Agurtzen (ez) nauen horri

Elkar ezagutzen garen arren (batzuetan) agurtzen ez nauen horri:

Zer moduz zaude? Badakizu nor naizen, ezta? Nik ere sobera dakit nor zaren zu; sarri egiten dugu topo kalean, tabernan zein beste edonon. Nire izena ere badakizula esango nuke, nik ere ondo dakit zurea. Zure lagun batzuena ere badakit, eta baita zuk nire lagun batzuena ere. Ez dakit ohartu zaren inoiz, baina batzuetan ez nauzu agurtzen. Izan ditugu sasoi antzuagoak ere, halako boladetan ez didazu sekula agurrik egin izan. Azkenaldian, unearen, lekuaren edota konpainiaren arabera desberdin jokatu duzu. Ez dakit nahita jokatzen ote duzun horrela; lotsati selektiboa izan zaitezke, helburu argiren bat duen estrategia garatu bat izan dezakezu edota agurraren konpromisoak ito egiten zaitu. Bada beste aukera bat ere: ez nauzu agurtu nahi, zure agurra oso garrantzitsua dela uste duzulako eta merezi dudanean soilik eskainiko didazula erabaki duzulako.

Zenbat bider begiratu duzun ikusteko ezer ez zegoen alde horretara diosala ez egitearren. Zenbat bider pentsatu dudan hurrengo batean nik ere ez zaitudala agurtuko, baina alferrik. Zailagoa zait agurra ukatzea agurtzea bera baino. Beharbada zorrotzegi jarriko naizela pentsatuko duzu, baina bada beste zerbait. Agurraren intentsitatearekin jolasteko duzun modua ere deigarria iruditzen zait —deigarria diot, deserosoa, umilgarria, bidegabekoa… ez esatearren—. Sakelakoaren bolumena nola, hala modulatzen duzu zure agur egiteko modua. Ia igartzen ez den begi keinu leun bat izan daiteke gaur. Eta beste egun batean lau metrora has zaitezke agurtzen, besoa airean mugituz eta ni besarkatzeko gogoa duzula adieraziz. Gehien aztoratzen nauena ez da egiten duzuna, egingo duzuna aurreikusteko gai ez izatea baino.

Aldarte aldakorrekoa izango zarela pentsatzen dut egun ona dudanetan. Eta egun txarra dudanetan, harro zikin bat zarela pentsatzen dut. Nik ere barneratuta daukat sakelakoaren bolumenarena, eta beti ez nau berdin mintzen zure jarrerak. Neure buruarekin ondo sentitzen naizenetan, zu agurtzera joan eta agurra ukatzen badidazu irribarre egin eta burua astintzen dut alderik alde. Nire barnerako pentsatzen dut: “Gizajoa bera; zer gertatzen ote zaio?”. Tristea behar du gero… Baina baxuago nagoenetan, zulo bat egiten didazu sabelaren erdian. Nire barrurako hasten naiz: “Horrek ere ez nau agurtzen, zerbait egingo nion beharbada, ez dut balio, barregarri gelditu naiz…”.

Aspalditik neukan zurekin honi buruz hitz egiteko gogoa, eta azkenean hemen idaztea pentsatu dut. Oporrak hartuko ditut ordainpeko lanetik eta konpromiso sozialetatik ere oporrak hartuko ditudanez, une egokia iruditu zait hau. Agurtzea edo ez agurtzea publikoki egiten duzun zerbait den neurrian, elkarrizketa honek ere publikoa behar zuela pentsatu dut. Komunikazio krisiak gertatzen diren eremuan konpondu behar direla diote, eta nik publikoan gertatzen dena publiko egitea erabaki dut. Ulertuko duzulakoan (edo ez, aldartearen arabera inporta dit horrek ere), jaso ezazu nire agurrik beroena.