277 milioi Enkarterri, Meatzalde eta Ezkerraldeko ekonomia sustatzeko

277 milioi Enkarterri, Meatzalde eta Ezkerraldeko ekonomia sustatzeko

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Enkarterriko, Meatzaldeko eta Ezkerraldeko ekonomia sustatzeko Eskualde Plan Estrategikoa onartu dute. 2021etik 2023ra egongo da indarrean. Hiru urteotan, 277 milioi euroko inbertsioa egingo dute bi erakundeek. Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak agerraldia egin zuen astelehenean Bilbon, Batzar Nagusietako Ekonomia Sustapenerako Batzordean, azalpenak emateko.

Plana bitan zatitu dute: batetik, Enkarterri; bestetik, Meatzaldea eta Ezkerraldea. Meatzaldearen eta Ezkerraldearen ekonomia sustatzeko, 211,5 milioi erabiliko dituzte: 144,1 Eusko Jaurlaritzak ipiniko ditu, eta gainontzeko 67,3 milioiak, diputazioak. Diru sorta horretatik parte handi bat —75 milioi euro— Abanton eraikitzen ari diren Meatzaldeko Parke Teknologikora eta Energy Intelligence Center ikerketa zentrora bideratuko dute. Medikuntzari lotutako sorkuntza polo bat ere martxan jarri gura dute eskualdean, epe etarinera; besteak beste, medikuntza arloko teknologia sortuko duten enpresak bilduko dituen lekua izateko, lehendik daudenak eta berriak.

Industria bultzatzea ere bada asmoa. Horretarako, beste 60 bat milioi euro SPRIk ipiniko ditu, eskualdean kutsatuta dauden lursailak erosi, garbitu, balioa itzuli eta industriarako erabilgarri bihurtzeko. Hartara, eskualdeak industria berriak martxan jartzeko beharko lituzkeen orubeak izango lituzke libre. Ezkerraldeko eta Meatzaldeko auzo zaurgarrietako hirigintza, ingurumena, gizartea eta ekonomia hauspotzeko neurriak hartuko dituzte. Esaterako, azpiegituren arloan. Renferen aldiri trenen C2 linean oztopo arkitektonikoak kenduko dira Bilbo eta Muskiz artean, lursail horiek aprobetxatzeko; besteak beste, Bilboko metroaren 2. linearekin lotura sortzeko. Turismoari dagokionez, Bilboko itsasadarraren inguruko herrietako nortasun historikoari eta ondare industrialari galdutako balioa itzuliko diete, eskualdearen ikur bihurtu eta bisitari berriak erakartzeko. Horretarako, baliabide garrantzitsua izango da Erandio eta Barakaldo artean eraikiko den oinezkoentzako pasabide berria.

Trenaren garrantzia

Enkarterrin, bi erakundeek 65,7 milioi inbertituko dituzte datozen hiru urteetan. Inbertsioaren erdia inguru eskualdeko barruko garraioa eta kanpoko komunikazioak hobetzeko erabiliko dute. Arlo horretan, proiektu nagusia Feveren egungo trenbideari lotuta dagoena izango da: Bilboko metroaren 4. linea —hiriburuaren hegoaldeko auzoak zeharkatuta Alonsotegirako bidea hartuko duena— Balmasedaraino luzatzea da asmoa. Era berean, Espainiako Gobernuarekin eta Renferekin harremanetan jartzeko asmoa iragarri du Basurkok, Bilbo-Santander trenbidea hobetzeko, trenak berritzeko eta ibilbidea elektrifikatzeko. Kadaguako korridorea eta landa inguruko aparteko herriak lotzen dituen Bi-630 errepide nagusian ere hobekuntza lanak egingo dituzte, lau tartetan: Herrera – Malabringo, Malabringo – Traslaviña, El Callejo – La Cadena, eta La Escrita – El Callejon.

Hezkuntzaren arloan, San Viatorren Lanbide Heziketako ziklo berriak sartuko dira. Era berean, kultura ondarea eta turismoa lotuko dituen proiektu bat martxan jartzea ere jaso du plan estrategikoak. Horrez gain, banda zabal ultralasterra eskualdeko leku guztietara zabalduko dute, eta 5G teknologia hedatuko. Enpresentzako espazio berriak sortuko dira; zehatzago esanda, Elkartegi berri bat irekiko dute eskualdean. Bioekonomia bultzatzea ere bada asmoa, basogintza sektorean oinarri bioteknologikoa izango duen zentro teknologiko batekin.