“Inori ez zaio interesatzen gertatutakoa azaleratzea”

“Inori ez zaio interesatzen gertatutakoa azaleratzea”

Natalia Salazar Orbe

Frankismo garaitik 1980ko hamarkadara arte ospitaleetatik lapurtutako haurren afera erakusten duen erakusketa ikusgai dago Balmasedako Horcasitas jauregian. Encontrarte erakusketaren nondik norakoak azaldu ditu sortu berri duten izen bereko elkarteko presidente Ana Belen Gonzalez Garciak (Leon, Espainia, 1968). Haren lana ere ikusgai dago, Nystal Mayorga izen artistikoarekin. Lapurtutako haurren afera artearen bidez adierazten du elkarteak. Espainian 300.000 ume lapurtu zituztela esaten dute, baina Garciak dio kopurua zenbakaitza dela.

Atzo inauguratu zenuten erakusketa. Zer aurkituko du bisitariak bertan?

24 artistak osatutako 24 margolan dira. Artista horietako 23 bizirik daude. Lehenengo koadroa Roberto Zalbidearena da. Hura izan zen proiektu honen sustatzailea nirekin batera. Martxan hastekoak ginenean hil zen, 2019ko irailaren 9an. Horregatik, omenaldia egingo diogu hilaren 9an bertan. Margolanek metro bat bider metro bateko tamaina dute. Bakoitzak bere erara, baina denek erakusten dute gauza bera, eta ikusten duen guztiek pentsatuko dute: non dago haurtxoa?; zer gertatzen da haurtxoarekin? Gai bakarra lantzen du erakusketak: non dago nire haurtxoa?

Lapurtutako haurren trama du oinarri erakusketak. Nortzuk dira lapurtutako haurrak?

Hau guztia 1940ko hamarkadan hasi zen, gerraostean. Arraza garbiketa helburu zuten ideia naziak izan zituen oinarri. Garaiko estatuko aldizkari ofizialean legezko moduan ageri da emakume preso gorriei umeak kentzeko aukera. [Juan Antonio] Vallejo Najera psikiatraren idazkietan ageri denez, uste zuten ume horiei, familia ultrakatoliko batera eramanez gero, gene gorria kenduko zitzaiela. Abiapuntua hori izan zen. Geroago, aldatu egin zen. Nire kasua, esaterako, 1967koa da. Negozio bihurtzen hasi zen trama. Egin ditugun ikerketen arabera, ume eskari handia zegoen, eta abandonatutakoak ez ziren nahikoa eskari handiari erantzuteko. Medikuek eta apaizek botere handia zuten, eta askok dirua lortzeko egiten zuten. Beste askok, ordea, ume horiek beste familia batzuetan askoz hobeto zeudela uste zutelako. Arrasto guztiak ezabatzen zituzten, gertatutakoa inoiz jakin ez zedin.

Zantzuak aurkitu dituzue, ordea.

Nire kasuan, ahizparen heriotza agiri bi ditut, heriotza ordu eta kausa desberdinekin.

Zer dela-eta piztu ziren susmoak zuenean?

Etxean kontatu zidaten ahizpa nagusi bat izan nuela. Gurasoak azaroan ezkondu ziren, eta haurtxo goiztiarra uztailaren 1ean jaio zen, zazpi hilabeterekin. Ospitalera taxi batean eraman zuten umea, aitarekin eta nire izebarekin. Beraz, osasuntsu zegoen. Agiri batean jasota dago uztailaren 8an hil zela, eta beste batean 9an. Aita birritan joan zen haurtxoa ikustera, nahiz eta 56 kilometro egin behar zituen eta familiak baliabiderik ez izan. Hark soilik ikusi ahal izan zuen bisita haietan, eta beti esan du arreta eman ziola erakutsi zioten hildako haurtxoak ile asko zuela. Azaldu zieten aste hartan arazo bat izan zutela inkubagailuetako oxigenoarekin eta ume guztiak hil zirela. Ikertzen hasi nintzenean ikusi nuen garai hartan oihartzuna izan behar izan zuen istripu hura ez zela inon agertzen, inkubagailuek ez daukatela oxigenorik… Istorioa ez zen sinesgarria.

Kaltetuek kausa guztiak batera ikertzeko eskatu zenuten, baina ukatu egin zizueten. Zertan da prozesua orain?

Lapurtutako haurren legez besteko proposamena onartu zuten Kanarietan [Espainia], eta oraintsu lege proposamena onartu dute Katalunian. Estatuko autonomia erkidegoetan ere egin dezaten nahi dugu, baina erlojuaren kontra ari gara. Nire gurasoak bizirik daude, baina oso nagusiak dira. Nekagarria da. Emakume askorentzako oso gogorra izan da. Umea hil egin zitzaiela eta lapurretena asmatu egin zutela esan zieten urteetan, familiek eurek ere bai. Andre askok eskerrak eman dizkigute norbaitek entzun dituelako. Uste dugu inori ez zaiola interesatzen gertatutakoa azaleratzea. Pandoraren beste kutxa batzuk irekiko lituzke. Gu saiatuko gara isilarazi ez gaitzaten. Modu polit bat, artearen bidez egitea da.