Bakardadea bakartzen

Bakardadea bakartzen

Ibai Maruri Bilbao

Zaila da norbait bakarrik dagoela jakitea, hain zuzen ere, bakarrik dagoelako. Hala ere, gizarte zerbitzuek egoera horretan daudenak identifikatzen dituzte. Zeregin horretan laguntzeko hainbat proiektu sortu dira azkenaldian. Basaurin eta Santurtzin, esaterako, Behari izenekoa dute, udalek eta BBK-k sustatua. Orozko eta Urduña Euskal Herriko Bertan sarean sartu dira. Agintzari kooperatiba ari da bietan lanean, beste eragile batzuekin batera. “Bietan oinarria bera da”, zehaztu du kooperatibako zuzendaritza taldeko kide Itziar Etxeberrik: “Bakarrik dagoen jendea detektatu nahi dugu, gero gizarte zerbitzuek lagundu diezaieten. Detektatze horretan komunitatea ezinbestekoa dela uste dugu, eta sare bat sortzen dugu horretarako: behariak deitzen dira Behari programan, eta auzozainak dute izena Bertanen”.

Gizlan kooperatibakoekin tresna teknologiko bat garatu dute. “Lokalizazio geografikoa eta big data ditu oinarrian. Udaletxeetan jartzen da, eta udalerrian zaurgarritasun egoeran egon daitezkeenak identifikatzen ditu. Haiekin harremanetan jartzen gara, teknologiak egindako lehen balorazio hori zuzena den jakiteko”, azaldu du Etxeberrik. Proiektuan parte hartzea proposatzen diete.

Aldi berean, komunitatean bakardadeari buruzko sentsibilizazio lana egiten da, haien inguruan gertatzen denari arreta jartzeko. Adinekoen inguruan ere bilatzen dituzte sarea osatu dezaketen pertsonak. “Galdetzen diegu ea norekin duten harreman handien; pertsona horiek bakardadearekiko nolabaiteko sentsibilitatea dutela ikusten badugu, sarera gonbidatzen ditugu. Funtsean, euren egitekoa zera da: bakarrik dagoen adineko horrek arlo kognitiboan atzera egin duen ikustea, gizarte zerbitzuei jakinarazteko”. Premia duten adinekoak identifikatzean, gizarte zerbitzuak arduratuko dira behar duten arreta eta laguntza eskaintzeaz.

Programa horiek Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru diputazioek bultzatuta sortu den Euskadi Lagunkoia ekinbidearen ildo berean doaz. Adinekoek bizitza aktiboa eta autonomoa izaten jarraitzea da helburua. Parte hartzen duten herriek eta hiriek xede hori lortzeko politikak bultzatzen dituzte. Etxeberrik esan du eurek aldea igartzen dutela landa inguruko eta hiriguneetako adinekoen artean. Landa inguruan mugikortasun arazo handiagoak dituzte, eta sakabanatuago bizi dira. Era berean, eskaintza eta azpiegiturak urriagoak dira. Hirietan, berriz, “indibidualismo handiagoa” topatu dutela esan du; landa inguruetan oraindik badagoen auzokoen arteko harremana galdu egin dela.

Adinekoen aisialdi eskaintza nagusia sarri eurek sortutakoa izaten da, erretiratuen edo edadetuen elkarteen bidez. Gatikakoa 2005ean sortu zuten, eta Guztiontzat du izena. Lokal bat dauka udaletxe ondoan, taberna txiki batekin. Manu Arrizabalaga presidentearen esanetan, ezinbesteko topagunea da herriko nagusientzat. “Asko han elkartzen gara egunero, jokoan egiteko edo geure artean berbaldi bat izateko”. 1.600 biztanle pasatxo dituen herria da eurena, eta 300 bazkide inguru ditu elkarteak. Azaldu du udala arduratzen dela bakarrik daudenek dituzten beharrizanak asetzeaz. “Guk egiten duguna da geure arteko harremanak bultzatu eta ondo pasatu”.

Pandemiaren argi-ilunak

Urtean zehar bazkariak, karta joko txapelketak eta txangoak egiten dituzte Gatikan. “Neu arduratzen naiz, eta hemen inguruan ibiltzen gara: Errioxara, Burgosera, Kantabriara [Espainia]… joaten gara, eguna pasatzera”. Arrizabalagaren hitzetan, hainbatek erretiroa hartzean aurretik izandako harreman asko galtzen dituzte, eta horrelako elkarteek bizitza soziala mantentzen laguntzen diete: “Lagunekin elkartzeak eta ondo pasatzeak bizipoza ematen digu”. Adiskidetasuna sendotzen dute euren artean, eta elkar zaintzen dute.

Urte eta erdi daroate inora joan gabe, eta aitortu du badutela irteera horien falta. Lokala itxita egondako hilabeteak ere “gogorrak” egin zitzaizkien. Oraindik ezin dute karta joko txapelketarik-eta antolatu, baina lokaleko terrazan, distantzia mantenduta, jokoan ibiltzen direla kontatu du. Hala ere, Agintzariko Etxeberriren esanetan, pandemiak gauza onik ere ekarri du bakardadeari lotuta: “Jende askoren bakardade sentimendua handitu duen aldi berean, gizarteak galdua zuen elkar zaintzeko gaitasuna berreskuratzen lagundu du: boluntario sareak sortu dira, jendea adineko bizilagunez kezkatu da… Izurria pasatzean, hori desagertzen utzi ordez, gehiago aktibatu behar dugu, elkar zaintzeak denoi mesede egiten digulako, ez bakarrik adinekoei”.