Dominei tiraka

Dominei tiraka

Ibai Marurri Bilbao

Datorren eguenean —irailaren 16a— hasiko da Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa, Getxon. Hemezortzi herrialdetako ia 600 kirolari etorriko dira; 39 klubek eman dute izena, eta, guztien artean, 73 talde osatu dituzte. Eguenean eta barikuan, kluben arteko lehia izango da; zapatuan eta domekan, berriz, selekzio nazionalen artekoa. Iaz jokatu behar zen txapelketa da, COVID-19aren pandemiagatik atzeratutakoa. “Hasieran uste genuen txanda pasatuko zutela, nazioarteko federazioarentzat errazena hori zelako. Baina guretzat gogorra izango litzateke. Euskal Herriko Herri Kirolen Federazioak eta euskal erakunde publikoek lan itzela egin dute hori eragozteko”, azaldu du txapelketako komunikazio arduradun Amaia Ocarinek. “Nazio moduan joaten gara mundu osora txapelketetan lehiatzera; oraingoan, Euskal Herrira etorriko dira mundu osotik, euskal selekzioarekin lehiatzera. Hori itzela da guretzat”, esan du Euskal Herriko Herri Kirol Federazioko presidente Igor Duñabeitiak.

Euskal Herriko lau klubek parte hartuko dute: Getxok, Erandioko Goiherrik eta Laukizko Gaztedik, Bizkaitik; Mutrikuk, Gipuzkoatik. “Kirolariak kementsu, ilusioz eta gogor daude; puntu-puntuan Euskal Herriko lur gaineko txapelketak jokatu ondoren. Apur bat deskantsatu dute, eta, orain, datorren asterako prestatzen ari dira”, esan du federazioko buruak. Uste berekoa da Gaztediko presidente Jose Antonio Goirigolzarri Litri ere. “Ondo prestatuta gaude: Euskal Herriko txapelketa denak irabazi ditu Gaztedik, eta prestakuntza ere ondo daroagu”. Dominaren bat etxeratzeko asmotan joango dira Goiherrikoak ere: “Ahal izan dugun ondoen prestatu gara. Gure asmoa izan da aurten txapelketaren bat irabaztea, baina ezin izan dugu lortu. Gaztedi gu baino indartsuago egon da. 560 kilokoan zeozer polita egitea da gure helburu nagusia, dominaren bat lortzeko”, esan du lehen taldeko teknikari Gorka Astorkizak.

Kirolariak eta teknikariak batuta, 40 lagun inguru joango dira Laukiztik Getxora. Hilaren 16an, gizonezkoen 560 kilokoan, A eta B taldeak lehiatuko dira eurenetik. Emakume talde bat ere egongo da, 500 kiloko proban. 580 kilokoan, talde mistoa aurkeztuko dute. Hilaren 17an, 640 kilokoan, gizonezkoen talde bat izango dute, eta, 540 kilokoan, emakume taldea. Talde bi izango dituzte Goiherrikoek ere 560 kilokoan; ez dute ziur oraindik 23 urtez azpiko talde mistoa osatuko duten. Guztira, 20 kirolari joango dira Erandiotik.

Zapatuan eta domekan, berriz, Gaztedikoek Euskal Herriaren ordezkari modura tiratuko dute. “Normalean, Euskal Herriko Txapelketa irabazten duenak ordezkatzen du Euskal Herria. Pisu txikietan sano gaitza da taldea orekatzea; hala ere, nik uste beste kluben bateko batzuk sartuko ditugula. Pisu nagusietan, berriz, eskas geratzen gara, eta 720 eta 680 pisuetarako beste klubekin batzen gara selekziorako”, azaldu du Litrik. Goiherri ere saiatuko da 680 eta 640 kilokoetan Mutrikukoekin eta Gasteizko tiratzaile batzuekin taldea osatzen.

Bi taldeetako ordezkarientzat, “izugarria” da etxean lehiatu ahal izatea. Uste dute sokatirarentzat bultzada bat izango dela. “Gure kirol hau Euskal Herriari erakutsi ahal izango diogu”, esan du Astorkizak. Duñabeitia ere ados dago: “Astebetez, hedabide guztietan agertuko gara. Herri kirolak gogorrak dira, sakrifizioa eskatzen dute, baina euskal nortasunaren parte dira. Jendeak ezagutu, maitatu eta praktikatu egin behar ditu”.

Litrik kezka agertu du txapelketa pasatzean zer gertatuko den. Badaki tiratzaile batzuek proba honetan lehiatu arteko konpromisoa hartu dutela, eta, gero, uzteko asmoa dutela. “Askok esango dute ‘honaino ailegatu naiz, eta utziko dut’. Guk zorte handia dugu. Gazte asko dugu, eta jarraituko dute. Baina lur gaineko talde gutxi daude Euskal Herrian: Bizkaian, Goiherri, Akelarre, Getxo eta gu, Uribe eskualdean guztiak; Gipuzkoan, Mutriku”. Esan du Suitzan, Alemanian, eta Ingalaterran askoz talde gehiago dituztela, eta horrek haien liga lehiakorrago bihurtzen duela. “Europako edo Munduko txapelketetara beldur apur bategaz joaten gara. Gure liga eskasa da, talde gutxi daudelako. Gurearen aldean, haienak gogorrak dira, eta, haiekin lehiatzean, igartzen da. Hemen talde bigaz-edo izan dezakezu lehia; gehiago ez”.

Astorkizak ere beldur bera agertu du txapelketa ondorenerako. “Gure asmoa zen mundialari esker kirola zabaltzea, baina orain ezkor antzekoa naiz. Jende nagusia dugu. Jende berria topatzea ez da erraza. Guk badugu asmoa jarraitzeko. Beteranoetako batzuek jarraituko dute. Gure asmoa da horiekin eta gazteekin talde bat sortzea, eustea. Hori da gure ilusioa”.

Pisua, “obsesio”

Litrik azaldu du lur gainean udan egiten dela gehienbat. “Sano gogorra da gazteentzat. Europako edo Munduko txapelketak beti dira irailean; beraz, oporretara joateko mugatuta zaude. Ez dakizu noiz joan. Kirol amateurra da, baina profesional baten moduan zaindu behar duzu”. Gainera, pisuak “obsesionatuta” bizi direla esan du: “Pisu txikietan, batez besteko pisua 70 kilo dira. Egunero pisatzen gara. Ez da bakarrik entrenatzea: korrika egin, gimnasiora joan. Denbora guztian zaude zeure buruari esaten pisuan sartu behar duzula. Oso gogorra da. Goma gainekoa ere gogorra da, baina, behintzat, udan oporrak dituzu”.

Munduko Txapelketa pasatzen denean, Euskal Herriko goma gaineko txapelketak hasiko dira. Sokatira modalitate horretan talde gehiago daude Euskal Herrian, baina tiratzaile gutxiago; lur gainekoan, berriz, talde gutxiago, baina askoz tiratzaile gehiago.