Maider Eguren: “Ez dugu ez diru, ez trenik nahi. Ez dugu inora azkar joan nahi; lasai bizi nahi dugu”

Maider Eguren: “Ez dugu ez diru, ez trenik nahi. Ez dugu inora azkar joan nahi; lasai bizi nahi dugu”

Maialen Arteaga

Maider Eguren (Atxondo, 1986) abiadura handiko trenaren aurkako plataformakoa da. AHTaren obren ondorioz familiako hainbat lur kendu zizkieten. Orain, obrak hasi dituzte Atxondon, eta Egurenek uste du kanpaldiak indarrak hartzeko balioko diela.

Lursail batzuk desjabetu zizkizueten zuen familiari. Zer gertatu zen?

Hainbat lur kendu dizkigute, baina bat bereziki latza izan zen. Gutun bat iritsi zitzaigun etxera, udaletxera joateko data eta ordu batekin. Nire familiak ezer ez sinatzea erabaki zuen, eta, egitekotan, lursaila aurrean dugula egitea, ez plano baten aurrean, denok interpretatzen jakin dezagun. Ez ziren etorri. Bigarren gutun bat jaso genuen Adifek Bilbon duen bulegora joateko, eta ez ginen joan. Azkenean, etxera etorri ziren, ertzainekin eta Guardia Zibilarekin, eta sinatzeko presio egin ziguten. Ados ez geundela idatzi genuen bertan. Oso bihozgabeak dira; muturren aurrean lapurtzen dizute.

Eta zer alternatiba eskaintzen zizueten?

Dirua. Baina guk ez dugu ez dirurik, ez trenik nahi. Ez dugu inora azkar joan nahi; guk lasai bizi nahi dugu, eta gurea dena gurea izatea nahi dugu. Diruak ez ditu gure lursailak ordezkatzen. Guri ez digute diru askorik eman. Jarri ditugun oztopoek horretan eragina izan dute, seguru, baina astakeria hau oztopatzen jarraituko dugu orain ere. Gerora baimenik gabeko lurretan sartzeko saiakera ere egin dute; mila begirekin egon behar izaten gara, adi.

Azaldu izan duzue kaltetuei ez ezik inguruari eta herritarrei ere eragiten diela. Zergatik?

Kaltea herri oso batena da. Ezkerretara autobia daukagu; eskumako aldean, trena. Janda gaude. Zarata handia entzuten da dagoeneko, eta orain trena iritsiko da. Jendea ez da kontziente AHTa zer munstro den. Herria kez eta hautsez beteta dago. Kutsadura akustiko, ekologiko eta bisuala itzelak dira. Umeek parkean elkarri oihu egin behar izaten diote entzun ahal izateko. Atxondo orain bertan ez da bizitzeko leku erakargarria, eta, honek aurrera jarraitzen badu, despopulazio handia izango dugu.

Eskualdeko beste herrietan bezala, Atxondon ere obrak hasi dituzte. Ez al da berandu erresistentziaren logikan hitz egiteko?

Inoiz ez da berandu; badakigu zapalduak izango garela, baina irabazteko asmoa dugu. Hainbat tokitan eraikita dagoen arren, ez dago martxan jartzeko prest; ez dago ezer osorik bukatuta. Eta bai, zoritxarrez, obrak hona ere iritsi dira. EAJ udal gobernuan sartu zenean, proiektuaren aurka zegoela esan zuen, baina praktikan alfonbra gorria jarri zion AHTari. Are gehiago, herritarrok kexak jarri ditugunean, ez dugu erantzunik jaso. Ez du irregulartasunen jarraipenik egiten, eta kaltetuok oso bakarrik sentitzen gara. Eskerrak herri mugimenduen laguntza daukagun.

Zer garrantzi du kanpaldiak AHTaren aurkako borrokan?

Mugimendua berpizteko balioko du. Azken urteetan AHTaren kontrako militantzia alde batera utzita egon dela esango nuke. Gazte mugimenduari indarrak emango dizkio kanpaldiak. Atxondo historikoki eredua izan da AHTaren kontrako erresistentzian, eta logika horretan kanpaldiak bitamina positiboak emango dizkigu, indarrak eta energiak biltzeko eta helburua lortzea posible izan daitekeela ikusteko. Legezko erremintak ditugu sarraski hau geratzeko. Lortuko dugula sinesteko bultzada emozional izugarria izango da.