditu: garai hartako ekintzaileek mugimenduak utzitako arrastoak gorde eta babestu izan dituzte urte luzez, aldarrikapenen hasierako uneen eta sendotzearen oroigarri gisara. Kartelek, eskuizkribuek, akta mekanografiatuek, pegatina deigarri zein solemneagoek, fotokopiek eta fotokopien fotokopiek osatzen dituzte ondare pertsonal horiek, besteak beste. Alabaina, materialok kasik ezkutuan izan dira kasu askotan, jazoeretan parte hartu zutenen etxeko apal eta kutxetan gordeta, helarazi gabe.

Orain, dokumentazio oparo hori batu, eta Bilboko Zabalgune eraikinean jarri dute ikusgai, Zutik, zutik, zutik! Mugimendu Feministaren Historia eta Memoria Bizkaian (1968-1994) erakusketan; urriaren 6ra bitartean bisitatu ahal izango da. EHUko Esperiencia Moderna ikerketa taldearena izan zen ideia, Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroa batu zitzaion berehala, eta Eduardo Hurtadok eta haren taldeak apailatu dute bilduma. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

Erakusketak hizpide dituen urteetan, mugimendu feministak “hankaz gora” jarri zuen mundua, Mercedes Arbaiza komisarioaren hitzetan. “Emakumeek esparru pribatuaren ataria zeharkatu zuten humanizaziorantz. Andre izateko forma berriak proposatu zituzten, eta normaltasun maskulinoa hautsi zuten, jendaurrean hitz egitea erabakita”. Aldaketok modu “irudimentsu” batean agertzen ditu erakusketak, Arbaizaren iritziz.

Funtsean, orainaldi “urgentetik” egindako atzera begirakoa da bilduma, eta politika feministarekin lotutako gaiei “zeharkakotasunez” heltzen die: hala nola sexualitatea, lana, indarkeria matxista, hezkidetza, lesbianismoa eta ekintza zuzena eta asanblearioa jorratu dituzte, ardatz bakoitzari bionbo bana eskainiz, eta artxibo original bat bera ere erabili gabe. “Erakusketak islatzen du borrokak izan duen prekaritate egoera, baita tresnei eta materialei dagokienez ere”, komisarioaren arabera. Era berean, helburu izan dute “objektuetatik urruntzea, ez tratatzea ukiezinak balira bezala; nostalgia saihestea”.

Zutik, zutik, zutik 2

Formalki ere bai

Edukiaren bitartez ez ezik, formalki ere islatu dituzte mugimenduaren askotariko ertzak. Bionboak dira euskarri nagusiak, eta ez da ausazko erabakia izan, komisarioak azaldu duenez. “Bionboa lotuta dago etxekotasunarekin, biluztearekin, zaurgarritasunarekin; baina baita lubakiarekin ere, babesteko beharrarekin”. Feminismoaren aniztasunaren metafora bezala baliatu dituzte: mugikorrak dira, beraz, alda daitezke, mugimendua urteetan aldatu den modu berean; gainera, orriak zabaldu daitezke, hedagarriak dira, hortaz.

Bionboetan itsatsitako materialek “interpretazio” bat osatzen dutela adierazi du Arbaizak, eta, horrenbestez, “marjinak eta itzalak” dituztela; alegia, oraindik betetzeke edota argitzeke dauden bazterrak. Halaber, ez dago erakusketa bisitatzeko modu bakarra, hainbat ibilbide egin baitaitezke. “Ez dago manera bakarra ez feminista izateko, ez erakusketa ikusteko”. Era berean, dokumentuetako batzuek eskuz egindako anotazioak, ezabaketak eta eztabaidak jasotzen dituzte, askotariko iritzien erakusle.

Bionboez gain, beste hainbat elementu erabili dituzte dokumentuok kokatzeko. Zabalgune eraikineko aretoaren erdigunean mahai beltz handi bat jarri dute, feminismoaren inguruko hainbat argitalpenekin. Aldamenean, idazmahai klasikoen formako erakustoki bat dago, hezkuntzarekin zerikusirik duten gaiei leku egiteko: hezkidetza eta sexu heziketa nabarmentzen dira bertan paratutako liburuetan. Hondoan, manifestaldietako hainbat pankarta daude, eta, aldarri feministez gain, igitaiaren eta mailuaren sinbolo komunista ere ageri da, baita euskara ere: zintzilikatu duten oihal fuksia batean nabarmentzen da, letra horiz, Emakume, erantzun itzazu eguneroko erasoak leloa.

Jakintza birpentsatu

Ezagutzaren iturriak ere auzitan jartzen ditu proiektuak, Miren Llona historialari feminista eta Maite Albiz zentroko kidearen hitzei erreparatuta. “Dokumentazio zentroa bezala, erakusketa ernatu da jakintza ekoizteko zentro handiekiko errezelo batetik: liburutegiek, artxiboek, unibertsitateek eta bestelako instituzioek beren egia inposatu izan dute denbora luzez, eta ez dituzte aintzat hartu emakumeen protagonismo soziala, politikoa eta kulturala”. Kontrara, bestelako iturrietatik elikatu da atzera begirakoa: Pilar Perez Fuentes, Elena Sarasola, Mikel Alonso, Mikel Toral, Ana Gutierrez, Begoña Mendia, Marta Brancas eta Llona beraren artxibo pertsonaletatik, baita AHOA Memoria, Ramon Rubial fundazioa eta Lanbroa kolektiboaren edukietatik ere.