Kaleak irudiz blaitzeko geltokia

Kaleak irudiz blaitzeko geltokia

Maialen Arteaga

Hamabost urte igaro dira jada Getxophoto jaialdia lehenengo aldiz egin zutenetik. Begihandi kultur elkarteak antolatzen du nazioarteko irudi jaialdia urtero. Herriko kaleetan hainbat irudi zintzilikatzen dituzte, eta paretetan beste hainbat ikus-entzunezko ematen. Aurten irailaren 2tik 26 ra bitartean egingo dute, eta nazioarteko 22 artistaren lanek jantziko dituzte Getxoko kaleak.

Irudiak begitik sartzen diren arren, barrena zulatzeko helburuz zintzilikatuko dituzte. “Irudi jaialdi bat da, baina aktualitatean azaltzen zaizkigun gaiei buruz gogoeta egiteko eta elkarrizketa bat izateko aitzakia bat da”, azaldu du Jokin Aspuru Getxophotoko zuzendariak. Irudiak helduleku, eta herriko kaleak bozgorailu, gai sozialak lantzeko geltoki bat eskainiko dute. Hala, urtez urte gai ezberdin bat esleitzen zaio jaialdiari: “Globalizazioa, gatazkak, zahartzaroa, haurtzaroa… Momentuan hizpide diren gai irekiak lantzen ditugu hainbat artistaren lanen bidez”. Pandemiako iazko aldi berezian Kalera izan zen gaia. Aurtengoan Elkarbanatu aditza aukeratu dute. “Pandemiak utzi dituen ondorioak ikusita: krisi ekonomiko latza zetorrela, klima aldaketa, krisi migratorioa…, mundua hankaz gora dagoela ikusten genuen. Orain eskuzabalak ez bagara, eta duguna elkarbanatzen ez badugu, nekez egingo dugu aurrera”, esan du Aspuruk.

Elkarbanatze hitzak, bere horretan, baditu beste esanahi batzuk ere: “Mundu digitalak pisu handia dauka: sare sozialak, webguneak, irudiak… Sarean dena partekatzen da, eta partekatzearen esanahi berri horri ere eutsi nahi genion”. Horregatik, iazko ezohiko egoeran jaialdia birpentsatzea erabaki zuten, sareko presentzia handituz eta webgunea indartzeko apustua eginez. “Orain, sarea plaza bat da, espazio publikoa da. Jendeak denbora asko ematen du hor, sarri kalean baino gehiago, eta, aurrera egin nahi bada, aldaketa horretara egokitu behar da”. Iazko esperientziak erakutsi zien fisikoki jaialdira bertaratu ezin direnei ere espazio bat eskaini behar zitzaiela. Sareak kale bilakatu direla uste du Aspuruk, eta bi espazio horietan egon nahi dute: “Getxophoto kalekoa eta digitala ditugu, eta jaialdia kalean ez ezik, sarean ere gertatzen da. Guretzat webgunea ez da komunikazio tresna hutsa: kultura bisuala gertatzen den espazioa da”. Iaz txertatutako ikuspuntu horri hainbat egokitzapen gehitu dizkiote aurten: erakusketa bitartean entzuteko playlist bat, Whatssapp bidezko erakusketa bat, liburu eta bilduma digitalak…

Elkarbanatu daitezkeen espazio asko zeharkatzen ditu jaialdiak. Horietako bat nabarmendu du Aspuruk: espazio publikoa. Borroka esparru bat dela uste du. “Espazio publikoaren erabilera oso garrantzitsua da. Ez da gauza bera esatea ‘parkean nago’, ‘nire parkean nago’ edo ‘gure parkean gaude’. Espazio publikoa denona da, eta aldarrikatu behar dugu”. Denena den tokien erabilera, ordea, ez da beti erraza izaten. Hala uste du Aspuruk, eta, horregatik, aldarrikapen gisa ikusten du toki horien erabilera artistikoa: “Arazoak izaten dira espazio publikoetan gauzak antolatzeko, baina, kontuan izanik dena gero eta gehiago pribatizatzen dela, markak eta enpresak espazio publikoa hartzen ari direla, guk horren erresistentzia edo alternatiben logikan jardun nahi dugu. Gauza asko egin daitezke espazio publikoan, eta ezagutzen dugunaren bestelako modu batera erabili”.

Nelly Rodriguezen lana Getxophoton

Herritarrak ere artista

Jaialdia posible egiteko, irudiak ez ezik, herritarrak eta eragileak ere funtsezkoak dira. Igorle-hartzaile eskematik urrunduz, jaialdi parte hartzaileago bat egin nahi dute. Esaterako, herritarrek gaiaren inguruko argazkiak bidaltzen dizkiete, eta argazkirik onenak Getxoko komertzioetako erakusleihoetan erakusten dituzte. Horrela, nazioarteko artistez gain, herritarrei ere espazioa eskaintzen diete irudi jaialdian, igorle gisa parte hartzeko. Tabernetan ere antzeko egitasmo bat abiatu dute. “Artisten lanak edalontzi azpikoetan inprimatzen ditugu, bilduma bat egiten dugu, eta taberna bakoitzean bildumako irudi bat banatzen dugu. Erakusketa ikusi nahi baduzu, tabernaz taberna joan behar duzu, eta bakoitzean edalontzi azpiko bat hartuko duzu. Ibilbide guztia eginez gero, bilduma osoa eramango duzu etxera. Modu berritzaile batean planteatutako erakusketa dela esan daiteke”.

Berritasunaren haritik tiraka, irudiaren ulerkerari erreparatu dio. Hastapenetan, jaialdiak argazkilaritzaren artea izan du oinarri, baina irudiaren eraikuntzan dauden beste hainbat diziplina ditu barruan orain. “Argazkilaritzarekin hasi ginen, baina, gerora, zinema, errealitate birtuala eta interakzio interaktiboak ere sartu ditugu. Irudi jaialdi bat da, ez soilik argazki jaialdi bat; eta irudiaren ulerkera horretan ikus-entzunezko diziplina guztiak sartzen dira”.

Hamabost urteotan Getxo aldatu egin da. Begihandi elkartea ere bai. Irudiaren ulerkera eta parte hartzaile eta ikusleen logika ere bai. Baina hastapenetako ikuskera bera dela dio. Eskorbuto taldearen hitzak esan ditu: “Hasi gineneko berak gara”.