Kaleko arteak Lekeitiora bueltatuko dira asteburuan

Kaleko arteak Lekeitiora bueltatuko dira asteburuan

Peru Azpillaga Diez

Bueltan da Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia; 31.en ekitaldia da jada. Osasun larrialdiak aurreko jaialdia ospatzea oztopatu bazuen ere, oraingoan, jaialdia segurtasunez egiteko baldintzak betetzen direla iritzita, hainbat arte diziplina biltzen dituzten hamabi ikuskizunek beteko dituzte Lekeitioko kaleak asteburu honetan. Hori bai, osasun neurriak bete ahal izateko, beste urte batzuekin alderatuta moldaketa batzuk izango dira.

“Kalekaren 30. edizioa bertan behera uztera behartuta ikusi ginen, baina 2019ko amaieran, proposamenak aurkezteko deialdi zabala egin genuenez, orduan aukeratuak izan ziren talde eta konpainiak izango ditugu oraingoan gurean”, jakinarazi du Ibon Noya Lekeitiko Udaleko Kultura teknikariak. “Den-denak ez dira izango, baina egitaraua ahalik eta berdinen mantentzen saiatu gara”, erantsi du.

Gaur hasi eta domekara arte luzatuko da jaialdia. Hala, asteburuan, hamabi ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da herrian bertan. “Lekeition beti izan ditugu leku esanguratsuak herrian barrena, eta, horregatik, antzoki batean egitea baino, interesgarriagoa iruditzen zaigu jaialdi hau kalean egiteko aukera izatea”, adierazi du Noyak. Eskaintza kalean bertan eginez, ikusleak “ikuskizunaren parte” bihurtzen direla uste du, eta ikuskizuna bera “kalean integratzen” dela.

Aurten, ordea, jaialdiak formatu berezia izango du. Izan ere, osasun neurriei egokitzeko, hainbat erabaki hartu behar izan dituzte antolakuntzatik. “Segurtasun protokolo guztiak bermatzeko lanean ibili gara. Jaialdia kalean mantendu dugu, azkenean hori delako haren arima, baina toki zehatz batzuk aukeratu ditugu, haien ezaugarriak direla-eta neurriak betetzeko erraztasunak emango dizkigutenak”, esplikatu du Noyak.

Zehatz-mehatz, hiru izango dira ikuskizunak jasoko dituzten guneak: Plaza Baltza, eskola eta Abaroa jauregiko lorategia. “Kalean egin arren, eremu kontrolatuak izango dira: edukiera zehatz bat izango dute, eta indarrean dauden neurri guztiak betetzen direla bermatzeko aukera izango dugu”. Hala, jaialdia doakoa bada ere, beharrezkoa izango da ikuskizuna eskainiko den tokian bertan sarrera hartzea, ikuskizuna hasi baino bi ordu lehenago.

Azken urteetan bezala, Kalekak hiru lan lerro izango ditu: Kaleka ofiziala, Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch. “Atal batzuk sortu genituen, lanak klasifikatzeko eta eskaintza are zabalagoa egiteko. Hortaz, sail ofizialeko lan amaituez gain, Kalekaz Blai atalean garapenean dauden lanak ikusteko aukera izango da. Kaleka Scratchek, berriz, publikoaren parte hartzea izango du oinarri”.

“Aniztasuna” ardatz

Egitarauari dagokionez, Kalekak eskaintzen duen arte diziplinen “aniztasuna” azpimarratu nahi izan du Kultura teknikariak. Haren hitzetan, hori baita jaialdiaren indargune nagusietako bat. “Aniztasuna izaten dugu helburu, hamabi ikuskizun izango dira, baina denetarik egongo da edukien artean”, ohartarazi du Noyak. Azaldu duenez, Kaleka kaleko antzerki jaialdi gisa jaio bazen ere, orain dela urte batzuk izaera berriztu eta kale jaialdi bilakatu zuten: “Horrek aukera gehiago ematen dizkigu, antzerki lanez gain beste hainbat eduki eta formatu ere eskaini ditzakegulako”. Kaleko edozein ikuskizun.

Emaitzarekin pozik dauden arren, aurten aniztasun hori bermatzea “inoiz baino zailagoa” izan dela aitortu du kultur teknikariak, mugikortasun arazoak direla-eta atzerritik ekarritako taldeen presentzia “murriztu” egin behar izan dutelako. Izan ere, egitarau zabala osatzeko, nazioarteko talde eta konpainiengana jotzen du Kaleka jaialdiak. “Kanpotik ekartzen ditugun taldeek hemen ohituta ez gauden ikuskizunekin gozatzeko aukera ematen digute; xarma berezia ematen diote jaialdiari”.

Bestalde, edukiei dagokienez, gaueko emanaldiak nabarmendu ditu Noyak, aparteko kutsu bat dutelakoan: “Arrakasta handien izaten dutenak dira. Aurten, gaueko emanaldi bakoitza elementu batekin lotuta egongo da. Beraz, sua, airea eta ura izango ditugu gauean presente”.