Nazkantea

Auzoan ezaguna da, nazkante kabroi bat. Ez nuen usteko pertsonaien galerian tokirik zuenik, baina hortarako dago bizitza, ezustean harrapatzeko.

Tabernan kointziditu, eta nik eskatu gabe barrena askatzen hasi zait. Gurasoek gogor hartu omen zuten txikitatik. Bizitza araurik gabeko lasterketa dela asimilatu arte, ez zuten bakerik izan. Oihanean bizirauteko balio etikoak inprimatu zizkioten garunean malkoz eta odolez: bihozgabetasuna, faltsutasuna eta burukoitasuna. Guraso arduratsuak ziren. Helduarora iritsi zenerako bekokian zizelkatua zuen hurkoa aurkari leloa. Lasai hil ziren gurasoak ordua heldu zitzaienean, semea, bizirauteko soilik ez, besteen gainetik nabarmentzeko gai izango zela jakiteak ematen zien soseguarekin. Piramide sozialaren goiko puntaraino iristeko moduko tresnak zituen; ez zeukan beste edonoren gainetik ukondokoz edo zangotrabaz pasatzeko batere eskrupulu moralik; gezurraz, gaizki esateaz, azpijokoaz maisuki baliatzen zekien.

Nire kopari azken hurrupa eman, eta buruaz baiezko doi bat eginez altxatu naiz, baina ez dit utzi joaten, gogaikarri horrek. “Hamaika bider saiatu naiz piramide puta hura eskalatzen”. Joder, ez nau bakean utziko, pentsatu dut. Eta kalakan jarraitu du. Bakan batzuetan gertu egon omen zen, jomuga hatz puntekin ia ukituz, baina beti topatzen zuen bera baino doilorrago bat azken unean soka mozten ziona. Maldan behera irristatzen zen orduan, behe-beheko zoru gogorraren kontra jo arte. Eta hamaika bider altxatu zen berriro, hautsak astindu, zauriak miazkatu eta maldan gora berriro abiatzeko, sasiko Sisifoa.

Asko kostatu zaio ulertzea lur jotzearen arrazoia. Asko kostatu zaio konturatzea bere gurasoak ez zirela salbuespena, haiek bezala beste askok eta askok heziketa modu bera erabili zutela, helburu bera lortzeko. Asko kostatu zaio ulertzea piramidearen punta hartan jende gutxi kabitzen dela, horrexegatik deitzen zaiola punta, eta ez, demagun, ordokia.

Eztanda egin dut nik orduan. Bost axola zaizkidala bere bizitza eta bere piramideak, nigatik bada Tutankamonen hilobian usteldu daitezela, ondo merezia luke, kabroi zantarra delako, auzo guztiak dakiela hainbeste, eta, mesedez, bakean uzteko, presaka nabilela.

Eskumuturretik heldu, eta “gizon berria naiz”, bota dit. Begietan sumatu diodan irmotasunagatik izango da; kontua da hizketan jarraitzen utzi diodala. Okerreko bidetik zihoala konturatu omen da. Nabarmentzeko, beste inork eskaintzen ez duena eskaini behar da. Kabroi, zantar, doilor gehiegi dago merkatuan eskaintzan. Bide hartatik, etorkizunik ez.

Erabakita dauka. Bere ekipajea zaharra zakarrontzira botako du: akabo gezurrak, labankadak eta amarruak. Hemendik aurrera bihotz oneko pertsona izango da, solidarioa, enpatikoa. Salbuespenik gabeko zintzotasun absolutuak gidatuko du bere jarrera une oro. Zintzotasuna diamanteak baino urriagoa denez, konpetentzia gutxiko eremuan sartuko da. Laster piramidearen puntan egongo da; azkenean beste guztiei goitik behera begiratuko die. Kabroi alenei. Gurasoekin gogoratu da, eta jarrera aldaketa barkatuko diotela pentsatu du, azken finean helburuak bitartekoak justifikatzen ditu.

Joan baino lehen besarkada estua eman dit: “Milesker entzuteagatik, adiskide!”.

Neure kopa ordaindu eta irten naiz, pozik, pertsonaia berri bat zorroan dudala. Atean kamareroa hurbildu zait, “nire lagunarena” pagatu gabe dagoela, gin tonika eta bi pintxo. Joder. Deskuidua izan dela pentsatuko nuke, zintzo eta enpatikoa banintz, baina zer egingo diogu, neure gurasoengandik morroi horren heziketa bera jaso nuen.