Egitarau “dibertigarria” herrigintza berpizteko

Egitarau “dibertigarria” herrigintza berpizteko

Amaia Igartua Aristondo

Erraldoien eta buruhandien konpartsa bat, dantza ikastaroak, Olentzeroren etorrera, eta, duela pare bat urtetik hona, baita hitzaldi zikloak ere. Askotarikoak dira Erandioko Gautxoriak elkarteak antolatzen dituen ekintzak, eta beste bat gehitu diote zerrendari: Eureka Domeka kultur zikloa. “Pentsatu genuen pandemia sasoi honek eskatzen zigula dantzatu eta elkarrekin ondo pasatu ahal izatea”, Iñigo Astiz kidearen arabera. Hain justu, irizpide horri jarraitu diote egitaraua osatzeko: Miren Narbaiza Mice kantautorearen emanaldiarekin hasi zen zikloa, iragan igandean, eta hileko gainerako hiru domeketan egingo dituzte gainontzekoak: hurrenez hurren, komiki inprobisatuen ekitaldi bat, bertso saio bat eta Westfalia Txou System taldearen kontzertua. Denak izango dira Erandioko malekoia deitzen dioten pasealekuan —euria egitekotan, Altzagako Gazte Txokoan—, 18:00etatik aurrera.

Astizen hitzetan, pandemiaren hilabeteetan “zaila” egin zaie ezer antolatzea. Dioenez, udalek, aldundiek eta Jaurlaritzak sustatutako ikuskizunak egin izan dira “nagusiki”, eta gainerako ekintzaileak “zain bezala” egon dira, batetik, neurrien etengabeko aldaketek oztopatu egin dutelako ekitaldiak antolatzea, eta, bestetik, gauzarik txikiena ere programatzeak “ardura maila ikaragarria” zekarrelako. Horrenbestez, joera horretatik irteteko ahalegina ere bada zikloa, hein batean. “Asmoetako bat da herrigintzatik datozen elkarteek antolatutako egitarauei ere bide ematea; hastea berreskuratzen galduta zegoen mugimendu bat, edo etenda egon behar izan duen ekiteko modu bat”.

Helburu hori lortzeko, eskaintza “dibertigarri” bat taxutu dute sustatzaileek; euskara izan da hura osatzeko ardatzetako bat, eta saiatu dira “denetarik” egon dadin, Astizek azaldu duenez. Formatu txikiko emanaldietara jo, eta kalea aukeratu dute topagune moduan, bai segurtasunagatik, bai tokia aldarrikatzeko: “Kalea berreskuratzen hasi nahi dugu kultur ekitaldiak antolatzeko gune gisa”. Hitzorduak igandeetan egitea erabaki dute, “ohikoa ez” den egun batean, alegia, “ahaztutako asteko eguna delako”.

Narbaizaren doinuek hasi zutenari marrazkiek emango diote jarraipena, datorren domekan. Komiki inprobisatuen saioa egingo dute Unai Iturriaga eta Dani Fano komikilariek, Astizen gidaritzapean. Bertso saio baten antzeko ikuskizuna izango da, baina, proposatutako gaia hitzez garatu beharrean, irudi bidez emango diote forma parte hartzaileek. “Marrazkilariak zuzenean marrazten ikusteko aukera izango du jendeak. Ez da asko programatzen, baina egiten den aldiro sekulako arrakasta izaten du; kasik mirakulu bat dirudi ikusteak zer azkar pentsatu eta marrazten duten”.

Bertso saio bat egingo dute hurrengo domekan, irailaren 19an; ohiko moldea edukiko du, baina “berezia” izango da, orobat, Gautxoriak-eko kideak adierazi duenez: izan ere, Nerea Ibarzabal eta Eli Pagola bertsolariak gasolino-an ariko dira kantuan, ia 100 urte dituen ontzi batean, eta ibaiaren ertzean egongo dira entzuleak. Westfalia Txou System taldeak itxiko du zikloa hilaren 26an, abestien bertsioekin egindako ikuskizun batekin.

“Korronte kontra”

Eureka Domekak badu xede, besteak beste, “euskaraz gozatu ahal izateko aukera” ematea herritarrei, Astizek nabarmendu duenez, euskara baita Gautxoriak-en oinarrietako bat. Elkartea sortu zen gazteei eta haurrei aisialdirako eskaintzak egiteko, eta jatorrian ez zuen hizkuntza jopuntuan, baina, urteekin, ildoa aldatu, eta beste irizpide batzuk bereganatu ditu. Gaur egun, euskara da haren “aldarri nagusietako bat”, hala nola herrigintzarekin eta feminismoarekin batera.

Aparteko esfortzua eskatzen duen helburua da, elkarteko kidearen hitzei erreparatuta: “Beti dago euskarazko ekitaldien hutsunea, ibaiaren korronte nagusiak dakarrenean gure aisialdi eta kultur kontsumo guztia izan dadin gazteleraz edo ingelesez; korronte kontra egin behar duzu kontsumo orokor horretan euskarazko kulturgintzari zirrikitu bat irekitzeko”. Erne egon beharra ere badute, era berean. “Orokorrean, eta Erandion ere bai, beti eduki behar da alarma piztuta euskararekin, bestela berehala erortzen baitzara korronte nagusi horretan”.

Inertziei kontrakar egiteko, zer eskaini? Programatzaile orok bezala, Gautxoriak-eko kideek ere asko hausnartu dute antolatzen dituzten ekitaldien inguruan. Areago, elkartea “berritzeko, berpizteko eta berrabiarazteko beharra” antzeman zuten orain dela hiru urte. Bazkide batzuk astero biltzen hasi ziren bide berriak planteatu eta eztabaidatzeko, edo “elkarteari funtzionamendua eta makineria koipeztatzeko eta bizitasuna emateko”, Astizen hitzetan. “Ikusi genuen bazegoela gogoa bestelako gauza batzuk proposatzeko, eta hasi ginen hitzaldi zikloak antolatzen, erraldoien inguruko liburuxka bat egiteko asmoa ere badugu… Ordura arte egiten ez genituen gauza batzuk egiten hasi ginen”.

Zikloak irekitako bidetik

Astizek dioenez, elkartearen asmoa da Eureka Domekak bide eman dezala gero eta gehiago izan daitezen herri ekimenetik sortutako ekitaldiak. Dagoeneko badute burutan zer egin kultur zikloaren ondoren: hitzaldi programa bat, hain zuzen. Kontsumo gaiak, elektrizitatearen buruaskitasuna eta basoen bioaniztasuna landuko dituzte saioetan, beste gai batzuen artean. “Jendea elkartu nahi dugu kezka sortzen diguten gaien inguruan”.

Urrian antolatzeko asmoa dute, baina, “erloju kontra” ari direnez, azaroan egingo dute seguruenik. Horrez gain, dantza ikastaroak ere aurreikusiak dituzte, eta Olentzeroren etorrera ariko dira prestatzen abendura bitartean, herriko beste hainbat elkarterekin eta dantza talderekin batera. Hortik aurrerakoei dagokienez, norabidea bederen zehaztua dute: “Gure asmoa da elkarteen artean elkarlanerako bideak irekiz joatea”.

Ekitaldiak

Ikuskizun guztiak Erandioko malekoia deritzen pasealekuan izango dira, 18:00etan.

Etzi

Komiki inprobisatu saioa. Unai Iturriaga eta Dani Fano. Gai jartzailea: Iñigo Astiz.

Irailak 19

Bertso saioa. Nerea Ibarzabal eta Eli Pagola. Gai jartzailea: Beñat Vidal.

Irailak 26

Musika. Westfalia Txou System. Abestien bertsioak egingo dituzte, euskaraz.