Ibai Maruri Bilbao
Uda iristearekin batera, aire zabaleko aisialdi eskaintza nabarmen handitzen da: kirola, hondartza, mendia, kultura… Azken bi urteotan COVID-19ak eragindako osasun larrialdiak, oro har, nabarmen mugatu du jardueretako batzuetan parte hartzeko aukera. Baina badira ohiko urteetan ere zailtasunak dituztenak: elbarriak eta ezinduak. Horregatik, pertsona horien inklusioan pauso berriak emateko gero eta ugariagoak dira han eta hemen sortu diren egitasmoak. Hona Bizkaian dauden hiru adibide.
Duela hamazazpi urte eskaini zieten lehenengoz elbarriei bainu zerbitzu lagundua Bizkaiko hondartza batzuetan. Bidaideak elbarrien erakundeak sustatutako egitasmoa da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzarekin. Aurten ere eskainiko da. Joan den uztailaren 1ean ekin zioten, eta abuztuaren 31ra arte egongo da erabilgarri, sei hondartzetan: Arena (Muskiz), Ereaga (Getxo), Laidatxu (Mundaka), Isuntza (Lekeitio), Arrigorri (Ondarroa) eta Plentzian. “Helburua argia da: laguntasuna behar duten pertsonek, mugitzeko arazoak dituztenek ere, gure hondartzez gozatu eta bainua hartzeko aukera izatea”, azaldu du Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak. Urtez urte izan duen “arrakastaren” ondorioz gero eta hondartza gehiagotan eskaintzen ahalegintzen direla esan du.
Zerbitzua eskaini ahal izateko, Bidaideak elkarteko 21 monitore espezializatu egoten dira sei hondartza horietan. 11:00etatik 19:00etara egongo da irekita, abuztua bukatu bitartean, egunero. Besteak beste, honako baliabide eta elementu hauek dituzte hondartzetan: 30 gurpil aulki anfibio —horietatik bederatzi, mendekotasun arina duten pertsonentzat dira; hamabost, erdi mailako mendekotasuna dutenentzat; eta beste zazpi, mendekotasun handia dutenentzat—; hondarrean ibiltzeko bereziak diren 70 makulu pare; eta monitore taldeari erabiltzaileak mugitzen laguntzeko lau garabi hidrauliko. Laguntza guneetan, gainera, hondartza bakoitzean arreta emateko behar den azpiegitura guztia dago: egurrezko plataformak, karpak, aulkiak, mahaiak, bainugela egokituak eta aldagelak. Horrez gainera, etxetik hondartzara arazorik gabe joan ahal izateko garraio zerbitzu berezi bat ere eskaintzen du programak.
Zerbitzuaz gozatu nahi duten sei pertsonatik gorako talde guztiek aldez aurretik erreserba egin beharko dute. Horretarako, 94-426 66 00 telefono zenbakira deitu edo info@bidaideak.org helbidera idatzi beharko dute. Osasun larrialdea dela eta, iaz bezala, agintariek ezarritako segurtasun neurri guztiak bermatuko dira.
Lehen urtea du Surf Irekia egitasmoak Sopelan eta Plentzian. Jaiki Surf Eskolak eta 3DLAn garapen teknologikorako elkarteak ipini dute martxan, elkarlanean. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntza du, eta Sopelako, Plentziako, Barrikako eta Getxoko udalek eta Gaude, Apnabi, Fekoor, Aspace eta Gorabide elkarteek ere parte hartuko dute. Helburua da ezintasun funtzional, sentsorial edo intelektuala duten pertsonek ere surfaz gozatzea. Izan ere, Jaiki eskolakoen esanetan, kirol horrek hainbat onura ditu: “Osasun fisikoa eta mentala ematen du, naturan gozatzen da, hazkunde pertsonala eskaintzen du eta komunitatean praktikatzen da. Faktore horiek guztiak dibertsitate funtzionalak dituzten pertsonei ere hurbildu nahi zaizkie”, esan du Lurta Nikolas proiektuaren sustatzaileak. 3DLAN irabazi asmorik gabeko elkartearen parte hartzeari esker, dibertsitate funtzional mota desberdinetara egokitutako materialen diseinua ere egin dute. Laboral Kutxari esker, surf eskola egokitu horietan parte hartzeko 300 beka eskainiko dituzte. Parte hartu nahi izanez gero, Barrikasurfcamp.com webgunearen bitartez eman behar da izena.
Mugitzeko arazoak dituztenei Santurtziko Serantes mendira igo, hango gotorlekuaren aztarnak ezagutu eta handik dagoen ikuspegiaz gozatzeko aukera eskaini nahi die hango udalak. “Honako hau irisgarritasunean aurrera egiteko urrats bat da, bai mugikortasun murriztua duten santurtziarrentzat, bai turismo irisgarria sustatzeko”, adierazi du Joseba Ramos Turismo zinegotziak.
Jarduera astero egingo dute, zapatuetan, iraileko azken astera bitartean. Hala ere, parte hartzeko eskari handia egonez gero, eskaintza egokituko dute.
Santurtzitik abiatuko dira, 10:00etan. Parte hartzaileak ibilgailu egokituz igoko dira dorreraino. Han hasiko dute bisita. Dorrea ikusi eta egokitu berri den ondoko begiratokian tarte batez egongo dira, ikuspegiaz gozatzeko. Gero gotorlekura jaitsiko dira minibus batean: gotorlekuaz ez ezik, ingurune naturalaz ere gozartu ahal izango dute. Bukatzeko, herrira itzuliko dira. “Serantesera igotzea oso errotuta dago Santurtzin, eta orain denon eskura jarri nahi dugu”. 94-483 94 94 zenbakian eman behar da izena.