Magia trikimailuen atzean dagoen artea

Magia trikimailuen atzean dagoen artea

Maialen Arteaga

Ikusi ezin dena ikusarazi, eta ikusezina dena agerraraztea; funtsean, ustez ezinezkoa den hori posible egitea. Hori da magiaren giltza. Bizkaian ere badago diziplina hori lantzen duen talde osatu bat: Bizkaiko Ilusionismo Elkartea.”Arte berezi honen zaletasuna konpartitzeko espazioa da”, dio Bizkaiko Ilusionismo Elkarteko presidente Alvaro Oliverrek. Gaur egun, Bizkaiko 60 bat lagunek osatzen dute taldea; bakoitzak bere ibilbidea du. “Mago profesionalak gaude, espreski onetara dedikatzen garenak. Hasiberriak diren nerabe eta gazteak ere badaude taldean, jaunartzeetan eta jaietan ikuskizunak egiten dituztenak. Eta, azkenik, guraso zein erretiratuak daude, magia aparteko zaletasun edo aisialdi gisa bizi dutenak”.

Zaletasun bitxia da, ordea. Eskuragarri ez dagoen afizio bat. “Futbolean edo musikan zaletuak direnek errazago aurkitzen dute zaletasuna konpartitzeko bidelagun bat; magiaren kasuan, ez da horrela. Honelako taldeek zaletasuna partekatzea ahalbidetzen digute”. Asteazkenero biltzen dira, ideiak konpartitu eta trikimailu berriak erakusteko, eta, hilabetean behin, nazioarteko mago bat ekartzen dute, produktu eta sekretu berriak ikasteko. “Sekretuek mendez mende iraun dezaten, magoen artean baino ez ditugu erakusten”, aitortu du Oliverrek.

Trikimailuak baino gehiago

“Baina magia ez da trikimailuak soilik; etika eta balioakransmititzeko erreminta bat da”, azpimarratu du. Ikasi eta barneratu beharreko diziplina eta praktika bat dela dio: “Eszenaratzea, publikoaren harremana lantzea, lotsa galtzea… Asko zaindu behar da”. Ikuskizun landu bat emateko hainbat balio urraezin jarraitu behar dituzte: “Beste mago baten errepertorioa ez kopiatzea, landu gabeko saio bat publiko aurrean ez egitea, sekretuak inoiz ez kontatzea, ikusleez baino ikusleekin barre egitea… Taldera sartzen diren gazteei ikusarazi nahi diegu magia ilusionismo efektu horretatik haratago doan zerbait dela”. Are gehiago, gaitasunak irabazteko arte baten gisara ikusten du Oliverrek: “Magia autoestimua irabazteko, harremantzen laguntzeko eta beldurrak gainditzeko erreminta bat da”. Publiko hartzaileari erreparatuta, uste du edozein adinerako baliagarria dela, haurretatik hasita, aitona-amonenganaino.

Internetek eta teknologiaren aurrerapenak ilusionismoaren paradigma ere irauli du. “Orain errazagoa da zaletasun honetan murgiltzea”, adierazi du Oliverrek. “Klik batekin eskuragarri dago dena. Baina alde iluna ere badu: sareetako magia, oro har, magia arinean eta ohitura txarretan oinarritzen da. ‘Zenbat eta arinago ikasi, hobeto’. Eta ez, magiarako pazientzia handia behar da”. Zaletasunean murgiltzea egun errazagoa den arren, ohitura zaharrei eustea gomendatu du: “Norbaitek magian murgildu nahi badu, irakasle batekin has dadila, eskola batera joan dadila, edo ilusionismo talde batean hasi dadila, akatsak zuzenean zuzendu ahal izateko eta jarraipen bat jaso ahal izateko”. Alde ilunaren beste aurpegi bat azaldu du: trikimailuen errebelazioa. Izan ere, sareetan eskuragarri izaterakoan, magoen arteko sekretu izateari uzten dio. “Sekretu hori oso garrantzitsua da; ikuslea txunditzeko giltza da; trikimailu horrek ahalbidetzen du ikuslearekin izango dugun harremana. Hori zabaltzen badugu, magoen lana zapuzten gabiltza”.

Magoa hitza gizonezko generoarekin lotuta egon da historikoki. Hori ere iraultzen dabilela iruditzen zaio Oliverri: “Asko aldatu da. Orain arte gizonezkoen laguntzaile gisa edo ikuskizuneko elementu gisa ibili izan dira andreak. Orain, ikuskizun askoren funtsezko zutabe dira. Oso garrantzitsua da emakumeak egiten ari diren lana hau guztia aldatzeko”. Adibide baikor bat jarri du: “Magia udalekuak egingo ditugu laster, eta izena eman duten hogei gazteetatik hamabi neskak dira”.