Askotariko kultur diziplinen nahasketa

Askotariko kultur diziplinen nahasketa

Olatz Enzunza Mallona

Literatura eta ahozkotasuna. Bi diziplina horiek ditu ardatz Bilboko Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Hi(zki)bridoak kultur zikloak. Iaz abiatu zen aurreneko aldia, baina otsailean, programako lehen emanaldia eskaini eta berehala, bertan behera geratu behar izan zuen zikloak, pandemiaren eraginez. Urte gorabeheratsua izan bazen ere, udazkenera atzeratu zituzten emanaldi guztiak, eta aurrez aurre ez ezik, streaming bidez ere zabaldu zuten saioak ikusteko aukera, garai hartan indarrean zeuden murrizketei aurre egin ahal izateko. Kasuak kasu, aldi “arrakastatsua” izan zen, antolatzaileen hitzetan, eta aurten, bigarrenez antolatzeko hautua egin dute. Bertsoak, musika, literatura eta artea hibridatuko ditu aurtengo egitarauak, eta irailaren 23tik abenduaren 17ra bitarte bost emankizunez gozatzeko aukera egongo da.

Ibon RG eta Enrike Hurtado musikariek sortutako oMorruMU baMAt ikuskizuna izango da lehenengoa, irailaren 23an. Joxean Artzeren olerkiak oinarri hartuta, txalaparta interaktiboa, autotxalaparta eta soinua eraldatzeko programak uztartuko dituzte artistek ahotsarekin, pianoarekin eta txalapartaren hotsarekin.

Horren ondoren, urriaren 7an, literatura, bertsolaritza eta musika uztartuko dituzte zikloan. Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak idatzitako Dendaostekoak liburua oinarritzat hartuta, literatur bertso-saioa egingo dute: Alberdik eleberri horretan oinarritutako gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran bertsolariei, eta Aitor Novoa saxofoi jotzaileak musikaz jantziko du ikuskizuna.

Mirande emanaldia urriaren 29an izango da. Jon Miranderen olerkietatik abiatuko da musika egitasmoa, eta Elena Setien musikariak, Xabier Erkizia soinu artistak eta Grande Days musika taldeak zuzeneko aurkezpena egingo dute, musika, artea eta literatura uztartuz.

Azaroaren 11n, berriz, zientzia fikziozko bertso saioa izango da. Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria bertsolariak arituko dira kantari, eta Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo idazle eta itzultzaileak arduratuko dira emanaldiko gidoiaz.

Anarik emango dio amaiera aurtengo kultur zikloari. Berez, iaz zen aurkeztekoa Habiak (Esan Ozenki, 2000) diskoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa. Izan ere, hogei urte bete berri ziren musikariak 2000. urtean Habiak diskoa kaleratu zuenetik. 11 artistak pieza bana sortu zuten Anariren musika oinarri hartuta, baina pandemiak ezinezko egin zuen irekiera. Hain zuzen, artista hauek dira erakusketan parte hartuko dutenak: Izibene Oñedarra, Idoia Beratarbide, Uxue Pascual, Zaloa Ipiña, Nagore Legarreta, Marrabila, Okene Abrego, Ramon Zabalegi, Maite Arbonies, Txakur Gorria eta Alaia Gaztelumendik. Joan den urtean bertan behera geratu zen saio bakarra izan zen, baina aurten berreskuratu ahal izango dute, abenduaren 17an. Erakusketaz gainera, Anarik disko hartako hainbat kanta eskainiko ditu zuzenean.

Zuzeneko emanaldiez gainera, streaming bidez ere izango da saioak ikusteko aukera. Hala ere, bertaratu nahi izanez gero, ezinbestekoa izango da gonbidapena eskuratzea. Sare sozialen bitartez emango dute jarraitu beharreko urratsen berri, saio bakoitza baino hamar egun lehenago.

Berritasun nabarmena

Irailetik abendura bitarte egingo diren bost emankizunez gainera, aurten 3.000 euroko beka bat ere jarri dute martxan. Euskarazko kultur ekitaldi bat sortzen laguntzea da asmoa, eta, aldi berean, hainbat diziplinatako sortzaileen arteko elkarlana sustatzea eta indartzea lortu nahi da. Zeharlerro gisa, euskara hutsezkoak izan beharko dute proposamenek, formatu txikikoak, eta dirua gidoia eta emanaldia bera garatzeko erabiliko da. Lanak aurkezteko epea azaroaren 22an amaituko da, eta proposamen irabazleak datorren urteko jaialdian estreinatuko du ikuskizuna, Bilboko Euskararen Etxean.

Bekako epaimahaiari dagokionez, bost kidek osatuko dute: Eneko Sagardoi aktoreak, Lutxo Egia idazleak, Haizea Barcenilla arte kritikariak, Onintza Enbeita bertsolariak eta Iurdana Acasuso Azkue fundazioko zuzendariak. Epaimahaiak abenduaren 20an emango du hartutako erabakiaren berri.