Euskal Encounter BECen da

Euskal Encounter BECen da

Peru Azpillaga Diez

Euskal Encounter topaketa, Euskal Herriko lanparty-rik garrantzitsuena, BECera itzuli da 29. ekitaldia egiteko. Iazko online formatua atzean utzita, formatu presentzialean egingo da berriro topaketa. Era horretan, domekara bitartean, sormen digitalarekin, hardwarearekin, software librearekin eta bideo-jokoekin lotutako dozenaka ekintza eta lehiaketa eskainiko ditu topaketak Barakaldoko BEC erakusketa azokan. Aitzitik, aurrez aurreko formatua berreskuratuko duten arren, parte hartzea mugatuta egongo da, eta arau bereziak ere ezarriko dira osasun neurri guztiak behar bezala bete ahal izateko.

“Konfinamendua hasi zenean, Gipuzkoako Encounterra bertan behera utzi behar izan genuen, eta, orduan, hurrengo egitasmoak zelan mantendu zitezkeen pentsatzen hasi ginen”, hasi da azaltzen Sabino San Vicente Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzailea. “Bagenekien jenderik gabe izango zirela, eta, beraz, iazko topaketak online egitea erabaki genuen”, erantsi du. Hala antolatu zuten 2020ko Euskal Encounterra, Urretxun (Gipuzkoa): “Orain dela 29 urte bertan sortu zen Encounterra, eta era sinbolikoan bertatik egitea adostu genuen; azken finean, antolatzaileak baino ez ginen elkartu fisikoki, eta han egonda kudeatu genuen ekitaldi osoa”.

3.300 pertsona aritu ziren aldi “berezi” hartan. San Vicentek azaldu du geroztik beste egitasmo batzuk ere online antolatu dituztela. Hala ere, Euskal Encounterra formatu presentzialean egiteko erronkari heldu diotela nabarmendu du: “Segurtasun plan bat egin genuen, eta onartu egin ziguten. Bagenekien ez zela urteroko Encounterra izango, baina aurrez aurreko harremana berreskuratu nahi genuen, eta horren aldeko apustua egin dugu. Posible izanik, ez genuen zalantzarik izan, bertan behera uzteko arriskua handiagoa zela bagenekien arren”.

Osasun neurriek Euskal Encounterren funtzionamendua baldintzatuko badute ere, antolakuntzatik jakinarazi dute topaketen atal guztiak mantenduko direla, eta, beraz, topaketetan azken aldietako ekintza eta lehiaketa guztiak eskainiko dira.

Euskal Encounter 28

Lau atal nagusi

Encounterrak jardun digital eta teknologikora lotutako lau atal nagusi izaten ditu urtero: Jokoak, Hardwarea, Software Librea eta Arte Digitala. “Urtero bezala, PC eta bideokontsola jokoak izango ditugu alde batetik. Hori erraza da distantzia mantenduta egitea, azkenean tokitik mugitu gabe egiten delako, eta alorrik arrakastatsuenetariko bat izaten delako”.

Hardware atala ere presente egongo da 29. aldian. San Vicentek kontatu duenez, modding-a —ekipoa moldatzea—, aldaketa eta pertsonalizazioa izateaz gain, sorkuntza eta abilezia ere eskatzen dituen jarduera bat da, eta horrekin “gozatzeko eta ikasteko” sortu zen gunea da Hardware atala: “Gune honetan aldaketa batzuk egin behar izan ditugu, azken finean, parte hartzailea hurbildu egiten zelako bertan jartzen genuen gunera, eta, oraingoan, antolatzaileak izango dira parte hartzailearengana hurbilduko direnak; hala ere, funtsezkoa ikusten genuen tokia mantentzea”.

Horretaz gain, software libre lehiaketa eta arte digitalean oinarritutako atala ere izango dira Encounterrean. “Software libre lehiaketak nahiko fama handia du, eta jende askok hartzen du parte urtero. Arte digitaleko atalean, berriz, jokoen programazioan, ordenagailu bidezko musikan, grafikoetan eta animazioan sakontzeko aukera izango da”, azaldu du San Vicentek.

“Aldaketarik nabarmenena Beste jarduerak izeneko atalean emango da”, erantsi du: “Azkenean jendea denbora osoan pantaila aurrean egon ez zedin, bestelako ekintzak antolatzen genituen topaketetan, jendeari aukera emateko harremanak izateko eta elkar ezagutzeko”. Aurten, ordea, atal hori alde batera utzi behar izan dute.

Horrekin batera, hitzaldiz, tailerrez eta bestelako jardueraz osatutako Open gunea ere online formatuan eskainiko da soilik. “Online kanal irekia izango da: edonor sartu ahalko da ikustera, topaketetan parte hartu edo ez. Eremu horretan, hitzaldiak eta erakusketak egingo dira, doan, gaurkotasun handiko informatika gaiei buruz, bai eta interesa duen orori teknologia hurbiltzeko tailerrak ere”, kontatu du jaialdiaren arduradunak.

Aurtengoa, bada, berezia izango da. “Baldintza asko daude, eta gogorrak dira. Parte hartzailea ere mugatuta egongo da: normalean taldeetan etortzen dira, eta oraingoan ez da posible izango; beharrezkoa izango da bi metroko distantziarekin egotea; maskara jarrita izan beharko dute une oro, eta badakigu ez dela esperientzia berdina izango”, aitortu du San Vicentek. “Harremana zeharo galtzen da, eta nahiz eta arlo digitalean dabiltzan parte hartzaileak izan, faltan botako da jendearekin egoteko eta harremanak estutzeko arlo hori”.

Euskal Encounter 28

Normaltasunerantz

Esan du neurriak bermatuz topaketa antola zitekeela ikusi zutenean “arriskatzea” erabaki zutela: “Lehen pauso bat da, eta pixkanaka lehengo Encounterreko ohiko formatura hurbilduz joan beharko gara, erraza izango ez den arren. Oraingoan %10era mugatuta egongo da jende kopurua, baina, neurriak neurri, ziur gaude oso esperientzia polita izango dela, eta gure betiko espirituari eutsiko diogula”. Aurtengo aldiari berriz erreparatuz, San Vicentek”ardura eta errespetua” eskatu dizkie parte hartzaileei: “Azkenean garrantzitsuena hori izango da. Ez gaude kezkatuta, parte hartzaileek beti izan dutelako oso jarrera ona; beraz, espero dugu, aldi berezi honetan ere arduraz eta errespetuz jokatzea, dena ondo joan dadin”.

Izan ere, arnasa luzeko egitasmoa da Euskal Encounter. Honakoa bere 29. urtea du, eta, 2019an, baldintza “normaletan” egindako azken aldian, 5.000 pertsona baino gehiago batu zituen Barakaldoko BEC erakustazokan. “Aldaketa ikaragarria eman da sorreratik: programatzaile, grafista eta soinu eratzaileen topaketa bat izaten hasi, eta gaur egungo munstroa bilakatu da”, gogorarazi du San Vicentek.

Dena den, aldaketa nagusia pandemiak eragin duela deritzo, eta mesfidati mintzatu da etorkizunaren inguruan: “Aldaketa sakonak izan dira, baina, nire ustez, hau izango da sakonena. Online egin ostean, eta orain osasun neurriekin, zaila izango da lehengora itzultzea. Ikusi beharko da nolako bilakaera duten topaketek, eta ondo hausnartu beharko dugu zer egin aurrerantzean”