Jairik ezak baldintzatuta

Festetan ohikoak diren hainbat ikuskizun eta ekitaldi bertan behera geratu dira aurten ere, pandemiaren ondorioz. Barrakak jartzen dituztenentzat, urteko sasoirik garrantzitsuena da uda, eta diru iturririk gabe geratuko dira beste urtebetez. Hainbat kultur adierazpen ere agertokirik gabe geratu dira.

Natalia Salazar Orbe

Txertoak areagotu izanak iazkoaz bestelako uda iradoki zezakeen arren, COVID-19a sortzen duen birusaren kutsatzeak gora eta gora ari dira azken asteetan. Ingurumari horretan, aurten ere ez da ospatuko herrietako ohiko festarik. Batean eta bestean, ikuskizunak, jardueraren bat edo kontzertu txikiak antolatu dituzte, baina, betiere, ikusle edo parte hartzaile kopurua mugatuta eta segurtasun neurriak beteta.

Udalek antolatutako jarduera horietatik kanpo geratu dira, ordea, zenbait talde eta sektore. Festa giroan ohikoa zen horien parte hartzea, baina pandemia iritsi denetik ezin izan dute parte hartu jaietan.

Askorentzat, diru iturri nagusia dira udako festak. Beste batzuei, alde ekonomikoa alde batera utzita, beren lana eta kultura lau haizeetara zabaltzeko aukera eskaintzen diete. Batzuek zein besteek beste urtebete pasatuko dute ekitaldirik egin gabe. Bizkaiko Hitza-k batukada batekin, gastronomia lehiaketak antolatzen dituen elkarte batekin eta barrakak jartzen dituztenen elkarte batekin hitz egin du. Uste dute protokoloak ezarrita posible litzatekeela beren jarduerak egitea. Aurten ere aukera gutxi izango dute horretarako.

AIDA OTAOLA (Bilboko Bitxo do Sama batukadako kidea)
“Ikusleek neurriak errespetatuz gero, batukada egin daiteke”

Urte osoan desfileak, inauteriak, manifestazioren bat eta antzeko beste ekitaldiren bat edo beste izatea ohikoa izaten badute ere, garairik oparoena uda izaten da batukadentzako. Festak girotu ohi dituzte beren erritmo markatuen bidez. “Maiatzetik uztailera arteko sasoia izan ohi da garairik gorenena”. Hala azaldu du Aida Otaolak (Bilbo, 1982). Bilboko Bitxo do Samba batukadako kidea da. Abuzturako eskaerak ere izaten dituzte, baina, oporrak direla-eta nahikoa kide ez badituzte, ezezkoa eman behar izaten dute. 25 kide inguru dira, eta dozena bat behar dute, gutxienez, kalera ateratzeko.

Otaolak azaldu du udako giroa izaten dutela gustukoen. Baina iaz, pandemiarekin, dena eten zen, eta oraindik ez dira atera kalera. “Zaila izan da. Entseguak egiteko lokala aldatu berri genuen —martitzenetan egiten genituen entseguak—, eta etena etorri zen”. Iaz, uda hasieran, entsegu batzuk egiteko aukera izan zuten, segurtasun neurriak beteta. Baina entseguak besterik ez. “Hamar lagun, maskarak jantzita eta distantziak bermatuta. Pizgarria izan zen”.

Udazkenean berriro egin zuten gora kutsatzeek, eta berriz ere entseguak egiteko aukerarik gabe geratu ziren. Duela hilabete hasi dira berriro martxan. Entseguak egiteko lokal handiago bat ere aurkitu dute: Zorrotzaurren daude orain. “Joan ez arren, lokalaren alokairua ordaintzen egon gara, noski”. Batukada ez da Bitxo do Samba taldeko kideen diru iturria. Hala ere, lokala eta bestelako gastuak betetzeko lagungarriak zaizkie egiten dituzten ikuskizunak.

Otaolak garrantzitsua deritzo entseguak egiteari: “Jotzen ditugun erritmoak fresko izan behar ditugu. Zuzeneko emanaldiak egiten ditugu, eta, ez galtzeko, praktikatu egin behar ditugu mozketak eta erritmoak”. Fisikoki ere beharrezkoak dituzte: “Batez ere, musika tresna handiak dituztenentzat”.

Hilabete batzuen buruan kalera atera ahal izango direla espero du. “Guk ez dugu erakartzen milioika ikusle. Ikusleek neurriak eta distantziak errespetatuz gero, batukada egin daitekeela uste dut”. Uste du kutsatzeen intzidentzia tasa jaitsi eta arriskua txikiagoa denean posible izango dela. “Gainera, aire zabalean zailagoa da kutsatzea”.

jai1

KEPA FREIRE (Makilaren Kofradia Euskal Herriko elkarte gastronomikoko kidea)
“Ezin da plater beretik dastatu, baina politikariek ez daukate ideia berririk”

Denetariko gastronomia lehiaketak antolatu ohi dira bateko eta besteko festekin lotuta: patata tortila lehiaketa, bakailaoa, gisatua, indabak… Lehiaketa horiek antolatzen edo antolatzaileei laguntzen aritu da urteetan Makilaren Kofradia elkarte gastronomikoa. Pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu dira horiek ere. Eta Kepa Freire (Otxandio, 1947) kofradiako kideak uste du berez gainbehera zegoen elkarteari azken kolpea eman diezaiokeela COVID-19ak: “Ez dago erreleborik. Lehiaketak atzerantz doaz. Ez dago inor lan hori egiteko, hor ez baita ateratzen dirurik. Hori da arazoa. Hor ez dago dirurik tartean. Eta boluntario kontuarena amaitu da”.

Gastronomia lehiaketatan, taldeak sutondo baten inguruan kozinatzen ikusteaz gain, ohikoena zen epaileak plater bera dastatzen ikustea, bata bestearen atzetik. Era horretako irudirik ezingo da ikusi aurrerantzean, baina beste aukerarik badagoela uste du Freirek: “Noski, ezin da plater beretik dastatu, baina politikariek ez dute beste ideiarik”. Hark egin zuen proposamen bat, baina ez zioten utzi egiten. Mungian, errugbi taldeak antolatu izan du gisatua azken urteetan. “Zer egin zezaketen galdetu zidaten. Nik proposatu nuen Santa Marian, azoka egiten den lekuan, egiteko aukera. Zarratu egin daitekeen eremu bat da. Beraz, proposatu nien lehiakide bakoitzak etxean presta zezala gisatua eta ezarritako ordurako eginda ekar zezala. Gisatua utzi, eta kanpora”. Baina udalak ez zien utzi. “Ez dute konplikaziorik nahi”.

Beldur da pandemiak sortutako egoera horrek guztiak azken kolpea emango ez ote dien gastronomia lehiaketei: “Makilaren Kofradian ez dago erreleborik. Jendeak urteak ditu; nekatuta dago. Makilaren Kofradiak egunak kontatuta dauzka. Konpartsek ere, beste horrenbeste”.

Beraz, Freirek etorkizun iluna iragarri die lehiaketei. Hark ere lan hori uzteko asmoa du. 40 urte egin ditu antolakuntza lanotan. Irailean Karrantzan egiten duten Euskal Herriko ardi gisatuaren txapelketaren antolaketan parte hartu nahiko luke, baina ez du uste aurten egiteko modurik izango dutenik. “Ez da egoten jende askorik. Mendian egiten da. Lehiaketa polita da: lekua ederra da; okela Karrantzako Udalak ematen die. Dena prestatu behar dute han. Beste giro bat dauka. Izan ere, beste lehiaketatan, askok bakailao lapiko bat izaten dute gainean eta beste bat azpian”. Azpijokoei buruz ari da. “Saltsak eginda eramatea, besteak beste”, aipatu du. “Ea nork hartzen duen orain gisatua antolatzeko lana, edo indaba lehiaketarena Mungian, eta txorizo eta odolosteena. Txokoak ere itxita egon dira. Kontu hau guztia geldi geratu da, eta orain zaila izango da berriro martxan jartzea”.

jai2

ALBERTO DOMINGUEZ (Euskadiko ferietako langile autonomoen elkarteko idazkaria)
“Festetako egunetatik kanpo barrakak jartzea eskatzen dugu”

Udako festak dira diru iturri nagusia herriz herri barrakak jartzen dituztenentzat. Bigarren urtea dute apenas lanik egin gabe, eta egoera larria dutela azaldu du Alberto Dominguez Euskadiko ferietako langile autonomoen elkarteko idazkariak: “Asko eta asko hondatuta daude, eta udako kanpainatik bizi dira”.

Santurtzin eta Bilbon etxeko txikienentzako barrakak jarri dituzte. Lehenengoan, festen egunetan eraman dituzte barrakak herrira. Bizkaiko hiriburuan, berriz, pandemiaren egoera ikusita, baztertu egin dute Aste Nagusian Etxebarriako parkean jartzea, eta barruti bakoitzean bizpahiru jarriko dituzte. Dominguezek Etxebarria parkean jartzea nahiko luke. “Ulertzen dugu festetako egunetan jarri ezin izatea. Baina festetako egunetatik kanpo jarri ahal izatea eskatzen dugu. Ez dugu ulertzen hori ez baimentzea”.

Sinetsita dago barraken eremuak leku seguruak direla: “Hesitutako eremuak dira, sarrera eta irteera berezituekin, eta atrakzioak etengabe garbitzen ditugu”. Bete beharko luketen protokoloren bat ezartzeko eskatu du, eta azaldu du ezar diezazkieten neurriak beteko lituzketela. “Feria txikiagoa egin behar bada, prest gaude; baita edukiera mugatzeko ere. Baina ezer ez. Hemen ez dago protokolorik. Ez dago egin beharko genukeena zehazten duen araudirik”.

Hainbat erakundetara jo dute azaltzeko zenbait lekutan feria handiak egin dituztela eta ez dela egon kutsatzerik. “Bideoak ikusteko eskatu diegu, arren, ikus dezaten iaztik zer-nola ari diren lanean Valentziako [Herrialde Katalanak], Sevillako [Espainia], Logroñoko [Espainia] jaietan… Ez du ezertarako balio, ordea”. Gazteei ere aisialdirako aukera hori kentzen dietela salatu du.