Gizarte zerbitzuak indartuko ditu Durangaldeko mankomunitateak

Gizarte zerbitzuak indartuko ditu Durangaldeko mankomunitateak

Ibai Maruri Bilbao

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak 2021-2024 Plan Estrategikoa onartu du. Planaren lehentasunetako bat da Durangaldeko zerbitzu publikoak “modu solidarioan, eraginkorrean eta jasangarrian” eskaintzea. Testua osatu aurretik, mankomunitateak banakako hamar elkarrizketa egin ditu kide diren udalerrietako alkateekin. Horrez gainera, galdetegiak banatu ditu beharginen artean eta elkarrizketak egin ditu talde politikoekin. Oposizioko talde nagusia, EH Bildu, “talde eragilean” izan dela azpimarratu du. Hala ere, EH Bilduren ordezkariek planaren aurka bozkatu dute. Ordezkari jeltzaleen eta Abadiñoko Independenteak hautagaitzakoen aldeko botoari esker onartu da.

Diagnosi hori egin ondoren, onartu berri duten plan estrategikoan jaso dituzte helburu nagusiak: besteak beste, mankomunitatea bera gizarte, ekonomia, ingurumen eta jasangarritasunaren alde egiten duen erakundea izatea; osasuna eta ongizatea hobetzeko lan egitea; lan duina sustatzeko lan egitea; denboran zehar gerta daitezkeen gorabeheren arabera zerbitzuak etengabe egokituz joatea; administrazio hurbilago eta eraginkorrago baterantz jotzea; eta berdintasun politikak garatzea.

Mireia Elkoroiribe mankomunitateko presidentearen esanetan, “plana gobernantza eredu ireki eta kolaboratibo batean oinarrituta” dago. Herritarrekin, eragile sozial eta ekonomikoekin “harreman zuzena” zuzena izan gura dute, “parte hartzea, solidaritatea, berdintasuna eta komunitatearen ongizatea” lortzeko. Horrez gainera, planak “iraunkortasuna, berrikuntza, berdintasuna eta euskararen erabilera lortzeko “zeharkako politikak” jaso ditu.

Mankonunitateko Herritarren Informazio Batzordeko presidente Javi Crespok esan du plan estrategikoan ” pisurik handiena” gizarte zerbitzuek dutela. “Aurtengo aurrekontuen %60 baino gehiago gizarte zerbitzuetara bideratuta dago. Lanean gabiltza ahalik eta arinena gizarte zerbitzuen koordinatzaile bat izateko, gizarte zerbitzuen gutuna garatzen hasteko”.

Hondakinak, auzitan

EH Bilduk ohartarazi du mankomunitateak hondakinen bilketa pribatizatzeko asmoa duela. Hori izan da planari aurka egiteko arrazoietako bat. Antolakuntza Batzordeko presidente Josune Escotak kontatu du joan den asteko batzordean egotsi ziela koalizioak pribatizazioarena. “Galdetu genien ea nondik atera zuten hori. Erantzun ziguten plan estrategikoa aurkeztu zenean, plaren osaketa ardura izan duenak esan ziela aukera hori ez dagoela mahai gainean, baina mankomunitateak aukera guztiak aztertzen dituela. Beraz, argi dago: ez dago mahai gainean”. Mankomunitateko presidenteak berretsi egin du Escotak esandakoa.