Bidean

Autobusez Donostiatik Valentziara sarri joaten zen lagun batek esaten zidan, bidaia luzea izan arren, gustura egiten zituela joan-etorriak. Azaltzen zidan autobusean zoazenean ez duzula besterik egin behar, bidaiatzea bera nahikoa ekintza dela, eta denborak aurrera egiten duela beste ezer egin beharrik gabe. Abiadurak eta distantziak erabakitako denboran iristen zara lekuetara, eta bien bitartean joanean egoten zara, bidean.

Niri ere gustatu egiten zait bidean ibiltzea. Pare bat ordutik gorako bidaiek, adibidez, badute beren xarma. Bidaia luzeetatik gehien gustatzen zaidana autobideetako zerbitzuguneetan gelditzea da. Zeinen toki ederrak diren guk restop deitzen diegun espazio horiek. Aireportuarekin ere aldera daitezke, baina gai honetan nire iritzia argia da: askoz ere gehiago gustatzen zaizkit autobideetako zerbitzuguneak. Bere horretan dira zibilizazio bat, bertako ohitura eta gauzak egiteko modu berezi horrekin. Kafe, gasolina eta komun usaina izaten dute askok.

Nonbaiten eta era berean inon ez egoteko modu bat da. Han zauden bitartean ez zaude beste inon, bidean zaude, joanean edo bueltan, baina norabait bidean. Nonbaitetik etorri eta norabait doan jendez lepo egoten dira lekuok eta elkarren antzeko bihurtzen gara bertan. Auto bete traste datorrena, kamioi urdinetik jaitsi berri dena edota txizalarriz belaunak erdi gurutzatuta datorrena berdintzen ditu. Mendazko txikleak eta ura erosten dituena izaten naiz ni, nahiz eta Donutsak desio. Beste batzuek txerri-ukondoa, marrubizko jogurta eta kafe hutsa hartzen dituzte bazkaltzeko. Badira, autoan irakurri ezingo duten aldizkariren bat erosten dutenak ere.

Bidean jarraitzeko arnasaldia izaten dira geltoki hauek. Hankak luzatu, nagiak atera, arnasa hartu eta buelta bidera. Heltzeko beharrez joan eta joan dabilenari geldialdirik txikienak ere estorbu egingo dio ziurrenik, baina batzuetan gelditu ezik jarraitzea ez da erabakirik onena izaten. Beste batzuek lasai ekingo diote bideari eta ingurukoen presa ulertu ezinda joango dira astiro geldialdiz geldialdi. Eguraldi edo aldarte hobe baten zain bidera ez ateratzea erabakiko duenik ere izango da.

Abiatu da iraila, eta gure abiapuntu eta helmugak zehaztuta hasi dugu bidea. Astiro hasteko esan didate askok eta astiro hasteko esan diot nik askori. Aholku eta aholku artean eskuinetik aurreratzen duten autoak, keinukaririk erabiltzen ez duten gidariak eta espero bako euri zaparradak izango dira. Norbere indarren eta gurpilen higaduraren araberako plan bat egin dezala bakoitzak. Eta kasu honetan, bideetako mezuek diotenaren kontra, garrantzitsuena ez da iristea, bakoitzak ahal duen bide zatia egitea baino.

Atsedena behar dugunetan, zerbitzugune atenporal eta zoriontsuetan elkartuko gara. Ez diogu elkarri goazen edo gatozen galdetuko, eta txokolatezko Donuts bana jango dugu kafesne bero banarekin. Bidaia on.