Nolako ugazaba, halako txakurra

Gabonen ondorengo hilabeteekin batera, udako oporraldian abandonatzen dituzte txakurrak nagusiki. Udalek adopzioa sustatzeko kanpainak egiten dituzte, txakurtegiek gainezka egin ez dezaten. Hala ere, edonork ezin du edozein txakur adoptatu: txakurraren izaera eta hartuko dutenena kontuan hartu behar dira.

Ibai Maruri Bilbao

Lehen goraldia otsailean izaten da, Gabonetan oparitu diren txakur kumeak handitzen hasten direnean: etxean enbarazu egiten diete ugazaba batzuei, eta kalean uzten dituzte. Bigarren goraldia orain izango da, udako oporretara joateko ordua iritsi, eta hainbat familiak etxean duten txakurra norekin utzi ez dakitenean. Ehiza denboraldi bukaeran ere asko dira txakurrak abandonatzen dituzten ehiztariak. Edozelan ere, urte osoan etengabe iristen dira txakurrak txakurtegietara. Bilboko udal txakurtegian, esaterako, hamarretik zortzi arriskutsuak izan daitezkeen arrazetako txakurrak dira, ugazabek behar dituzten baimenak eskatu ez eta udaltzainek kenduak. Horrelakoen etorrera etengabekoa izaten da. “Azken urteetan kontzientzia sortzeko hainbat kanpaina egin dira. Nik hamar bat urte daramatzat animalien babeserako arloan, eta igarri dut hoberantz egin dela. Dena den, oraindik asko geratzen da egiteko”, ohartarazi du Puppy Bilbao animalien babeserako elkarteko Andu Palomaresek.

Bilboko udal txakurtegian egiten dute lan elkartekoek. Ez dute eurek kudeatzen, baina, neurri handi batean, taldeko boluntarioek egiten dute txakurren zaintza, eta haiena da adopzioaren ardura oso-osoa. “Udalak bere albaitariak ditu, txakurren oinarrizko zaintza egiteko. Baina, adibidez, txakur bat gaixorik iristen bada, gu arduratzen gara kanpoko albaitariarenera eramateaz eta hari ordaintzeaz”. Adopzioen ardura hartu zutenean, udalarekin adostu zuten epe zehatz batean adopzioa lortzen ez duten txakurrak ez direla sakrifikatuko. “Baina han ere ezin dira betiko geratu, bat ateratzea lortzen dugunerako hiru sartzen direlako. Sarrera-irteerak etengabeak dira”. Horregatik, taldeko bospasei boluntarioen lana harrera familiak bilatzea da, adoptatu nahi dituzten familiak topatu bitartean txakurrak nonbait egon ahal izateko, txakurtegitik kanpo.

Joan den asteburuan Getxoko hainbat plazatan txakurrak egon dira ikusgai, udalak martxan ipinitako adopzio kanpainaren barruan. Ekainean, Santurtzin antzeko egitasmo bat izan dute. Urte osoan, Mungiako hileroko ganadu ferian ere egon izan da halako postu bat ipinita. Hiru adibide dira, baina azkenaldian gero eta gehiago etxean txakur bat hartzea sustatzeko egiten diren ahaleginen erakusle dira. Txakurtegiek gainezka egin ez dezaten, ezinbestekoa zaie sartzen direnak azkar irtetea.

Txakurrak

“Erakusketa hauen asmoa ez da han adoptatzea: herritarren arreta erakarri gura dugu. Jakin dezatela adopzioan hartzeko txakurrak daudela, eta, interesa piztuz gero, gero gure zentrora jo dezatela”, azaldu du Quincocan egoitzako Caty Lopezek. Mungian eta Getxon dituzte zentroak. Berez, Burgosen (Gaztela eta Leon, Espainia) sortutako elkarte bat da, eta duela bost urte iritsi ziren Mungiara; urtebete daroate udalarekin elkarlanean. Bizkaiko beste hainbat udalekin ere badituzte akordioak. Txorierriko Mankomunitatearekin egin berri dute, eta uda ondoren Loiuko feriara ere joaten hasiko dira, txakurrak erakustera.

Ugazaba ezagutu

Lopezek ohartarazi du adopzioa ezin dela edozelan egin. “Pertsonen beharrizanetara egokitu behar da, eta txakurraren beraren beharrizanak ase behar ditu. Lehenengo, adoptatu nahi duenarekin hitz egiten dugu, jakiteko zein animalia izan daitekeen egokia. Animalia hezteko eta zaintzeko aholkuak ematen dizkiogu, eta txakurra trebatzeko ikastarora etortzera gonbidatzen dugu. Ondoren, hilabeterako etxean hartzen du txakurra, eta, tarte horretan dena ondo badoa, gero adopzioa egiten da”. Hori da modurik egokiena, Lopezen arabera. Bilboko txakurtegira ere ezin daiteke txakurrak ikustera joan: “Estresa sortzea eragotzi nahi dugu, baita lehenengo ikusi duten txakurraz maitemindu eta etxera eroateko bulkada saihestu ere”, esan du Palomaresek.

Baina beti ez da posible erritmo lasaiago horretan lan egitea. Zaunk zentroak ere Bizkaiko beste hainbat herritako udal txakurtegi lanak egiten ditu, hitzarmen bidez; besteak beste, Santurtzi. Eta, kasuan kasu, udalek eskatutako moduan funtzionatu behar izaten dute: “Udal batzuek txakurrak zikiratzeko eskatzen digute; besteek, ez. Batzuek adopzioaren prezioa finkatzen dute; besteetan, doakoa izaten da”, azaldu du Zaunkeko kide Esperanza Canterok. Edozelan ere, argi utzi du txakurra beti ematen dutela txipa jarrita, parasitoak kenduta, eta dagozkion txertoak ipinita. “Ez dugu nahi beste lekurik, eta txakur berriak etengabe sartzen dira. Beraz, guk ez dugu adoptatuko duena sakon ezagutzeko eta aztertzeko astirik, lekuak hustuz joan behar garelako. Dena den, adopzio prozesuan beti esaten diegu lehen kolpean gustatu zaiena ez dela zertan egokiena izan, eta txakurra hobeto ezagutzeko aukera ematen diegu: hilabetean ere etor daitezke egunero txakurrarekin paseoan ibiltzera”.

Palomaresen esanetan, txakur bila joaten diren askok ez dakite zer eskatzen duen txakur bat edukitzeak: “Albaitaria garestia da, haren zaintza garestia da: txertoak jarri behar zaizkio, parasitoak kendu… Eta lana eskatzen du: hezi eta zaindu egin behar da. Lan asko egin behar da etxean. Kumeak oso politak dira, peluxeen parekoak, baina hazi egiten dira”. Lopezen ustez, txakurrak eta herritarrak, denak hezi behar dira: “Ez dago erdibiderik: txakurrekiko errespetua eta enpatia falta dutenak ditugu, baina baita txakurrak humanizatu egiten dituztenak ere, eta hori ez da ona”.

Txakurrak

Mungiako zentroan ia 100 txakur daude adoptatzeko zain. Hala ere, adoptatu nahi dutenen itxaron zerrenda dutela esan du Lopezek. Badakite batzuk ez direla sekula adoptatuko. “Nik ez dizut txakur bat emango argazki batean ikusi eta gustatu zaizulako. Non bizi zara? Zelan? Izan duzu txakurrik aurretik? Zelakoa? Ziur egon behar dut txakurrak ez dizula arazorik sortuko, eta bera ere ondo egongo dela zurekin”. Lopezek esan du oso-oso gutxi izan direla egokitu ez eta bueltan jaso dituzten txakurren kasuak. “Horrelako zerbait gertatzea niretzat porrot itzela da”. Eman aurretik, Quincocanekoek txakurra hezi egiten dute: txakurtegira iritsi eta astebetera ohitura batzuk errespetatzen ikasten dute guztiek. “Egunero 200 txakur inguru ateratzen ditugu paseora. Ondo hezi behar ditugu, bestela ezinezkoa da. Ikasi behar dute taldean joaten, guri tiraka ez ibiltzen eta zerbait ikusten dutenean, ez beldurtzen eta ez aktibatzen”. Heziketa horrek gero asko errazten die lana adopzioan hartuko dituen familiakoei.

Adopzioan etenda

Iaz, pandemiagatik ezarritako etxeratze agindua indarrean egon zen asteetan, hedabideetan zabaldu zen igo egin zirela adopzioak, kalera irteteko aitzakia edukitzeko. Fiskaltzak ere ikerketa zabaldu zuen. Hirurek esan dute eurenean eten egin zutela eskaintza. “Nik uste telebisten kontua izan zela. Argi esan zen aste haietan funtsezko jarduerak baino ezin zirela egin; beraz, adopzioak ez direnez funtsezkoak, konfinamendu agindua amaitu arte ez genuen txakurrik eman”, gogoratu du Canterok. Ondoren, bai, konfinamendua bukatu eta berriro martxan hasi zenean, igarri zuen jende “gehixeagok” jo zuela eurenera, “baina ez aparteko igoerarik”: “Seguruenik askok pentsatuko zuten ondo etorriko zitzaiela txakurra izatea, beste etxeratze agindurik etorriz gero”. Palomaresek kontatu du eurek aurretik susmatu zutela zer gerta zitekeen, eta saihesten ahalegindu ziren: “Ezin genuen onartu konfinamenduan adopzioek gora egingo zuten neurri berean bukatutakoan bertan behera uzteek ere gora egitea. Guretzako oso larria litzateke bat-batean txakurtegia betetzen hastea, eta haren gaitasuna gainditzea”.

Adopzioanhartzeko dauden txakurren informazioa jasotzeko, jo webgune hauetara:

quincocan.com

zaunk.com

puppybilbao.org

Txakurrak