Ekhilur ordaintzeko sistema probatzen dabiltza Bilbon

Ekhilur ordaintzeko sistema probatzen dabiltza Bilbon

Peru Azpillaga Diez

“Aldaketa sakona bilatzen dugu”. Irmoki egin du berba Alex Lopez Ekhilur kooperatibako kideak. Utopiatik ihesi, egungo jardunaren bidez “bestelako ekonomia bat” sortzeko lanean murgilduta dabil;”inori itxaron gabe, gaurdanik pausoak emateko prestutasunez”. Hain zuzen ere, helburu horrekin garatu dute Ekhilur ordaintzeko sistema berria. Bilbon eta Hernanin (Gipuzkoa) ari dira probatzen. Urtebez egingo dute saioa.

“Lortu nahi dena ez da bakarrik tokiko ekonomia bultzatzea, birlokalizatzea eta komunitatea indartzea. Horren bidez, gure azken helburua da sistema ekonomikoan aldaketa sakon bat egitea; finean, hazkundean oinarrituta ez dagoen sistema ekonomiko bat garatzea da asmoa”, jakinarazi du. Txikitik eraginez gauza handiak lor daitezkeela sinistuta dago Lopez. Horregatik, desazkundearen teorietatik edanda, eta teknologia berriak erabiliz, logika berri bat eman nahi izan diote tokiko txanponen sistemari, eta Ekhilur ordaintzeko sistema berria horren emaitza izan da.

Orain, Bilbon eta Hernanin abiatu dituzte sistemaren lehenbiziko probak, eta, dena ondo joatekotan, urtebete barru beste hainbat udalerritara hedatzea espero dute.

“Hainbat dendarirekin hitz egin dugu, ikusteko zer onarpen izango zuen sistemak, eta, egia esan, Ekhi txanponarekin aurretiazko esperientzia bat genuenez, harrera nahiko ona izan da”, kontatu du Lopezek. Sistema martxan jartzeko, REAS ekonomia solidarioaren sarearekin ere elkarlanean dabiltzala azaldu du, sistema berria garatzeaz gain, bestelako ekonomia batean oinarritutako proiektuei ere bultzada emateko.

Momentuz, 60 denda daude sisteman, eta, orain, horien bidez, dendariak “sartuz” joango direla esplikatu du Lopezek. “Zerrenda webgunean jarri dugu, jendeak ikus dezan zer-nolako eskaintza dagoen. Horren ostean, dendari bakoitzak hamar erabiltzaile sartu ahalko ditu sistema proba dezaten, bazkide izateko beharrik gabe”.

Proba saio bat izango dela erantsi du kooperatibako kideak, saretze prozesu bat garatzeko helburuarekin jarri dutela martxan. “Urtebetez saretze hori garatuz eta sistema finduz joango gara. Helburua izango da sistema aztertzea, gainontzeko udalerrietara zabaldu baino lehen: aplikazioa testatu, sor daitezkeen arazoak konpondu…”. Esan duenez, badira jada interesa azaldu duten udal batzuk, eta, behin probaldia amaituta, sistema udalerri horietara zabaltzea izango da kooperatibaren asmoa.

Sareen sarea

Lopezek zehaztu duenez, sistema osoak sare bakar bat izango balitz bezala funtzionatuko du, eta horren baitan, azpisare lokalak sortuko dituzte: “Bilboko eta Hernaniko sareen bidez, sare handi horren barruan dauden bi azpisare jarriko ditugu martxan. Orain horiek zelan funtzionatzen duten probatuko dugu, eta, gero, helburua izango litzateke sare guztiak haien artean lotuta egotea”. Haren esanetan, ideia nagusia izango da sareak haien artean elkarlaguntzea. “Sareen sare bat sortu nahi dugu, proiektuari bideragarritasuna emateko oinarri nagusi bezala”.

Izan ere, Lopezen aburuz, orain arte garatu diren proiektuak “tokikoegiak” izan dira, eta, sistema berri honen bidez, horrek sortzen zituen arazoak gainditu nahi dituzte. “Azpisareen sistemaren bidez, tokikotasuna mantenduko genuke, besteak beste, udalei haien aurrekontua ekonomia lokalera eramaten laguntzeko; baina, aldi berean, sare osoan ibiltzeko aukera ere zabaldu nahi dugu; batez ere, dendariei zuzenduta. Hortaz, jasotzen duten dirua, Hego Euskal Herriko sare osoan erabili ahalko dute dendariek; beraien hornitzaileei erosteko, esate baterako”.

Proiektua bideragarria egiteko, Lopezek dio urtebetean mila bazkide inguru lortu beharko lituzkeela kooperatibak Bilbon. “Ehun dendari eta mila bazkiderekin proiektua autosostengarria izango litzateke. Gero ikusi beharko da nola garatzen den”. Horretarako, hasiera batean, sarea eratuko den auzoko jendea animatu nahi dute parte hartzera. “Edonork parte har dezake, dendari zein erabiltzaile gisa, baina, hasiera batean, toki jakin batean zentratu nahi dugu, gure baliabideak ere mugatuak direlako, eta, azken finean, helburu nagusia ez delako soilik tokiko ekonomia bultzatzea, baizik eta toki bateko komunitate osoa”, argudiatu du Lopezek.

Zapikaleetan lehenbizi

Bilboko Zazpikaleetan abiatu dute proiektua, eta ordainketa sistema bertan garatzea izango dute helburu. “Oso garrantzitsua da Bilbon gauzak ondo joatea, erreferente handia izan daitekeelako sistema beste udalerri batzuetara hedatzeko orduan”. Hori lortzeko, funtzionatzeko era erraztu dutela esan du; eta sistemaren jarduna aztertu eta sistema bera ere finduz joango direla azaldu du.

“Ondo bidean, datorren urteko uztailean ikusiko genuke zer-nolako egoeran dagoen proiektua”, iragarri du. Behin urte oso bat igarota, proiektua baloratu eta egin beharreko aldaketak egin ostean, jada Hego Euskal Herri osora hedatu ahal izatea espero du Lopezek.