Irakurlea

Irakurle porrokatua zen. Gaztetan idazle izatea zuen amets, baina talentu edo kemenik ez ,eta bulegari aritu zen, kalera bota zuten arte. Sos batzuk irabazteko asmoz, estatuarena egitea erabaki zuen: astronautaz edo bakeroz mozorroturik, geldi-geldi egoten diren horiek. Pertsonaia aukeratu zuen: irakurlearena egingo zuen, liburua esku artean. Norbaitek txanpona eman eta berak orria pasatuko zuen, esker oneko irria eskainiz. Liburu berria erosteko aitzakia izango zuen, hartara. Liburuak zituen kapritxo bakarra, baina aspaldi ez zion bere buruari gastu hura baimentzen. Liburuaz gain inbertsio gutxi behar zuen: traje eta aulki zaharrak gris metalikoz pintatzeko spray-a eta aurpegia margotzeko barra bat.

Gabon garaia zen; kaleak pil-pilean alde zaharrean. Kapela lurrean ipini, eta liburua esku artean zuela eseri zen andrea, gelditasun osoan. Laster konturatu zen ez zuela plantarik egin behar; irakur zezakeela, keinurik egin gabe. Gutxienez ez zen aspertuko. Lehen orria ziztu batean irakurri zuen, baina hurrengora pasatzeko itxaron behar. Lasterrera norbaitek txanpona bota eta orria pasatu ahal izan zuen: beste bi orrialde irakurtzeko parada.

Goiza ondo joan zen. Batzuetan denbora luzez itxaron behar zuen orria pasatzeko, baina, orohar, erritmo onean ari zen irakurtzen. Liburua zinez interesgarria zen. Eguerdia heldu zenerako, ia erdia irakurria zuen. Hain zegoen liburuak harrapatua, bazkaltzeko atsedenari uko egin ziola.

Eguerdian, jende gutxiago ibili zen, eta irakurketa mantsotu zen, baina arratsaldean erritmoa bizkortu zen berriro. Alde zaharreko dendak itxi zituztenerako, kapitulu bakarra falta zitzaion. Gainontzeko estatuak, kaleko musikariak eta malabaristak joanak ziren. Berak ezin zituen begiak liburutik aldendu.

Gauerdiek jo zutenean, dozena bat orri falta zitzaizkion. Elurra hasi zuen, mara-mara. 02:00etan, sei orri falta zitzaizkionean, mozkor batzuek txanponak lapurtu zizkioten. 03:00etan, azken taberna zuloak itxi zituzten. Barre egin zioten zurrutero berantiarrek, andrea kalean bakarrik eta geldirik ikusi zutenean. Aspaldi orria pasa gabe eta elurra pilatua zuen liburu gainean. Batek txanpon bat bota, eta irakurleak liburu gaineko elurra garbitu eta orria pasa zuen. Azken-aurrekoa. Zurruteroek txalo egin zioten. 06:00etan, kale garbitzaile batek aurkitu zuen. Izoztua. Estatuarena modu ezin hobean egiten.

Bere lehengusu txikiak kontatu dit istorioa. Bukatu eta berehala, ea zenbat ordainduko diodan galdetu dit. Harritu aurpegia jarri diot. Berak, badakiela pertsonaia ehiztaria naizela eta ea uste dudan pertsonaia hau debalde aterako zaidala. Senide alproja horrek zorrak baino ez zituela herentzian utzi, eta sikiera bere istorioagatik zerbait kobratzeko eskubidea baduela, eta bla, bla, bla.

Altxatu egin naiz ni. Istorioa erabat sinestezina dela, eta ez diodala ezer ordainduko. Egunkari zahar bateko orri bat erakutsi dit berak, haserre. Artikuluak bat egiten du istorioarekin zenbait gauzatan: heriotza, estatuarena egitea, liburua, elurra haren gainean… Baina irakurtzeko grina absurdo hori? Mesedez! Joateko beste batengana ipuin horrekin. Bihotzeko batek jota hilko zen seguru aski, edo hotzak… Eta nik ez dudala gezurrengatik ordaintzen.

Han utzi dut lehengusua aho zabalik. Espero dut zutabe hau ez irakurtzea. Bestela, kontuz ibili beharko naiz kaletik.