Abusuko auzokide bat kaleratze arriskuan dagoela salatu dute

P. Azpillaga Diez

Bilbon, Abusuko Olatxu auzoan bizi den emakume bat da Joaqui. 60 urtetik gora ditu, eta alabarekin eta bi ilobekin bizi da. Laurak etxetik kaleratzeko arriskuan daude. Hain zuzen ere, asteazkenean zuen Joaquik etxetik joateko agindua, baina, haren egoera zaurgarria dela eta, epaileak atzeratu egin du etxegabetzea. “Orain hilabete bat gehiago daukagu Joaquiren kaleratzea gelditzen saiatzeko. Arriskua hor dago oraindik, eta, horregatik, lanean jarraituko dugu kaleratzea gelditu edo ordezko etxebizitza bat lortu arte”, ohartarazi du Ane Arnaiz Batu Elkarlaguntza Sareko kideak.

Azaldu duenez, Abusuko auzo elkartearekin eta auzokideekin egindako lanari esker lortu dute epaiketa atzeratzea; “denek batera lan eginez”, egoerari buelta ematea espero du. Izan ere, aitortu du Joaquiren egoera konplexua dela: “Arazoa 1997tik dator: Garai hartan, akordio bat sinatu zuen bere senarra zenarekin, etxebizitzaren eskriturak aldatzeko. Hala, senarra etxearen gozamenarekin geratu zen, eta Joaqui jabetzarekin”.

Arnaizek kontatu duenez, handik urte batzuetara, 2008an, banandu egin ziren, eta Joaquik salaketa jarri zion senar izandakoari genero indarkeriagatik: “Baina salaketak preskribatu egin zuen, eta, hala ere, Joaquik bi urte eman ditu eskoltarekin, senar izandakoak urruntze agindua urratzen zuelako”. Orain, senar izandakoak Joaqui salatu du etxearen gozamena berak duela esanez. Auzitegiak Joaqui, haren alaba eta bi ilobak kaleratzeko agindua eman du. “Lotsagarria da. Gainera, gizarte zerbitzuek aspalditik ezagutzen dute kasu hau, eta ez dute ezer egin”, erantsi du Arnaizek. Joaquik auzokideengana jo zuen laguntza eske, eta haiek Batu Elkarlaguntza Sarearekin harremanetan jarri ziren.

“Batez ere, kasua ezagutarazten saiatu gara, eta gizarte zerbitzuei presioa egiten, Joaquiren kasuan esku har dezaten. Zaurgarritasun txostena lortu genuen, eta, oraingoz, kaleratzea bertan behera uztea lortu ez dugun arren, atzeratzea lortu dugu”. Auzoko jendeak “kontzientzia hartu” duela deritzo, eta Joaquiren kaleratzea gelditzeko sare bat osatu dutela nabarmendu du. “Orain, hilabete daukagu konponbide bat lortzeko”.