Zer egin, kanpora joan gabe

Zer egin, kanpora joan gabe

Natalia Salazar Orbe

Maleta hartu eta Euskal Herriko zein kanpoko kulturak eta txokoak ezagutzeko eskaintzaz gain, inguruan bertan, etxetik atera gabe, bada aukera zabala. Bizkaiko eskualde eta herriek naturguneak, aztarna arkeologikoak eta herrien nortasunean murgiltzeko eskaintzak dituzte. Itsasoaren xarmak, Historiaren arrastoek eta geologiaren aztarnek lurraldea sakon ezagutzeko aukera emango diete bisitariei. Aldez aurretik ordua hartuta egin beharreko bisitak dira aukeretako batzuk. Ordaindu beharrekoak ere bai. Beste batzuk, berriz, norbere kabuz egin eta antola daitezke.

Turismoa, ingurumena, ondarea eta jasangarritasuna zer-nola uztartu, horixe da aztertu beharreko beste afera bat. Kezkak eta kexak sortu ditu gai horrek hainbat eremutan; batez ere, eremu babestuetara gero eta bisitari gehiago joaten ari baitira eta zerbitzuen sektorearen sustapenagatik kexatu dira hainbat eragile. Ingurumari horretan, Europarc federazioak turismo jasangarriaren egiaztagiria eman dio Urdaibaiko biosfera erreserbari. Urremendi Landa Garapenerako elkarteak, Urdaibaiko Patronatuak eta Tourdaibai enpresa turistikoen elkarteak biosferaren erreserban egiteko hainbat aukera jasotzen dituen katalogo bat osatu dute.

Antzeko prozesua egin dute Uribe Kostan ere: Getxo-Uribeko turismo sektorea indartzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Getxoko Udalak eta Jata Ondo Uribe aldeko landa garapenerako elkarteak. Eskualdeko turismoaren garapena sustatzea da helburua. Turismo aktiboko 38 enpresak hartu dute parte egitasmoan.

Hitzarmen eta proiektu horiez harago, Bizkaia ezagutzeko eta bisitariak erakartzeko eskaintza zabalak daude denean. Ondorengoa lagin bat besterik ez da.

BIZKAIKO FLYSCHA

BERMEO

Bermeok, arrantzari lotutako historia ardatz hartuta, adin eta gustu guztietarako planak eskaintzen ditu. Azkeneko urteetan ezagunena bihurtu dena Gaztelugatxerako bisita da. Joan den urtarrilean gertatu zen lur jausiaren ondorioz, ezinezkoa da ermitara daramaten 241 eskaileretara gerturatzea, baina ibilbide zirkular batean, inguruaz eta ikuspegiaz gozatuko du bisitariak. Ezinbestekoa da joan aurretik bisita egiteko izena ematea Tiketa.eus/gaztelugatxe helbidean. Inguruan sortzen diren auto pilaketa eta aparkaleku arazoak eragozteko, autoa Bermeon aparkatu —Itxasgane futbol zelaiaren ondoan—, eta biotopora autobusez gerturatu daiteke. Bestalde, bada Bermeoko portutik Gaztelugatxeraino itsas txangoak antolatzen dituen enpresarik ere.

Gaztelugatxe itsasoz ikusteko aukera eskaintzeaz gain, kostaldeko sekretuez gozatzeko baliabideak ere eskaintzen dituzte enpresa horiek: zetazeoak ikusi, arrantzan irten, itsasoan lo egin… Aukera zabala dago. Urpekaritza saioak eta itsasoko bestelako kirolak praktikatzeko aukera ere ematen dute beste batzuek.

Itsasora eta portura begira bizi den herriaren nortasunera gerturatzeko, berriz, Arrantzaleen Museoa leku aproposa da. Tradizioa, ontzigintza eta arrantzaren historiaren oinarriak ezagutaraziko dituzte bertan. Arrantzaleen Kofradian, berriz, sareginen eta neskatilen lanaren garrantziaren berri izan dezakete bisitiariek.

zer3

MUNDAKA

Surfa eta bestelako ur kirolak egiteaz gain, Katillotxu mendirako ibilbidea ere egin daiteke Mundakatik bertatik. Baita Busturialdeko beste zenbait toki eta herritatik abiatuta ere. 337 metroko tontorrean eta inguruan, Neolito garaiko aztarnak daude: lau tumulu —hilobiak lurrez edo harriz estalita— eta trikuharri baten aztarnak dira, hain zuzen. Turismo bulegoan bizikletak alokatzeko aukera ere ematen dute.

Ibilbide historikoaz gain literaturara ere gerturatu nahi dutenek, Edorta Jimenez idazlearen eskutik, Hemingway ibilbide gidatua egin dezakete herrian bertan. Erreserba egin behar da, jimenez.edorta@gmail.com helbidean. Gernika-Lumoko Euskal Herria museoan ere jaso daiteke Ernest Hemingway idazleak egindako egonaldiaz informazio gehiago: Hemingway & Euskal Herria dute ikusgai bertan.

FORUA

Hainbat aztarnategi aurkituko ditu bisitariak Busturialdean. Horietako bat, Foruko herri erromatarra da. Berezitasunekin datoz aurten bisita horiek. I. mendeko herrixkak benetan zer-nolako itxura zuen ikusi ahalko du bisitariak tableta batean, aurrez aurre haren hondarrei begiratzen dien bitartean.

Bisita birtuala eskainiko dute horretarako abuztuaren 4an, 8an, 11n, 15ean, 18an, 25ean eta 28an. Berreraikitze birtual horren bidez, ia 2.000 urte atzera egin ahalko dute bisitariek.

Aurrez aurreko esperientzia eta saio birtuala uztartzen dituzten bisitok Arratzuko Arrolako Oppidumean abiatu zituzten. Han ere eskainiko dituzte aurten, hain zuzen, abuztuaren 2an, 9an, 14an, 16an, 22an, 23an eta 29an. Kristo aurreko IV. mendeko kastroan murgilduko da bisitaria. Bisitok Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ibilbide Historikoak programaren barruan daude.

FORUKO HERRIXKA ERROMATARRA

GORBEIALDEA

Gorbeialdean ere turismoa sustatzeko egitasmoa darabilte. Ingurua ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte abuztuko zapatu-domeketarako. Zeberio, Orozko, Zeanuri, Otxandio eta Areatzatik abiatutako ibilbideak daude aukeran. 12 urtetik gorakoek hiru euro ordaindu behar dituzte txangoak, 6 eta 12 urte artekoek, berriz, euro bat eta erdi. Bisitak bukatzean, erreserbarako txarteltxoaren truk, pintxo bat eta edari bat eskura ahal izango dute bidaiariek herriotako taberna jakin batzuetan.

Undurragako urtegia emango dute ezagutzera abuztuaren 7an. Zeanuriko ibilbide horretan, besteak beste, Errotabarri errota ikusiko dute, eta presaren historia eta zelan funtzionatzen duen azalduko dute.

Areatzako ondare multzoa ezagutzea da beste aukeretako bat. Herriko kaleetan egingo dituzten ibilbidean iraganean murgilduko dira bisitariak, jauregiak eta estilo barrokoko etxebizitzak inguruan dituztela. Abuztuaren 28rako aurreikusi dute bisita hori.

Presazelaiko hariztia eta Astikurutzeko elurtegia ditu helburu abuztuaren 22an Otxandiotik aterako den bisita gidatuak. Ibilbide zirkularra antolatu dute.

Orozkon, Atxularren begia gurutzatzeko prestatutako txangoak mendi aldera eramango ditu bisitariak. Altzakortatik atera, Pagomakurretik igaro eta Itzinarako sarrerarik ikusgarrienetako batera iritsiko dira bisitariak, etzi.

Zeberioko herria emango du ezagutzera Gorbeialdeko bosgarren ibilbide gidatuak. Ermitabarri auzoaren historia ezagutaraziko dute bertan.

ELORRIO

Elorrioko Udak programa antolatu dute herria bertan, asteburuetan herriko txoko berezienak ezagutarazteko eta bertako kultur ondareari balioa emateko. Hala azaldu du udalak. Argiñetan eta herrian egingo dituzte bisitak, 11:00etan. Bisita gidatuetan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du aurretik. Bi bide ditu horretarako: 94-682 01 64 telefono zenbakira deituta edo info@elorrioturismo.eus helbidera idatzita.

BAKIO

Getxo-Uribeko turismoa sustatzeko egitasmoaren barruan, hainbat jarduera antolatu dituzte datozen asteetarako. Besteak beste, Bakioren jatorria, ekonomia eta historia ezagutzeko bost kilometroko bisita gidatua egingo dute, etzi. Erdi aroan sortu zuten herria, eta baserria izan du ardatz. Txakolina ekoitzi dute luzaroan. Azalpenak gazteleraz emango dituzte. Bost euro ordaindu behar da. Turismo bulegoan egin daitezke erreserbak. Egun horretan bertan Txakolinaren museoa ezagutzeko beste bisita bat egingo dute. Hori ere, gazteleraz.

'HEMINGWAY & EUSKAL HERRIA' - ERAKUSKETA

GETXO

Bisita gidatu ugari prestatu dituzte Getxo-Uribeko turismoa sustatzeko egitasmoaren barruan. Flyschbizkaia.eus atarian kontsulta daitezke aukera guztiak. Horien artean, Getxoko flyscharen ezaugarriak ezagutaraziko dituzte, Aizkorri, magnetismoa duen hondartza bat bisita gidatuan. Abuztuaren 3an egingo dute, arratsaldean. Gazteleraz emango dituzte azalpenak.

PLENTZIA

Flyscha itsasotik ezagutzeko aukera ere izango da Getxo-Uribeko egitasmoaren barruan. Plentziatik aterako den ontzian ibilbide gidatua egin nahi dutenek ekobideak.com-en aurkituko dute informazioa. Euskaraz ere eskainiko dituzte azalpenak.

KARRANTZA

Enkarterrik jarduera eskaintza zabala du bertakoentzat zein hara biltzen diren bisitarientzat. Karrantzako Pozalagua kobazuloa aurkitu zuten espeleologoen antzera, buruko linterna jantzita haitzean behera barneratzeko aukera eskaintzen du Pozalagua Flashback esperientziak. Parte hartu nahi duenak erreserba egin behar du aurretik.

SOPUERTA

Sopuertan, zuhaitz batetik bestera ibiltzeko aukera eskaintzen du Sopuerta Abentura parkeak. Tibetar zubietan, tirolina zirkuituetan edota lianetan ariko da bisitaria bertan.