Erromes eta ostatu gutxi bidean

Erromes eta ostatu gutxi bidean

Ibai Maruri Bilbao

Etzi izango da Done Jakue apostoluaren jaia, domekaz. Hori gertatzen den aldiro, Elizak Done Jakueren urtea ospatzen du. Azken hamarkadetan, milioika erromesek osatu dute Santiago de Compostelara arteko bideetako bat. Aurten, pandemia dela eta, bestelakoa da egoera: ez da espero jendetzarik, osasun larrialdiagatik jubileu urte hau 24 hilabetekoa izango den arren. “Aterpetxeetan ostatu hartzen dutenak zenbatuta kalkulatzen dugu zenbat erromes dabilen; baina, aurten, itxita dauzkagu. Egoitzara erromesen sinestamendua sinatzera datozenak ikusten ditugu, eta oso gutxi dira”, azaldu du Isabel Alzorriz Bizkaiko Santiago Bideen Lagunak elkarteko presidenteak.

Boluntarioak dira. Gaur egun, 300 inguru. Baionatik Santiagora doan kostaldeko edo iparraldeko bidearen Bizkaiko zatia eta Bilbotik Gaztelarantz doan ahaztutako edo mendialdeko bidearen zatia zaindu, mantendu eta ezagutzera ematea da haien egitekoa. Normalean, otsailean egiten dituzte irteerak bidearen mantentze lana egiteko. Aurten, urrian egingo dute. Herrialde historikoan dauden aterpetxe publikoen ardura ere badute: borondatearen truke ostatu ematen diete erromesei. Iazko martxotik itxita daude. “Zabaltzea oso arriskutsua da. Hara joan den astean Bilbon etxegabeen aterpetxe batean zer gertatu den: koronabirusaren agerraldia izan dute”. Hustu egin dute, hogei egoiliarrek positibo eman ondoren. Galizian, erromesen aterpetxe batean ere izan da agerraldia.

Kexatu da, jarraitu beharreko protokoloa ez delako argia. Ez dakite nor onartu dezaketen eta nor ez. “Euskadin [EAE] txertaketa agiria dugula diote. Eta atzerritarrek? Agiri hori gabe datorren erromesari ez diogu sartzen utziko? Ostatu emailea penaz hilko da. Nola utziko du aterperik gabe kilometroak oinez egin dituena?”.

Hainbat baldintza ipini dizkiete. Hasieran ezarri zizkieten arauen artean, hauek daude: maskara beti, baita lotarako ere; erromesen arteko distantzia; aterpetxera iritsitakoan, sarreran arropa kendu eta poltsa zarratuetan sartu; leku komunak banaka erabili… “Ostatu emaileak ez du polizia izan gura. Gainera, borondatez ematen diguten diruarekin mantentzen dira aterpetxeak, eta, ohe kopurua gutxitu behar bada distantziagatik, ez da bideragarria zabalik edukitzea”.

Beraz, aurten, zer aukera ditu Donejakue bidea egin gura duen erromesak? Aterpetxe pribatuak. Miguel Angel San Juan Alacantekoa da (Herrialde Katalanak). Aurretik bide frantziarra eta zilarraren bidea osatu ditu. Aurten, kostaldekoan dabil; egunotan, Bizkaian. “Ahalegindu naiz aterpetxe pribatuetan erreserba egiten, lo egiteko lekua bermatuta edukitzeko. Denek ez dute aukera hori eskaintzen, eta batzuk garestiak dira”, kontatu du, Bilbora iritsitakoan. Lotarako lekua lotuta edukitzeak “askatasuna kentzen” duela uste du. Txertoaren dosi biak jarrita dauzka, eta “lasai” dabil. Halere, jendearekin elkartzean distantzia mantentzen du, eta maskara beti du aldean.

Doako bakarra zabalik

San Juanek Bizkaian zabalik topatu duen doako aterpetxe bakarra Ziortzako monasteriokoa da, Ziortza-Bolibarren. “Ez dugu inoiz zarratu, eta ez dugu zarratuko: gure egitekoa da aterpea eskaintzea behar duenari”, azaldu du Antonio Maria Martin zistertar fraideen komunitateko prioreak. 21 ohe dituzte, eta, egun batzuetan, denak betetzen zaizkie. Afaria eta armosua ere ematen dizkiete erromesei, eta dutxatzeko aukera ere eskaintzen zaie.

“Oro har, askoz jende gutxiago dabil. Baina gure kasuan beherakada ez da hainbestekoa. Markina-Xemeingoan ostatu hartu beharko luketenak orain hona etortzen dira, hura zarratuta dagoelako”. Azaldu du normalean eurenera erromesak tokiaren sinbolismoak erakarrita joaten direla, edo eurekin otoitzaldietan parte hartu gura dutenak. Monasterio izan aurretik, Ziortza kolegiata izan zen, eta Donejakue bidean geldiune garrantzitsu.

Martinek esan du erromesak eurak arduratzen direla ez kutsatzeko neurriak hartzeaz. “Orain arte ez dugu arazorik izan. Guk kontuz ibiltzeko esaten diegu, eta denak oso ondo portatzen dira: distantziak mantenduz eta musukoarekin”. Orain, pandemia dela eta, aire zabalean afaltzen dute.

Alzorrizek uste du neurri guztiak ere gutxi direla. Tristura ematen die jubileu urtea horrela ospatzeak. “Baina bidea beti egongo da hor. Horregatik, arduratsuak izan behar dugu: ostatu emaileok eta erromesok. Osasun larrialdian gaude, eta orain dagokiguna da geure burua eta ingurukoak zaintzea. Aurten bidea egiteko asmoa banu, beste baterako utziko nuke. Orain ez da momentua”.