Dani Fano: “Askotan, komunikatzeko nahikoa da marra, gezi edo detaile bat”

Dani Fano: “Askotan, komunikatzeko nahikoa da marra, gezi edo detaile bat”

A. I. A.

Gai bat proposatu, eta horretan oinarrituta irudi bat ondu; edo beste irudigileak egindakoari jarraitu, edo, zuzenean, harekin batera sortu marrazkia. Komiki inprobisatuko zenbait saiotan aritu izan da Dani Fano ilustratzailea (Donostia, 1968), eta marrazteko modua egokitu behar izan du denetan, denbora mugarengatik; alabaina, ariketa horiek estiloa zorrozteko balio izan diote. Erandioko Eureka Domeka kultur zikloan izango da etzi, Unai Iturriaga irudigilearekin batera eta Iñigo Astizen gidaritzapean.

Orokorrean, diziplina denetan, inprobisazioak nahiko beldur ematen die artistei. Zuri ere bai?

Beti eragiten du errespetu pixka bat. Ilustratzaileok ez gaude ohituta, eta hori da igual beldur handiena eragiten diguna. Adibidez, Unai Iturriaga ariko da nirekin, eta, bertsolaria ere badenez, oso ohituta dago jendaurrekoen bat-batekotasunera. Baina marrazkiak badu gure alde jokatzen duen gauza bat: oso hipnotikoa da. Publikoak magia balitz bezala ikusten du, eta horrek asko laguntzen du. Beldurra, ez, baina errespetua, beti.

Aurretik ere parte hartu izan duzu antzeko ikuskizunetan? Nolakoa izan da esperientzia?

Oso esperientzia polita izan da, baita ikusle gisa ere: oso magikoa da beste marrazkilariak ikustea paper zuritik bat-batean formak eta irudiak ateratzen. Musikari batek beti egiten du lan bere publikoaren aurrean, normalean, baina guk ez: guk etxean egiten dugu, eta ez dakigu gero egindako hori irakurtzen den edo ez. Oso polita da zuzenean gozatzea zure ikusleen edo zure irakurleen erreakzioaz.

Lantzean behin, beraz, ilustratzaileek behar duzue harreman zuzenago bat zuen publikoarekin. Gisa horretako ikuskizunak garrantzitsuak dira zuen lanerako, beraz?

Nire ustez, bai. Ilustratzaile batek ez badu hori bizi, nik bihotzez gomendatuko nioke. Beste maila batera eramaten zaitu. Bestela, urteak eraman ditzakezu ilustratzen eta zure irudiak publikatzen, baina azkenean ematen du inork ez dituela ikusten. Ez badiezu aurpegia jartzen zure ikusleei eta irakurleei, askotan badirudi zuretzat ari zarela. Horrek abantailak ditu, baina oso ederra da hartzaileekin harremana izatea, ez soilik haiekin hitz egiten, baita lanaren bitartez ere: ikus zaitzatela marrazten.

Publikoaren erreakzioa jasotzeak ekarpena egiten dio zure lanari?

Bai. Marrazkilari moduan, oso kontrolatzailea naiz, marrazki zehatzak egiten ditut, landuak, pixka bat astunak. Bat-batekotasunean ezin duzu horrela marraztu: modu arinago eta efikazago batean egin behar duzu. Konturatzen zara askotan ez dela hainbeste behar: azken batean, irudiz komunikatzen ari zara, eta nahikoa da marratxo, gezitxo edo detaile bat zure asmoa betetzeko. Inprobisazio saioek efikazago marrazten lagundu didate.

Inprobisatzean, ilustratzeko era aldatzen duzula diozu. Beste aldaketarik izaten al da?

Niretzat —eta ez naiz bakarra—, tamaina da aldaketa mugatzaile handi bat. Oso ohituta nago formatu txikian marraztera; orain, bista galtzen ari naizela, paper handiagoak erabiltzen hasi naiz, baina galdu egiten naiz haietan. Tamainak beldur handiagoa eragiten dit publikoa egoteak baino, edo inprobisatu beharra edo ideiak azkar eduki beharrak baino. Baina egokitu behar, tamaina handia ezinbestekoa delako publikoak ikusi ahal izateko. Bertikalean marraztea izaten da beste moldaketetako bat.

Ikuskizunaren formatua bertso saio batena izango da?

Ez dakit ze ariketa proposatuko dizkiguten. Dena den, nire ustez, zentzu handiagoa dauka ariketak berak, gaiak baino. Agian, bertsogintzan ez da hain erraza ariketa ezberdinak planteatzea, baina ilustrazioan, bai. Denetarik egon liteke.

Inprobisatzerakoan estrategiarik ba al dago?

Ariketaren arabera. Badago bat, pertsekuzioa: korrika doan norbaiten marrazkia egiten dut eta beste marrazkilariak haren atzetik doana marrazten du gero. Bertsoetan bezala, oinarritzen zara besteak egin duen horretan. Edo batek marrazkia hasten du eta besteak bukatu, edo bi eskutara marraztu… Edo bertsolaritza ariketetatik gertuago, gai bat ematen digute ea bakoitzak nola jorratzen dugun. Batzuetan, zure buruan bilatu behar duzu inspirazioa, baina bestearen lanean ere oinarritu zaitezke: hark egindakoari jarraitu, osatu…

Beraz, Unai Iturriagaren eta zure artean ez da egongo norgehiagokarik?

Ez, elkarlana da lehia baino gehiago, bertsolaritzan bezala. Lehiaz mozorrotzen dugu, eta egingo ditugu plantak, segur aski, baina elkarlana da, azken batean.