Basic

Harreman polimagikoak ditut garagardoarekin. Ez naiz marka jakin batekin bakarrik oheratzen. Boladaka nabil, postureoak eta poltsikoaren diktadurak eskatutakoaren arabera. Aspaldi Leffe botilak hartzen nituen etxerako. Belgian beer, you know. Bazuen zerbait cool-a. Gero, baina, Kelerren besoetan kateatu nintzen. Donostiako pisuko hozkailu erdia lata horiz beteta izaten genuen. Hirian integratzeko era bat zen, nahiz eta gerora jakin genuen zerbeza etxe horrek ez zuela ekoizpenik Donostian. Imajinatzen dut jabetze horrek izango zuela eraginik libidoan, zeren, tira… aitortuko dizuet. Kelerri adarrak ipini nizkion. Orain Eroskiko garagardoarekin nabil. Poltsikoaren diktadurak hala eskatuta produktuen oinarrizko ligara jo dut. Eroskiren Basic kategoriara.

Hozkailu laurden Aurum latekin beteta daukat. Eta, aizue, harro nago. Gaztetu bezala egin naiz. Esango nuke nire bizitzaren une honetan gertuago nagoela gazteriagandik auzoko poteatzaileengandik baino. Hurrago sentitzen ditudala nerabeek supermerkatutik kale izkinara garraiatzen dituzten San Miguel, Beefeater eta Don Simonak, tabernetako hozkailuetan dauden Piérola, Seagram’s edo Beroniak baino. Azken egunotan, behintzat, bai. Gertu sentitu ditut Elorrion, Galdakaon, Plentzian eta beste hainbat herritan gertatutakoak. Eta alarma piztu zait, aitatxito instituzioak zenbaitetan ez ote duen bereizkeriaz jokatu. Ez ote duen kale zurrutaren modalitate bakoitza desberdin tratatu. Hau da: gauez, plazan edo herriko periferian egiten den hori, eskuetan plastikozko baso bat hartuta egiten den kale zurrut hori, ez. Ez du onartu. Eta, aldiz, domeka eguerdian jendez betetako terrazan egiten den hori, eguzkitarako betaurrekoak ipinita eta eskutan Canei bat hartuta praktikatzen den hori, bai. Zalantza dut ez ote duen klasearen arabera bereizi. Alkohol klasearen edo diru-sarrera klaseen arabera.

Ai, pitxin. Ez dakit. Izango da 30 urteen krisian sartuta nagoelako edo gazteekiko enpatia sentitzen dudalako. Auskalo. Baina iruditzen zaidana da gazteak haien adin tarteari dagokion betebehar soziala egiten ari direla. Kitto. Ez gehiago, ez gutxiago. Nahi dutelako ondo pasatu, jendea ezagutu, sozializatu, lagun berriak egin, esperimentatu, dantzatu, ligatu… eta euretako hainbatek, gura dutelako belaunaldi zaharragoek haiei utzitako mundua aldatu. Gazteriak belaunaldi guzti-guztietan bete izan duen misio soziala horixe delako: “Nire aitaren etxea irauliko dut”. Bai. Zaharrunoagoak garenok ondo identifikatzen ditugu kale zurruta eta iskanbila, baina badirudi ez gabiltzala lerro arteko irakurketan asmatzen. Zarata begi-bistakoaren atzean gazteak haien adin tarteari dagokiona egin ahal izateko espazioak exijitzen ari dira. Pandemia hasi zenetik horretarako aukerak kendu zaizkielako osasun neurrien logika beharrezkoari jarraituta, baina trukean ez zaielako alternatibarik sortzen utzi. Eta hori, Aurum garagardoa lez, oinarrizko zerbait da. Basic.