Bilboko lesbianen borrokako irudiak ikusgai La Tallerren

Zabalguneko eraikinean ez ezik, Bilboko La Taller galerian ere erakusten ari dira egun Elena Sarasolaren argazkiak. Zutik eta sutan. Bollerak eta aktibismoa Bilbon, 1986-1992 erakusketan, Bizkaiko hiriburuko lesbianen ekintzen 62 argazki bildu dituzte, zuri-beltzean. Manifestazioetako irudi andana bat daude, baina baita festa giroan ateratakoak ere.

Sarasolak argazkilari gisa egiten zuen lan garai hartan, eta feminismoan ere bazebilen, beraz, aldarrikapenen argazkiak egitea otu zitzaion. Zutik, zutik, zutik erakusketaren osagarri gisa aurkeztu dute La Tallerreko bilduma: lehenak mugimendu feminista osoa du hizpide; bigarrena, ordea, lesbianen militantzian zentratzen da.