Bizkaian barrena, Santiagora joateko

Bizkaian barrena, Santiagora joateko

I. Maruri Bilbao

Done Jakue apostolua Jerusalemen hil zuten, baina, tradizio kristauaren arabera, hil ondoren aurretik berak ebanjelizatu zuen Iberiar penintsulara ekarri zuten haren gorpua. Gaur egun Santiago de Compostela den hirian lurperatuta zegoen sinestea hedatu zen Goi Erdi Aroan. Ustezko mirari bati esker, 820. urtean topatu zituzten Done Jakueren hezur modura gurtzen direnak. Laster hasi ziren penintsulako erreinu kristauetako herritarrak hilobia bisitatzera joaten. Europan barrena hedatu zen berria, eta kontinente osotik hasi ziren erromesak iristen. Hala sortu ziren Donejakue bideak.

Lehena Oviedotik (Asturias, Espainia) Compostelara artekoa izan zen. Apurka, Kantauri kostalde osoan hedatu zen; Baionatik sartzen da Euskal Herrira. Hori da Bizkaitik igarotzen den bide nagusia. Erresuma kristauak hegoalderantz hedatu ahala, Bordele (Akitania Berria, Frantzia) eta Astorga (Gaztela eta Leon, Espainia) lotzen zituen galtzada erromatarra ere euren kontrolpera igaro zen. Hori da egungo biderik ezagunenaren abiapuntua, bide frantziarra izenekoa; ez da Bizkaitik igarotzen, baina bai Euskal Herritik. Frantziatik datozen hiru bidek egiten dute bat Ospitalepean (Zuberoa). Donibane Garazi eta Orreaga pasatuta, hegoaldera egiten du, Garesera arte (Nafarroa). Han Okzitania ekialdetik datorren beste bide bat batzen zaio. Nafarroako lurrak igarota, Gaztelako eta Leongo erresuma zaharrak zeharkatzen ditu, Galiziara iristeko.

Bi bideen artean badago beste bat. Kostaldeko bidean, Bilbon, Muskizerantz barik, Gueñeserako bidea har daiteke lehen etapa batean; bigarrenean, Zalla eta Balmaseda igaroko ditu erromesak. Ondoren, Gaztela iparraldetik Leonera jarraituko du, han frantziarrarekin elkartzeko. Bide ahaztua edo mendialdekoa du izena hirugarren horrek. Ezagutzera emateko lanean dabiltza. Oraindik ere kostaldekoa da nagusi Bizkaian; hauek dira herrialdean dituen etapak:

MARKINA-XEMEINDIK GERNIKA-LUMORA. 25 kilometro

Markina-Xemeindik sartzen da Donejakue bidea Bizkaira. Herrian lo eginda abiatuko da erromesa, Gernika-Lumorantz. Oiz mendiaren magaletik, Lea eta Artibai errekak igaro beharko ditu. Simon Bolivarren sorterritik igaroko da, eta Ziortzako monasterioan atseden hartzeko aukera izango du. Bizkaiko begiratokitik ikuspegi ederra izango du. Eta Urdaibaiko itsasadarrean bukatuko du etapa. Gernika-Lumon arbola eta Batzar Etxea izango ditu zain.

GERNIKA-LUMOTIK LEZAMARA. 21,8 kilometro

Bizkaiko jaunek eta andreek foruen zina egiteko ibili behar izaten zuten bidearen zati bat egingo du erromesak. Tartean, Larrabetzuko San Emeterio eta San Zeledonio zin elizatik igaroko da. Txorierrin iritsita, landa ingurunearen eta industriaren arteko trantsizioa hasiko da paisaian.

LEZAMATIK BILBORA. 11,2 kilometro

Malpikako markesaren dorretxea igarota, Bizkaiko Parke Teknologikora sartuko da erromesa. Ondoren, Iturritxualde mendira igo eta gero jaitsi egin beharko du —300 metroko desnibela du—, Txorierritik Bilbora pasatzeko. Bizkaiko zaindari Begoñako Amaren basilika topatuko du, parez pare, hiriburuan sartutakoan. Mallonako galtzadetan behera, Zazpikaleetara iritsiko da. Bilboren sorburu izandako auzo horren bihotzean, hiriko zaindariaren omenez eraikitako Santiago katedrala dago. Santiagokoarekin batera, Donejakue bidean apostolu haren izenean dagoen bakarra da.

BILBOTIK PORTUGALETERA. 19,7 kilometro

Etapa urbanoa da. Zazpikaleetatik irten, eta, San Anton zubitik, ezkerraldeko ibarrera igaro behar da, Bilbo Zaharrera. Ondoren, Zabalguneko kale zabaletatik doa bidea. Kobetamendin dago aterpetxea. Kadaguaren gaineko Deabruaren Zubira jaitsi ondoren, erromesak Santa Agedara daraman galtzadarekin topo egin du. Bilboko itsasadar ertzetik, Portugaletera iritsiko da, gizateriaren ondare den Bizkaiko Zubira.

PORTUGALETETIK POBEÑARA. 12,3 kilometro

Kostaldeko bidea itsasora itzuliko da berriro, Bizkaia lehorretik zeharkatu ondoren. Bide leuna da, Serantes eta Montaño mendien artetik. Meatzaritza gertutik ezagutuko du erromesak. Pobeñako Sokorruko Ama Birjinaren ermitan bukatuko da etapa. Gertu dago lotarako aterpetxea. Biharamunean, Bizkaia utzi eta Kantabriara (Espainia) abiatuko da.