Karpin Fauna zentroak animalia gehiago hartu ditu

Karpin Fauna zentroak animalia gehiago hartu ditu

Peru Azpillaga Diez

Karrantzako Karpin Fauna basabereentzako babes zentroa da. Legez kanpoko trafikorako erabilitako animaliak, abandonatutako maskotak, lehengoratzeko zentroetatik eratorritako fauna berreskuraezina eta antzeko beste hamaika kasu artatzen dituzte zentroan. Panterak, hartzak, tximinoak, oreinak… Animaliei beste bizitza bat ematen saiatzen dira han. Baina, horretaz gain, zentroak egiten duen “sozializazio eta hezkuntza lana” azpimarratu du Pedro Abad zuzendari teknikoak.

Berriki hiru animalia gehiago bereganatu ditu zentroak: bi otso (Kron, 4 urtekoa, eta Taiga, 9 urtekoa) eta pantera bat (Mahoni, 22 urtekoa). Azken bi espezie horiek gehituta, 60 baino gehiago dira Karpin zentroak babestutako animalia motak. Otsoak, koronabirusaren ondorioz itxi duen zoologiko batetik heldu ziren maiatzaren 10ean, eta pantera, berriz, Frantzian zegoen erreskate zentro baten eskariz hartu dute. “Zortzi urte generamatzan otsorik gabe, eta, azpiegitura hutsik genuenez, hartan lekua egin diegu. Panteraren kasua konplexuagoa izan da: ekainaren 8an heldu zen, eta hutsik zegoen pumentzako gunean egin zaio tokia. 22 urte ditu, ordea, eta horrek lan handiagoa dakar, ikusmen, entzumen eta mugikortasun arazoak dituelako”, azaldu du Abadek. Hala ere, egokitzapena “oso azkarra” izan dela erantsi du.

“Animalia bat iristen denean, egokitzapen estrategia bat garatu behar duzu, batez ere, talde batean”, esan du Abadek. Haien izaera, hierarkiak, maila soziala, gainontzeko animalien izaera… Atzetik lan asko dagoela deritzo, askotan “ikusten ez dena”. Horretaz gain, zentrora heltzen diren animalien egoeraz ere mintzatu da. “Askotan, oso txarto heltzen dira, eta ez osasunez bakarrik, baizik eta arlo psikologikoan ere bai. Animalia batzuek oso istorio gogorrak dituzte atzean, eta lan handia egin behar da haiekin psikologikoki egonkortu daitezen eta bizitza duina izan dezaten”.

Oraingoan, ordea, ez da hala gertatu. Bi espezieak berriak dira zentroan, eta baldintza “onetan” heldu direla esan du Abadek. “Noski, lan gehiago eskatuko digute, baina erakargarriak ere badira”.

Leopardo bat Karpinen

Pixkanaka, aurrera

“Pandemiak eragin digu, mundu guztiari bezala”, aitortu du Abadek. Egoera “apur bat prekarioa” dela deritzo, baina pixkanaka aurrera egiten ari direla esan du. “Aldatu egin da jendea etortzeko era. Orain, astegunetan jende gehiago izaten dugu, eta igoera bat nabaritu dugu”. Azken urteak “zailak” izan direla azaldu du Abadek, eta laster pare bat berrikuntza egitea espero duela. Dinosauroen atal guztia berrituko dute, eta, esan duenaren arabera, narrastientzako gune bat ere ireki nahi dute urte amaierarako.

“Aldi berean, pandemiaren ondorioz, eskoletako taldeen hutsunea izan dugu, eta hori pena handia da guretzat”. Izan ere, Abadek gogoratu duenez, zentroak bi helburu ditu: batetik, animaliei bizitza duin bat ematea, baina, batez ere, kontzientziatzea eta heztea. Hark dioenez, babes zentro diren heinean, hezkuntzak “berebiziko garrantzia du” etorkizunera begira: “Hezkuntza prozesua da proiektuaren oinarria; hartzen ditugun animalien istorioak erabiltzen ditugu, hona ekartzen dituzten arrazoien inguruko kontzientziazio lana garatzeko”.

Animalien legez kanpoko trafikoa, abandonua… Abadek kontatu duenez, halakorik ez gertatzeko tresnarik onena hezkuntza da. “Kasu asko jendeak erosi eta lasterrera bertan behera uzten dituen maskotenak dira. Maiz, pentsatu gabe animaliak etxean hartu, eta, gero, zer lan ekartzen duen ikustean, abandonatu egiten dira. Horregatik saiatzen gara errealitate horren inguruko hausnarketa bultzatzen”.

Beste arrazoi nagusietako bat legez kanpoko trafikoa dela esan du, baina azaldu du trafiko hori ere erabat lotuta dagoela maskoten erosketarekin: “Guk animalien salerosketa merkatu bat sortzen badugu, hein handi batean legez kanpoko trafikorako bidea ematen dugu. Gu gara egoera horren arduradun zuzenak, eskari bat sortzen dugulako, eta, hori hor dagoen bitartean, legez kanpoko trafikoa ere indarrean egongo da”.

Eraldaketa oinarri

1995ean ireki zituen ateak Karpin zentroak, eta, 26 urteko ibilbidean, funtzionatzeko modua ere eraldatu du. “Hasieran, animalien erakustoki bat ere bazen Karpin, baina, gutxinaka, zoologiko mota bat izateari utzi genion”. Hain zuzen ere, zuzendari teknikoak azaldu duenez, hamasei urte baino gehiago dira soilik animalien babeserako zentro bilakatu zirenetik.

Gaur egun, 60 espezie baino gehiagoko ia 500 animalia bizi dira Karpinen. Abadek dioenez, Enkarterriko gune erakargarrienetako bat da orain. “Leku guztietako bisitariak izaten ditugu, eta, Bizkaian, Bilboko Guggenheimen eta Arte Ederren Museoaren atzetik, bisitari gehien hartzen dituen interes gunea gara”. Hortaz, Karrantza eskualdearentzat “motor ekonomiko” bat direla argudiatu du, eta proiektuak tokiko ekonomiarentzat ere garrantzia duela.