Euskara sustatzeko sarerako deia

Euskara sustatzeko sarerako deia

Natalia Salazar Orbe

Ur tanta bakar batek ez du bustitzen, ez du irauten, ez du ezer osatzen; ezerezean ito eta galdu egiten da. Milaka ur tantek, ostera, ozeanoa osatzen dute. Metafora hori baliatuta, euskararen erabilerari dagokionez norberak duen erantzukizuna eta gaitasuna irudikatu nahi dute Uribe Kostan. Bide horretatik, norbanakoei beren ur tanta ematera dei egin diete, eta tantaz tanta euskarazko ozeanoa osatzeko gonbitea egin du bertako mankomunitateak.

Euskararen ezagutza eta erabilera indartuko dituen estrategia berria aurkeztu zuten, barikuan: Euskara sustatzeko bidea berreraikitzen lemari jarraituta, eskualdean euskara sustatzen lagunduko duen estrategia integratzailearen bidez euskararen komunitatea saretzea du helburu egitasmoak. Horretarako, Uribe Kostako eragile sozialen eta instituzionalen arteko elkarlana bultzatuko du mankomunitateak.

Uribe Kostan Euskara Sustatzeko Estrategia 2021 aurkeztu berri dute. Datozen urteei begira eskualdeak euskararen alorrean dituen erronkak, helburuak eta horiek betetzeko zehar lerro eta jarduerak jaso dituzte bertan.

Euskara zabaldu

Josu Landaluze Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko presidenteak estrategiaren aurkezpenean azaldu zuen eskualdea euskalduntzeko bidean orain arteko estrategiak berrikusi ez ezik, garai berrietara egokitzeko beharra ere ikusi dutela. Estrategiak indartu, ahalik eta gehien adostu eta zabaldu behar direla adierazi du. “Estrategia berri honen helburu nagusiak zein diren argi dugu: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, handitzea. Euskararen doinua gero eta ozenago entzun nahi dugu gure kaleetan, herriko plazetan, gure kostaldeko mendi eta hondartza eder hauetan. Horretarako, adostasun zabal batean oinarritutako bultzada berritua eman nahi diogu. Modu eraikitzailean planteatu nahi dugu estrategia berria”.

Eskualde osoan euskararen erabilera eta ezagutza indartzeko helburuak lortzeko bost oinarri ezarri eta aurkeztu dituzte. Batetik, dinanika integrala landu nahi dute eskualde osoan. Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urdulizek bat egingo dute dinamika bateratu batean. Mankomunitateko euskara zerbitzuak koordinatuko du.

Bestetik, euskararen komunitatea saretuko dute. Euskaltzaleen eta euskara erabili nahi dutenen arteko sarea ehunduko dute. Helburua da “euskararen komunitatea saretzea, kideak trinkotzea, informatzea eta elkarren arteko harremanak indartzea”.

Eragile sozialen eta politikoen arteko elkarlana da beste oinarrietako bat. Gizarte eragileak eta euskaltzaleak bidelagun nahi dituzte. Gainera, udal guztietan hizkuntza politika eraginkorren beharra ere azpimarratu dute.

Horrez gain, adin eta sektore guztientzako egitasmoak garatuko dituzte. Euskararen ezagutzari eta erabilerari balioa emango diete, eta indartu egingo dituzte. Bide horretatik, ariguneak berreskuratu eta sortzea sustatuko dute. Azkenik, Uribe Kostan Euskaraz Blai komunikazio plana aurkeztu dute. Azaldu dutenez, eskualdean euskararen komunitatea eta dinamika identifikatzeko marka izango da. Webgune bat ere sortuko dute.

Estrategiak eragina izan behar duen sektoreak sailkatu dituzte, eta horietan zer landu behar duten zehaztu dute. Besteak beste, gazteen artean euskararen erabilera eremu ez-formaletan sustatu behar dela jaso dute. Baita aisialdian eta kulturgintzan ere. Kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko helburua ezarri dute. Eta administrazioan zerbitzu hizkuntza euskaraz ere eskaintzea bermatuko dute. Lan munduari erreparatuta, erosketak euskaraz sustatzea eta zerbitzua euskaraz eskaintzea lortu gura dute.

Euskaraz Blai

Estrategia berriaz gain, Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak Uribe Kostan Euskaraz Blai marka berria ere aurkeztu zuen ekitaldi berean. Mankomunitateko ordezkariek azaldu zutenez, eskualdeko eragile guztiekin batzartuko dira datozen aste eta hilabeteetan, eta haiekin partekatuko dituzte estrategia berriaren helburuak eta oinarriak.

Eragileoi eskualdeko euskararen komunitatea osatzeko gonbidapena luzatuko diete. Bide batez, Uribe Kostan Euskaraz Blai marka hedatzeko eta gizarteratzeko egitasmoak egiteko proposamena ere egingo diete.