Emakumeena da oholtza

Emakumeena da oholtza

Zihara Jainaga Larrinaga

“Arte eszenikoetan genero eta desberdintasun arrakala handia dago. Eusko Jaurlaritzak 2018an egindako azterlan batek hala berresten du”, adierazi du David Baskaran Kuluxka antzerki taldeko partaideek. “Bizitzaren alderdi eta sektore sozial eta ekonomiko askotan bezala”, gaineratu du Encarna Delgado kideak. Hori horrela, Euskal Herriko emakume antzezleen lanari balioa eta ikusgarritasuna emateko eta antzokietako programatzaileek zein hedabideek ezagutu ditzaten, NeskArtfest emakumeentzako arte eszenikoen lehenengo jaialdia antolatu du Kuluxka antzerki taldeak Urduñako Udalarekin batera. Gaur eta bihar egingo dira emanaldiak hirian. Eszenan ematen den generoen arteko aldea laburtzeko lehen saio gisa azaldu dute ekimena Kuluxka antzerki taldeko kideek.

Arte eszenikoen eta antzerkiaren elkarte bat da Kuluxka. Orozkon sortu zen duela hiru urte, eta antzerkirako grinak eta gizarte gaiek batzen ditu partaideak. Kuluxkak arte eszenikoak erabiltzen ditu eskubideen defentsarako tresna gisa; errefuxiatu taldeekin lan egin du, besteak beste. Halaber, Carlos Beren Llueven vacas obran indarkeria matxistaren gaia jorratzen dute. Nolabait, NeskArtfest Kuluxka osatzen duten oinarrien beste hanka bat da.

“Duela bi urte Orozkon izandako ekitaldi baten harira, konturatu ginen emakume askok gauza interesgarriak egiten dituztela eta ez dutela elkar ezagutzen. Ikertzen hasi ginen, eta ikusi genuen gai bat bazegoela; pixkanaka sakontzen hasi ginen, harik eta aukera hau eman zen arte”, adierazi du Baskaranek. Arte eszenikoetan sortzaile diren emakumeen jaialdi bat antolatu nahi zuten, sortzaileek beraien lanak erakusteko, zabaltzeko, programatzaileak ezagutzeko, desberdintasunak salatzeko, eta, aldi berean, egiten dutenaren kalitatea erakusteko. “Oso egitarau ona egitea lortu dugu, arte eszenikoetako alor ezberdinak landuko dira. Apalki eta zintzoki uste dugu ekarpen bat egingo dugula”, adierazi du Delgadok. Lehen aldia izanik, oso jaialdi apala dela adierazi dute antolatzaileek. “Horregatik, azpimarratzekoa da Urduñako Udalaren eta, batik bat, Soledad Lezameta Berdintasun zinegotziaren jarrera”.

Lo que me sale de la concha

Hainbat aukera

Jaialdian parte hartzeko hamabost eskaera izan zituzten guztira, eta horietatik sei funtzio ikusi ahalkoko dira egunotan Urduñan. Guztietan, antzezlanaren, zuzendaritzaren edota kreazioaren pisua emakumeek izatea izan da parte hartzeko baldintza nagusia. “Gizonak egon badaude, baina bigarren maila batean”. Jaialdia gaur arratsaldean hasiko da, genero berdintasunari buruzko foro batekin. Besteak beste, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta antzokietako programatzaileak izango dira Urduñako Alondegian. Ondoren, zezen plazan, Cristina Calvok emakume ahaldunduari buruzko lan bat aurkeztuko du: Lo que me sale de la concha. “Bera bakarrik aterako da agertokira proposamen oso interesgarri, dibertigarri eta garratz batekin. Eszenaratzea ere oso originala da”, azaldu du Baskaranek.

Bihar goizean, Cristina Arias aktoreak haurrentzako tailerrak gidatuko ditu Andra Mari plazan. Eguerdian, Tepsis Teatrok ¡Despierta! Retablos de la vergüenza lanarekin hainbat eszenaratze egingo ditu. Eta horietan publikoak aktoreekin gizarteko hainbat gai kritikoren inguruan hitz egingo du. Arratsaldean, Los Caminos de la vida antzezlanarekin jarraituko dute zezen plazan. Artea Sareko emakumeek ondu dute antzezlana. Ahalduntze tailerrak egin zituzten Arteagan emakume errefuxiatuek, eta antzezlan bat sortu zuten. Hala, talde hasiberria da, emakume marokoar batek, kolonbiar batek eta georgiar batek osatua. Euskal Herrira heltzean izandako gorabeherak kontatzen dituzte antzezlanean. Ondoren, Andra Mari plazan, Ido lo ca Almeriako (Andaluzia, Espainia) konpainiaren txanda izango da. Clown nahasketa bat aurkeztuko dute, malabarismoa eta arte eszenikoen hainbat lan ildo uztartzen dituena: Qué circo de mujer. Kaleko antzerki dibertigarria dela adierazi du Baskaranek. Eguna amaitzeko, Avril Teatro Breve konpainiaren Avril antzerki laburra izango da ikusgai eta ostean Las Lentejas musika taldearen kontzertuarekin agurtuko dute jaialdia.

Despierta! Retablos de la vergüenza

Ikuskizun guztiak gaztelaniaz izango dira; antolakuntzatik adierazi dute jasotako hamabost lanetatik bi bakarrik izan direla euskaraz eginak. Bi horiek aukeratuak izan badira ere, azkenean ezingo dute parte hartu bestelako arrazoi batzuengatik. Halaber, Kuluxkako kideek egindako ikerketek berretsi dute emakumeentzat berez zaila bada gaztelaniazko lanetan berdintasuna lortzea, euskaraz askoz zailagoa dela. Jaialdiaren oinarrietan izan ere, gutxienez %30a euskaraz egitea eskatzen zen, baina ezin izan dute bete. “Oro har euskaraz gutxiago programatzen da; are gehiago, emakumeek gizonezkoek baino askoz zailago dute lana aurkitzeko. Euskal Herria txiki geratzen zaie, eta kontratatu ditzaten Cadizeraino [Andaluzia, Espainia] joaten dira batzuk”, salatu du Baskaranek. Epe laburrean hori aldatzea nahi luke, eta NeskArtfest bidez, gainera.

NeskArtfestek aldaketan lagundu nahi du, berdintasuna lortzeko gurpila apur bat gehiago bultzatuz. “Lehenengoa da, eta ez da azkena izango. Egunen batean berdintasuna lortzen bada, jaialdi hau oroigarri gisa geratuko da”. Antolatzaileen asmoa da datozen edizioetan jaialdia handiagoa eta hobea izatea; adibidez, foroan ateratzen diren ondorioek zer bilakaera duten ikustea.