“Aldarrikatzen dugu Gaztelugatxe ezin dela bahituta egon”

“Aldarrikatzen dugu Gaztelugatxe ezin dela bahituta egon”

Natalia Salazar Orbe

Uztailarekin batera itzuli dira bisitariak Bermeoko Gaztelugatxeren inguruetara. Hilaren hasieran ireki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Urizarreta eta Ermu artean ibilbide zirkularra egiteko aukera. SOS Gaztelugatxe plataformak begi onez ikusi du irekitzea, baina eremua kudeatuko duen batzorde bat behar dela azpimarratu du Eider Gotxi kideak (Bermeo, 1974).

Albiste ona deritzozue Gaztelugatxera joateko eremua irekitzeari?

Hasieratik oso arraroa egin zaigu kontu hau. Lur jausiak urtarrilaren 7an gertatu ziren. Aurretik, azaroan ere, egon ziren beste batzuk, baina urtarrilaren 7koa izan zen handiena. Bat-batean, Gaztelugatxe guztiz zarratzeko erabakia hartu zuten. 2009an, Bi-3031 errepidea erori zitzaigun, Lurgorri eta Eneperi bitartean. Orduan ez zuten zarratu Gaztelugatxe. Errepidea bai, baina Gaztelugatxera oinez joateko aukera zegoen. Ingurunea ez da aldatu. Aldatu den gauza bakarra bisitari kopurua da. Garai hartan, Bakioko eta Bermeoko bizilagunak joaten ginen Gaztelugatxera. Egoera hori kudeatzea oso erraza zen. Gaur egun, bisitari kopurua itzela da. Egoera hori kudeatzea oso zaila da, eta hartzen dituzten erabakiak ere muturrekoak dira.

Zer aldarrikatzen duzue?

Gaztelugatxe ezin dela bahituta egon. Ezin daitekeena izan da San Joan egunean bermeotarrek edo bakiotarrek Gaztelugatxera heltzeko aukerarik ez izatea, eta uztailaren 1ean inguruak bisitarientzako zabaltzea. Zati bat jausi bada, zati hori zarratu beharko dute. Baina beste guztia zabaldu egin beharko da.

EH Bilduk Gaztelugatxerako tiketak eskuratzeko sistemari buruz galdetu zuen Batzar Nagusietan, bidaia antolatzaileek asko eta asko hartzen zituztelakoan. Amaia Antxustegi foru diputatuak azaldu zuen iruzur hori eragozteko neurriak hartu dituztela. Besteak beste, eskatzaileari kontrol galderak egingo dizkio sistemak. Nahikoa deritzezue neurriei?

Arazoa guk egin genuen publiko. Bidaia antolatzaile horiek hainbat erreserba egiten zituzten, eta gero saldu. Tiketen kontu hau aldundiaren esku dago; hark kontrolatu behar du. Izugarria da horrelakoak gertatzea. Izugarria da doako gauza bat dirua ateratzeko iturri izatea batzuentzat. Kontu hau publiko egin denean, aldundiak neurri batzuk ezartzeko konpromisoa hartu du. Okerrena da publiko egiten denean hartzen direla neurriak. Publiko egiten ez bada, badirudi berdin duela. Espero dugu eman zuten erantzuna betetzea. Doakoa izatea erabaki bada, doakoa izan behar da. Eta, bestela, beste erabaki batzuk hartu behar dira.

Hainbat babes neurri diru Gaztelugatxek. Neurri horiek babestu behar dutena bateragarria da turismo jasangarriarekin eta azken urteetako bisitari kopuru handiekin?

Ez. [Babes neurrien] Izendapenak izatea beti da positiboa. Paisaia kulturalaren izendapenari buruz, esker oneko hitzak besterik ez ditugu. [Eusko Jaurlaritzako] Ondasun Sailak egindako lana garrantzitsua izan da, baina prozeduretan ez dira fin ibili. Beraiek ere onartu dute. Komunikabideen bidez izan genuen paisaia kultural izendapenaren berri, guk aurkeztutako alegazioei erantzun aurretik. Bermeoko Udala ere horrela enteratu zen.

Orain, kontuan izan behar dugu izendapen horiek erakartze efektua ere sortzen dutela, eta horrek beldurtzen gaitu. Horixe izan zen 1998an Gaztelugatxe biotopo izendatu aurreko prozesuan planteatutako galdera bat. Zergatik babestu behar dugu orain arte babestu barik ondo kontserbatu den gune bat? Izendapen bat ematen diozunean, biotopoarena kasu, biotopo izateagatik bakarrik bisitariak erakartzen ditu. Bestalde, izendapen horiek babes neurri batzuk ezartzen dituzte. Guretzat, babes neurri horiek betetzea da garrantzitsuena. Eta ikusi dugu praktikan babes neurri horiek askotan ez dituztela betetzen, edo ez betetzeko nahia izaten dutela.

Inguruan egin nahi zuten aparkalekuari buruz ari zara?

Bai, Urizarretako aparkalekua proposatu zuten hantxe bertan. Erakundeak badira babes neurriak betetzen ez dituztenak, hori arazo bat da. Ahalik eta izendapen gehien lortu behar dira, zeren beti baitira positiboak, baina izendapen horiei lotutako arauak bete eta betearazi behar dira; bai erakundeek eta bai herritarrek.

Gaztelugatxeko biotopoa babesteko patronatua sortzeko eskatu zenioten Bizkaiko Foru Aldundiari. Zertan da eskaera?

Mozio bat aurkeztu genuen Bermeoko Udalean, joan den apirilaren 28an. Puntuetako bat batzordeari buruzkoa zen. Gaztelugatxeren kudeaketaz arduratuko den batzorde bat sortzeko eskatzen dugu. Egokiena izango litzateke Foru Aldundiak, Jaurlaritzak, Bermeoko eta Bakioko udalek, Kosta Mugapeak, Elizak eta hainbat adituk parte hartzea. Izan ere, Gaztelugatxen hainbat eremu kudeatu behar dira, eta ezin da bakoitza bere aldetik kudeatu. Mozioa maiatzaren 28an eztabaidatu zuten. Gu ez gintuzten gonbidatu. EAJko alkateak esan zuen puntu guztiekin ados dagoela, baina, puntu horiek betetzen ari direnez, kontra bozkatuko zuela. Esan zuen aldundia eta Bermeoko eta Bakioko udalak behar zen guztietan batzen zirela. Hori jendeari barre egitea da. Udalak beti sinetsarazi nahi digu koordinazioa ona dela aldundiarekin, erabakiak hartzeko lantalde bat dagoela. Ez da egia.

Udalek ez dute erabakitzerik?

Ekainaren 10ean Bermeoko eta Bakioko udalak aldundiarekin batzartu ziren. Udal biei esan zieten ibilbide zirkular bat zabalduko zutela uztailaren 1ean; uztailaren amaieran, berriz, Ermu eta Eneperi arteko ibilbidea zabaltzea zen asmoa, eta, azkenik, urrian ermita. Udalek aldundiak esandakoa onartu besterik ez zuten egin.