“Utzikeriak” hiltzen ditu

“Utzikeriak” hiltzen ditu

Peru Azpillaga Diez

Lan heriotzak prekaritatearen aurpegi bortitzena dira”. Azken hiru urteetan, Muxikan, baso langile bat hil da urtero. Azken ezbeharra joan den uztailaren 7an jazo zen: 27 urteko langile batek gidatzen zuen makina irauli, hamabost metroko ezponda batetik erori eta kabina barruan jasotako kolpeengatik hil zen. Luis Fernando Laura zuen izena, eta Choquevica enpresako langilea zen, baina, sektoreko beste hainbat langile bezala, Biarritz CO2 S.L. enpresarentzat azpikontratatuta lanean ari zela izan zuen istripua. Aurten Bizkaian hildako hamahirugarren langilea izan da Landa.

“Sektorean pairatzen dituzten arriskuak eta prekaritatea oso handiak dira”, salatu du Lurdes Eraso LAB sindikatuko Lan Osasuneko arduradunak. “Beti azpikontraten bidez egiten dute lan; istripu guztietan hala izan da, eta kasu guztietan arrazoi berberak topatu ditugu: zuhaitzak gainera etortzea edota makinekin izandako istripuak”, azaldu du. Atzean “prekaritatea” dago beti: “Enpresa txikiak dira; sindikatuok ez dugu ordezkaritzarik. Egoera larria da: langile gutxi daude, eta heriotza tasa altua da”.

Datuak kezkagarriak dira. Aurten Euskal Herrian hildako hirugarren baso langilea izan da; bigarrena Bizkaian. “Urtarrilean izan zen lehenbiziko istripua, Ezkio-Itsason [Gipuzkoa], eta otsailean bigarrena, Ugaon”, jakinarazi du Leire Heredia ELA Sindikatuko Lan Osasun arloko arduradunak. Gertaeren ezaugarriak behin eta berriz errepikatzen direla esplikatu du Herediak ere: “Lur malkartsuetan egiten dute lan, makina arriskutsuarekin eta eguraldiaren menpe”.

Hain zuzen ere, hori da harrigarriena Herediaren aburuz: “Badakigu zergatik gertatzen diren istripuak, eta hori da larriena: inork ez du neurririk hartzen ezbeharrak saihesteko”. Bat etorri da Eraso: “Oso lan teknikoak dira: formakuntza ezinbestekoa da, eta ez da ematen. Bideak ondo ikusi behar dira, lurrak aztertu…”. Prebentzioan jarri dute biek arreta. “Horrek dirua eskatzen du, eta enpresek ez dute ezer jakin nahi; azpikontratak izanda gainera, are zailagoa da”, esanez kexatu da Eraso.

Arazo estrukturala

Baso langileek duten arriskua, ordea, ez da kasu bakan bat. Garraio arloa, eraikuntza… hainbat dira lan istripu tasa altua duten sektoreak. Datuek ere hala adierazten dute. Izan ere, azken urteetan Euskal Herrian hildako langileen kopuruak adierazgarriak dira: 2018an, 68 —Bizkaian, 30—; 2019an, 44 —Bizkaian, 15—; 2020an, 77 —Bizkaian, 25—; eta, aurten, 32 dira jada bizia galdu duten langileak —Bizkaian, 13—.

“Kopuruak aldatzen diren arren, etengabe errepikatzen den errealitatea da. Inposatutako politika neoliberalen arazo estrukturala da hau”, azpimarratu du Erasok. “Prebentzioa gastu gisa hartzen dute, eta, enpresa handietan legea betetzen ez bada, txikietan zer esanik ez”, erantsi du. Hortaz, deritzo arazoaren oinarrian “egiturazko arrazoiak” daudela: “Azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, kontratu partzialak, lan erritmo biziak eta formakuntza falta; azkenean, lan kostuak murrizteko eta irabaziak mantentzeko, prekaritatean sakontzen da, eta ez da prebentzio errealik egiten. Utzikeria dago”.

Ados da Heredia: “Prebentzio arloan enpresak du ardura: berak bermatu behar du langile guztien osasuna eta segurtasuna. Hori, teorian, oso polita da, baina praktikan ez da betetzen, eta prekaritate oso handia dago”. Ohartarazi dute “onartezina” dela aurtengo zazpi hilabeteetan Euskal Herrian 32 hildako egotea. “Enpresetan ditugun baliabideekin halako datuak onartzea lotsagarria da. Badirudi urtero hainbat langileren bizia galtzea amortizatuta dagoela, erakundeek ez baitute ezer egiten”, kritikatu du ELAko kideak.

Erasok ere datuei erreparatu die. Dioenez, lan istripuetan hildakoen %25ek azpikontrata batean lan egiten dute; %35 harrapatuta, kolpea jasota edo altueraren batetik erorita hil dira. “Azken horiek segurtasun neurriekin saihestu daitezke. Aurrekoan langile bat hil zen Durangon, hamabost metroko garaieratik erorita. Legeak dio bi metrotik gora lan egiteko lotuta egon behar dela”. Eraikuntzako sektoreaz gain, garraiolariena ere ekarri du gogora: “Haien lan istripuak trafiko istriputzat jotzen dira”.

Prebentzioa oinarri

Horren aurrean neurriak hartzeko garaia dela aldarrikatu dute. Azken urteetan gehiengo sindikalak egindako lana aipatu dute. “Guk argi dugu: lan baldintzak hobetu behar dira, eta enplegua duindu. Laneko indarkeria honi aurre egiteko, ezinbestekoa da gobernuak neurriak hartzea eta enpresen gaineko kontrol gehiago ezartzea”, dio LABeko kideak.

Izan ere, diotenez, lan ikuskarien gabezia “handia” da. Herediaren arabera, Europako batez bestekoarekin alderatuta, EAEn 100 teknikari gehiago beharko lirateke; Nafarroan, 50. “Legea badugu, eta baita protokoloak ere, baina errealitatea da prebentzioa ez dela betetzen; ez da serio hartzen; gobernuak eta patronalak beste alde batera begiratzen dute, eta, hori kontrolatzeko baliabideak jarri ezean, ezinezkoa izango da arazoa konpontzea”.

Istripu ez traumatikoen gorakada ere “itzela” dela ohartarazi dute. Gogorarazi dute arazo ergonomiko eta psikosozialetan ere arreta jarri behar dela. “Enplegu feminizatuetan gertatzen dira gehienbat, eta ez da kasualitatea. Berriro diskriminazio itzela pairatzen dugu, lan osasunean gaixotasunak eta istripuak ezkutuan geratzen direlako. Lan batzuek hil egiten dute, baina beste batzuek pixkanaka ekartzen dute heriotza, eta horiek, batez ere, emakumeek betetzen dituztenak dira”, salatu du Erasok.