Etzi ezingo da Lekeitiora sartu, Antzara Eguneko ospakizunak saihesteko

I. Maruri Bilbao

Lekeitiarrentzat urteko egunik garrantzitsuena izaten da irailaren 5a, Sanantolin jaietako Antzara Eguna ospatzen dutelako. Milaka lagun elkartzen dira portuaren bueltan. COVID-19aren pandemia dela eta, bigarren urtez, Lekeitioko Udalak herria zarratzea erabaki du.

Hala, bihar, zapatuz, herrira joan gura duten ibilgailuen sarbidea mugatuko dute, 20:00etatik aurrera: kontrola ezarriko dute sarreran, eta NANean bizilekua Lekeition dutenak eta udalerrira sartzeko beharra egiaztatzen dutenak baino ezingo dira sartu. Domekan, berriz, ezingo da ibilgailurik sartu herrian. 16:00 arte larrialdi zerbitzuak baino ezingo dira sartu. Itxiera hori itsasoz ere egongo da indarrean domekan. Garraio publiko zerbitzua ere 15:30 arte bertan behera geratuko da herrian.

Koldo Goitia alkateak “erantzukizunez eta arduraz” jokatzeko eskatu die lekeitiarrei. “Bizi dugun egoera honetan ez dugu ezer ospatzeko”, esan du.