Irakurraldi lasaiak plazan

Irakurraldi lasaiak plazan

Natalia Salazar Orbe

Letrak eskutik atera dira biribilketan. Elkarrekin josita osatzen dituzten istorioak hegan ari dira aire zabalean. Beste uda batez, kalera atera dituzte herrietako liburutegiak. Eraikinaren epeltasunean eta isiltasunean egindako hilabeteak atzean utzi, eta herrietako plazetan aske izateko aukera izango dute aurten ere liburuek. Herriz herri, liburuen askatasun horrek irakurzaletasuna aseko dio udako liburutegietara joaten den edonori.

Aukera hori eskainiko duten herrien adibide batzuk besterik ez dira Bilbo, Getxo, Gernika-Lumo eta Zalla. Liburutegiko eskaintza kalera atera dute, liburuak irakurleei aire zabalean eskainita. “Gure asmoa zen liburu bat lasai irakurtzeko aukera eskaintzea”: hala dio Cristina Arana Bareño Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendariak Udan, Liburutegia Plazara egitasmoari buruz. Kaleko udako liburutegia “gune baten moduan” planteatzen dute: “Helburua ez da jardueraz betetako programa bat osatzea. Izan ere, azken urteetan batez ere, ume eta gazteak jardueraz betetzen ditugu, eta, azkenean, zoratu egiten ditugu”.

Aranaren esanetan, familia asko joaten da Gernika-Lumoko liburutegiak Foru plazan egin duen liburutegiaren “luzapenera”: “Umeentzako alde bat eta helduentzako beste bat dago, egunkaria, liburuak edo aldizkariren bat irakurtzeko. Asmoa ez zen jarduera asko egitea, baizik eta leku lasai bat eskaintzea, trankil-trankil seme-alabekin liburu bat edota egunkaria irakurtzeko”.

Aitona-amonekin edota zaintzaileekin ere joaten dira ume txiki asko. Hori da profil nagusia; ez bakarra, ordea: uztaila udalekuetan pasatzen ari diren gaztetxoek ere egiten dituzte osteratxoak. Helduentzako ere erakargarria da: “Urte osoan liburutegi barrura etortzen zaizkigu helduak egunkariak edo aldizkariak irakurtzera. Ganorazko hemeroteka daukagu, egia esan. Udan ere etortzen zaizkigu. Dena den, normalean familiak izaten dira gehienak”.

Aranak garrantzitsu deritze era horretako egitasmoei eta umeek eta gazteek irakurzaletasuna aisiarekin lotzeari: “Irakaskuntzan eta liburutegietan aspaldi dakigu derrigortzen denak ez duela oso emaitza onik ematen. Derrigortzen bazaituzte, ez duzu gozatzen”. Hala ere, ez du uste erabateko aisialdiarekin lotu behar denik: “Aisialdia gauza bat da, eta kultura beste bat. Erdibide bat topatu behar dugu. Ez da izan behar derrigorrezkoa, baina ez da planteatu behar aisialdi huts bezala ere. Tarteko zerbait bilatu behar dugu”.

Sinetsita da irakurketa norbere esperientziarekin lotuta sustatzen dela: “Txikitatik ohituta bazaude zu bakarrik, lagunekin edo senide batekin ipuin kontaketak entzutera eta liburutegira joatera, bidea ikasten duzu. Ipuinak irakurtzen hasi bazara, urteak pasatu ahala ondoko apalera joan, eta eleberri bat hartuko duzu. Eta gero saiakerak irakurtzera animatuko zara. Bide bat da. Irakurzaletasuna esperientziala da, kultura bezala”.

Udan, uztail eta abuztuan eskainiko dute Liburutegia Plazara, Foru plazan, irakurketaz gozatzea “osasuntsuagoa eta atseginagoa” bihurtzeko asmoz. 10:00etatik 13:30era arte egongo da zabalik.

Aukerak, herriz herri

Bilbon ere martxan dute Udako Liburutegiak egitasmoa. Uztailaren 5ean hasi zuen bidea, Miribillan, Zorrotzan eta San Ignazion. Lekuotan jarraituko du datorren ostiralera arte. Handik Santutxuko Karmelo plazara, Errekaldeko plazara eta Uribarriko eskolako landara eramango dute. Uztailaren 26tik abuztuaren 13ra egingo ditu egonaldiak lekuotan. Astelehenetik barikura egongo dira zabalik, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era.

Bilboko Udalak “udan irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzea” du helburu. Azaldu dute “Udako Liburutegiak programak liburuekin elkartzeko aukerak zabaltzen” dituela. Irakurzaletasuna sustatzeko, tailerrak, jolasak eta ipuin kontalariak ere eskainiko dituzte.

Zallan, ekainaren 25ean hasita, bariku oro ateratzen da kalera udako liburutegia, 11:30etik 13:30era. Gaur eta hilaren 30ean Mimetiz gunean egingo dituzte saioak. Udaletxe inguruko lorategietara eramango dituzte liburuak, eta eguraldia lagun ez bada, Euskadi plazara joango dira. Uztailaren 23an, berriz, Arangurenen jarriko dute.

Bertan izango diren begiraleek ozen irakurriko dute joaten diren umeentzako. Horrez gain, liburutegian urte osoan eskuragarri dauden mahai jokoak hartu ahalko dituzte erabiltzaileek. Zallan dauden liburuekin lotura duten irudiz osatutako puzzleak egiteko aukera ere izango dute. Jarduerak hiru eta zazpi urte bitarteko haurrentzako pentsatuta daude.

Getxon ere kalera atera dituzte Letren Terrazak. Herriko liburutegiek uztailaren 6an ekin zioten liburuak kalera ateratzeari, haurrei eta gazteei irakurketa gerturatzeko. Neguriko Gernika parkean eta Algortako Iturgitxin eta Sarri plazetan egongo dira hilaren 30era arte. Abuztuaren 3tik 27ra, Areetako Geltokia, Algortako Geltokia eta Aldapa plazetan egongo dira. Astelehenetik barikura egongo dira zabalik, goizez eta arratsaldez.