Folklorea bizi-bizi Getxon

Asteburu honetan izango da Getxoko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 31. aldia. Gaurtik domekara, ikuskizun bat eskainiko da egunero, Algortako Muxikebarri zentroan. Aurrekoetan bezala, udalak Itxartu dantza taldearekin batera antolatu du jaialdia. Irlandako eta Senegalgo taldeak izango dira aurtengo nazioarteko gonbidatu bereziak.

Peru Azpillaga Diez

Osasun larrialdiaren ondorioz egindako geldialdia atzean utzita, bueltan da aurten Getxoko Nazioarteko 36. Folklore Jaialdia. Hala, gaurtik hasita domekara arte, Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat herritako folklorearen erakusgarri diren partaideak bilduko ditu Algortan. Hain zuzen ere, Getxoko, Irlandako eta Senegalgo taldeek hartuko dute parte 36. aldi honetan. Saio guztiak Muxikebarrin izango dira, 19:00etan. Segurtasun neurri guztiak errespetatuz, askotariko dantzez eta musikaz gozatzeko aukera izango du bertaratuko den publikoak.

“Urte asko dira jaialdia antolatzen hasi zenetik. Pozgarria da oso aurten, berriz ere, gure herriko zein nazioarteko folklorea aldarrikatzeko sortutako jaialdi hau berriro gurean hartu ahal izatea. Osasun neurri guztiei jarraituz, ziur naiz hurbiltzen diren guztiek gozatzeko aukera ikaragarria izango dutela”, azpimarratu du Marta Herrera Getxoko Udal Kultura Saileko arduradun eta jaialdiko antolatzaileak.

Jaialdia gaur bertan abiatuko da, urtero huts egiten ez duen Algortako Itxartu Algortako (Getxo) dantza taldearen eskutik. Elkartea sortu zenetik, euskal dantzak eta kultura etengabe berritzeko aukera eman du Getxoko taldeak, batik bat dantzari berrien prestakuntzan egiten duen lanari esker. Jaialdiaren aldi guztietan aritzen direnez, urte bakoitzerako euskal dantzetan oinarritutako ikuskizun berezi bat prestatzen saiatzen direla esan du Herrerak. Oraingoan, Asier Bilbao Goitiak zuzendutako taldeak pandemiak gizartean sortu dituen emozioak irudikatuko ditu oholtzan.

“Itxartu dantza taldeak izugarrizko ahalegina egin du aldi honetan, dantzaren bidez pandemiak gizartean sortutako eraginak irudikatzeko”, azaldu du Herrerak. “Tristezia, alaitasuna, itxaropena… Azken urtean bizitako emozioak izango dituzte hizpide”, erantsi du. Horretarako, taula gainean 30 dantzari baino gehiago bilduko dituzte. “Urtero aritzen direnez, beti egiten dute ahalegin berezi bat mezuren bat helarazteko, eta aurtengoa benetan berezia izango delakoan nago. Izugarria da tradizioz jositako dantza batzuen bidez urtero zerbait berria eskaintzeko gaitasuna izatea”.

Bihar, Belfastetik (Ipar Irlanda) iritsitako Trim The Velvet taldea igoko da agertokira. Irlandako dantza tradizionalak lantzen ditu taldeak: batez ere, battering izeneko aldaera jorratzen du, hau da, zapatekin soinua eginez nazioartean ezagun bihurtu dituen dantza mota. Eta, etzi, jaialdiari amaiera emateko, Senegalgo Ballet Jammu taldea ariko da. 2008an Dakarren sortutako konpainia da Ballet Jammu, eta, ikuskizunak eskaintzeaz gain, musika eta dantza eskola ere baditu, batez ere gazteen formakuntzan sakonduz.

“Jendeak pozik eta gogotsu itxaroten du jaialdia, azken batean urtero kultura berriren bat ezagutzeko aukera ematen duelako”, esan du Herrerak. Kontatu du Senegalen, dantzan, batez ere gazteak aritzen direla. Azpimarratu du Algortan arituko den taldeak bakearen aldeko aldarria ere ekarriko duela. “Irlandarrek, berriz, mundu osoan famatu egin dituen zapatekin hotsak ateratzeko dantza aurkeztuko dute. Benetan ikuskizun interesgarria izango da, Europan arrakasta handia izan duena. Seguru naiz hemen ere hala izango dela”.

Dantza taldeek sortua

Herrerak azaldu duenez, jaialdia Itxartu dantza taldearen ekimenari esker sortu zen. “Urte askotan, haiek izan dira jaialdia antolatu dutenak. Herrietan egiten zen dantza eta folklorea mantentzeko eta zabaltzeko sortu zuten egitasmoa, eta, pixkanaka-pixkanaka, handituz joan da, egungo nazioarteko jaialdia bilakatu den arte”.

Herrerak jakinarazi du jauzi horretan Portugaleteko Elai-Alai dantza eta musika taldearen laguntza ere izan dutela. “Haiek izan ziren nazioarteko jaialdia antolatzen hasi zirenak, eta elkarrekin sortu zuten jaialdi hau”. Gerora, kontatu duenez, Getxoko Udal Kultura Sailak bere gain hartu du aldi bakoitza aurrera eramateko ardura, baina, nabarmendu duenez, gaur egun ere bi taldeek lan handia egiten dute jaialdia aurrera ateratzeko. “Elai-Alai dantza taldea izan da nazioarteko taldeak ekartzeko muga eta oztopo guztiekin topatu dena, eta, hala ere, osasun larrialdira egokituz, nazioarteko bi kultura oso desberdin ordezkatzen dituzten talde bana ekartzea lortu dute. Sekulako lana egin dute”.

Haren esanetan, Itxartu dantza taldea urtero aritzen da taula gainean jaialdian, ikuskizun berri bat eskainiz. Elai-Alai taldea, berriz, nazioarteko folklorearen erakusle diren taldeak ekartzeaz arduratzen da. “Gu horretan guztian laguntzen saiatzen gara, behar duten guztia eskainiz”, zehaztu du Herrerak. Gainera, argudiatu du folklorearen bidez, gauza asko ikas daitezkeela: “Beste kulturak ezagutzeko aukera ematen du, eta pozik gaude jendeak urtero gogotsu itxaroten duelako jaialdia”.

Getxoko Udal Kultura Saileko arduradunak dioenez, folklorea herri baten kulturaren adierazle “garrantzitsuenetarikoa” da, haren barruan herri baten “ezaugarri guztiak” biltzen direlako: “Musika, dantza, janzkera, mugimenduak… Folkloreak badu zera berezi hori: herri baten kulturaren adierazle asko biltzen ditu”. Hain zuzen ere, Herrerak uste du folklorean dagoela kultura ororen erroa.

Horregatik, osasun larrialdia oraindik indarrean dagoen arren, agintariek ezarritako segurtasun neurri bereziei zorrotz jarraituz, kultura egitasmoak antolatzeko beharra aldarrikatu du Herrerak. “Edozein jaialdi edo ekitaldi egiteko aukera izatea benetan pozgarria da, eta ahalegina egin behar dugu halako egitasmoak mantendu ahal izateko”. Zehazki, uste du nazioarteko folklore jaialdi hau antolatzea oso garrantzitsua dela. Ez da udan Getxon egingo den nazioarteko jaialdi bakarra, gainera.

Jaialdia Muxikeberriko Ereaga gelan izango da. Sarrerak hiru eurotan egongo dira salgai. Udal arduradunak gaineratu du ikusle kopurua mugatuta egongo dela, gaur egun antolatzen ari diren gainontzeko egitasmoetan bezala, eta “beldurren gainetik” jaialdira agertzeko deia egin du: “Oso inportantea da guretzat Muxikebarrin egin ahal izatea: espazio segurua da, eta espero dugu jendea ere beldurrik gabe azaltzea eta folkloreaz gozatzea”.

Aurrera begira, itxaropentsu mintzatu da Herrera. Uztailetik kanpo ere, folklorearekin lotutako ekintza gehiago antolatzeko aukera zabalik utzi du: “Batek daki, baina gogoa dugu egitasmo honekin aurrera jarraitzeko, eta, agian, urtean zehar zerbait antolatu ahal izateko. Oso pozgarria izango litzateke”. Esan duenez, Euskal Herriko kultura erakusteaz eta aldarrikatzeaz gain, “oso aberasgarria” da kanpoko ohiturak eta usadioak ezagutzeko aukera izatea, etxean bertan, “betiere bizitza alaitasunez ospatuz, folkloreak beti egiten duen moduan”.