Kirolariak burbuiletan egongo dira

Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketako antolatzaileek kirolarien segurtasuna bermatzeko neurri guztiak hartu dituzte. Hoteletan bakartuta egongo dira, taldekako burbuiletan, eta Getxoko Fadurako kiroldegira lehiatzera joateko soilik aterako dira. Ezingo dute egin turismorik, eta jateko ere ez dira elkartuko hotelean.

Getxora ailegatu ahala, parte hartzaileek PCR negatiboa erakutsi beharko dute. Ondoren, antigeno testak egingo dizkiete.

Lehia ikustera joango diren zaleen kopurua ere mugatua izango da. Soilik 300 lagun sar daitezke, %30eko edukiera muga dago eta. Sokatiramundiala.com web orrian izena eman behar da, eta hilaren 13an banatuko dituzte sarrerak.