Elefantea

Horixe gertatzen zait oporretan ezer egin barik egoten naizen aldiro: Homer Simpsonen sindromea nire barrenez jabetzen dela; oso nagi egoten naizela, alfertuta, dutxara jaikitzeko ere adore barik. Eta halakoetan logelan elefante bat edukitzea desiratu ohi dut. Tronpa erabilita, kolkotik behera ur-zorrotada ederra bota diezadan goizero-goizero. Baina pentsamendua gehiegizko alferkeria horretara ailegatzen zaidanean konturatzen naiz horrek ezin duela horrela jarraitu. Bukaera bat eman behar diodala horri. Oporrak amaitu direlako, Homerren sindromearekin bukatu behar delako, eta, haren ordez, inurriaren eta txirritaren istorioko pertsonaia langileari heldu behar zaiolako. Besterik ez bada, negua ate joka dagoelako. Eta, besterik ez bada, kontu korrontea horniduraz betetzen jarraitu behar delako.

Dena dela, ezer ez da ziurra. Badira arriskuak. Eta posible da uda betean egon arren, negu giroan bizitzea. Esan bestela Bilboko Konpartsei. Marijaiaren gerribueltan antolatutako konpartsak inoiz baino gogotsuago daudelako lanari berrekiteko, baina negu giroan bizitzera kondenatuta geratu direlako beste abuztu batez. (Oharra norbere buruari: Aix! Aurten ere ezin bezperako garagardo uholdea Moskotarren Aerobitoian lurrundu. Ezin Pinpiko purpurina arrastoak izara artetik kendu. Ezin Kaspapizza bat trena hartzera bidean jan. Ezin Marijaiarekin ligatu). Eta, hala ere, ikusi: asmatu dute. Bilboko Konpartsek gu guztioi barretxo bana oparitzeko astia hartu dute. Irria. Bilbokoa. Hiriburukoak ez garen askori kapitalera joateak dakarkigun presiotxo hori arintzeko gai den keinu abegikorra.

Durangaldeko bazter honetatik berripaper honetako irudiak ikusten egon naizela, miraz behatu ditut bateko zein besteko konpartsakideak, jai egarriz. Haien irribarreetan islatuta ikusi ditut herrialdeko gainerako jai herrikoiak, antzeko egoeran: kalea berreskuratu guran, herrigintzari jarraitu guran, alternatibak sortu guran. Konpartsak aipatuta herri mugimendu orokorra aipatu daitekeelako. Kezka baitut izena aurreztuko diodan birus horrek zelan eragingo dion etorkizuneko kudeaketa ereduari, eta etorkizuneko kudeaketa horrek zelan eragingo duen herri mugimenduari oztopoak ipintzeko aitzakia berrien diseinuan. Ezin amesteak kezkatzen nauelako. Izugarri. Sinetsita bainago kaleko girotxotik, jendearen arteko igurtzitik eta hezur-haragizko sare sozial horretatik sortzen direla inguru hurbila eta urrutiragokoa aldatzeko proiektuak. Amestea eraldaketarako kapital neurriabea lantzea delako. Horretarako beharrizan handia dugulako.

Horregatik erabaki dut amestera noan hurrengoan elefantea aldatuko dudala. Dutxako elefante alegiazkoari oporrak emango dizkiot, eta egiazko elefante bat ekarriko dut burkora: autentikoa, Hor dago Abante konpartsaren aldamenetik ur-zorrotada freskagarriak botatzen zizkigun hura. Amets egiteko. Amets egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Eta herri mugimendua mamut ez bihurtzeko. Tronpatuko gara bestela.